→Basauri

Sahara eta Euskal Herriaren artean zubi lanean dihardu Etxebarriko Munduaz Blai Elkarteak

etxebarri munduaz blai sahara bidaia 2015 ane elordi

Etxebarriko elkartea orain dela bost urte egonkortu zen eta geroztik urtero, birritan gehienez, Saharara bidaiak antolatzen ditu. GEURIA Ane Elordi eta Alazne Molinuevo kideekin hizketan izan da. 

Orain dela zazpi urte hasi zen Etxebarriren eta Sahararen arteko harremana sendotzen. 2008. urtean Loren Oliva -gaur egungo Etxebarriko alkatea- Echderiara (Aljeria) joan zen egoera nolakoa zen ikustera eta ordutik bi herriak senidetuta daude. Etxebarriko Udalaren helburua udalerriko gazteak Mendebaldeko Saharan bizi duten egoeran inplikatzea izan da. Horiek horrela, 2009an Etxebarriko hamabi laguneko taldea Saharara joan zen. Bidaiatik bueltan, eskaini behar zuten laguntza antolatuagoa izateko helburuarekin elkarte bat sortzea pentsatu zuten. 2010ean elkartearen sorrera errealitate bihurtu zen: Munduaz Blai.

Elkartearen hasierako pausoak zortzi gazteek eman zituzten, baina taldea handitzen joan zen 2010. urtean bertan: “Ikastaro bat egin eta gero, beste lau edo bost lagun batu ginen eta guztien artean Saharara urte bereko abenduan nortzuk bidaiatuko genuen erabaki genuen”, dio Alazne Molinuevo Munduaz Blai Elkarteko lehendakariak. Elkartearen aurreneko urtean 15-20 kide zeuden, “baina denborarekin murriztu egin da kopuru hori”. Gaur egun hamabi lagunek osatzen dute Munduaz Blai: Etxebarriko Lur Gonzalez, Paula eta Aida Ibañez, Miguel Alfonso Andres, Isabel Sanchez, Iker Aginaga, Amaia Oyarzabal, Igor Franco eta Bachir Haboub, Basauriko Garazi Rodriguez eta Alazne Molinuevo, eta Zornotzako Ane Elordi.

Alde batetik, “Saharar herriak daukan arazoa eta gatazka euskal gizartean eta Hego Uribe eskualdean zabaltzea” eta, bestetik, “jendearen sentsibilizazioa bilatzea” dira, Ane Elordi kidearen esanetan, Munduaz Blai Elkartearen helburu nagusienetakoak. Era berean, helburu gizatiarragoa ere lantzen dute: “Sahararren beharrizanak asetzeko oinarrizkoena lortzea”. Elordik dioenez, “gu sahararren bozgorailua gara. Bertan bizi duten egoera eta gatazka hemen azaldu behar dugula esaten digute. Zentzu batean, hori da gure betebeharra”.

BIZI DUTEN EGOERA AZALDU BEHAR DUGULA ESATEN DIGUTE
Ane Elordi
Munduaz Blai elkarteko kidea

HAMAIKA BIDAIA, HAMAIKA PROIEKTU

Alazne Molinuevoren esanetan askotariko bidaiak egin izan dituzte Saharara. Beti abenduan edota apirilean. Hasiera batean Echderiako alkatearekin elkartzen ziren eta bertan behar ziren gauzei buruz hitz egiten zuten, ondoren lanean hasteko: “Adibidez, haurtzaindegi bat zaharberritu genuen hasierako bidaia horietan. Gero, proiektu handiagoetan parte hartzen saiatu gara, baina konturatu gara elkartea oso txikia dela eta jasotzen dugun diru-laguntza ez dela nahikoa proiektu horietan finkatzeko”, dio Molinuevok.

Horren ondorioz, proiektu txikiagoetan parte hartzea erabaki zuten. Haurtzaindegia konpontzen amaitu zutenean bertakoek esan zieten haur eta ume gehienak gosaldu barik joaten zirela eskolara eta orduan hasi ziren “Elkartasun Gosariak” proiektua lantzen: asteko hiru egunetan gosariak ematean datza. Egun, proiektua asko hedatu da eta hainbat haurtzaindegitan burutzen dute.

PROIEKTU HANDIAGOETAN SARTZEN SAIATU GARA, BAINA TXIKIA DA GURE ELKARTEA
Alazne Molinuevo
Munduaz Blai elkarteko lehendakaria

2014ko abenduan Aaiunen izandako uholdeek utzi zuten hondamenean laguntzera joan ziren: hiru haurtzaindegitan aritu ziren lanean eta hondatu ziren etxeak eraberritu zituzten. Horren ondorioz, “SOiS proiektua”rekin hasi ziren Smaran (Echderia): egoera okerrenean dauden familiei bisitak egitean datza, horiei laguntza ekonomikoa helarazteko. “Smarara joaten garen bakoitzean etxe berera joan ohi gara. Azken finean guk han gure familia daukagu. Astebete ematen dugu bertan eta baliteke hiru egun Aainunera joatea. Izan ere, Bachir elkarteko kidea Etxebarrin bizi den aaiundarra da eta bere familia Aaiunen bizi da”, dio Elordik.

Errefuxiatuen kanpamentuetan gauzatzen dituzten proiektu eta jardueren artean honakoak egiten dituzte, besteak beste: Elkartasun Gosariak, SOiS proiektua, Bubisher (liburuak utzi), Brahim Mohamed eskolan materiala utzi, janaria haurrei banatu eta bertako familiei bisitak egin.

 

_______________

“ESKOLAN IZANDAKO NOTEN ARABERA LORTZEN DUTE GURERA ETORTZEKO AUKERA”

etxebarri munduaz blai sahara bidaia apirila 2015Ane Elordi kidearen esanetan, “Saharan bizi duten egoera benetan tamalgarria izanda ere, pozik bizi dira. Egia da hori ez dela euren lurra, baina inork ez daki noiz itzuliko diren lur askatuetara. Itxaropenik ez dute galtzen, baina ez doaz inora”.

Egoera politikoaren harira, “oso gutxi dira Marokoren kontra doazenak. Fronte Polisarioa badago, baina ez dauka indarrik gerra bat hasteko ere”, dio Alazne Molinuevok. Munduaz Blaiko lehendakariak argi du, “ezberdintasun handia” dagoela Euskal Herrira bizitzera etorri direnen eta Saharan gelditu direnen artean: “Saharan bizi direnak ohituta daude han bizitzen, ez baitute besterik ezagutzen; baina hemen bizi direnak, behin hemengoa ezagututa, ez daude inolaz ere ados Saharan bizi duten egoerarekin”.

Hezkuntza sistemari dagokionez, “oso ona” dela aitortu dute Munduaz Blaiko kideek. “Ume guztiak daude eskolatuta eta DBHra arte egiten dituzte ikasketak. Horren ostean, Algeriako barnetegi batera joateko aukera dute, baina urtebetean ezin dute etxera itzuli, bi eguneko bidaia baitute haraino”. Eskolan lortzen dituzten kalifikazioen menpe daude gainera; izan ere, horren arabera eskuratzen dute udan Euskal Herrira etortzeko aukera.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak