→Basauri

[Sakonean] Lau fantastikoak

Jesus Lizaso, Koldo Etxebarria, Victor Sarriugarte eta Luis Miguel Gómez. Lau basauriar artisten lanak agertzen ditu Gure Artean erakusketak

Basaurik artearekin lotura handia duela nabarmena da. Urteetan zehar hainbat dira arte plastikoen alorrean aritu izan diren auzotarrak. Horren adierazgarri, hamaika erakusketa-gela izatea herrian sakabanatuta, garrantzitsuena Arizko Dorretxean.

Bertan Gure Artean erakusketa dago ikusgai hilaren 31ra arte. 2015ean sortutako proiektua da eta urtero antolatzeko helburua dute antolatzaileek. “Basauriarrei gogorarazteko eta herrian bertan zer sortzen den jakinarazteko egin dugu Gure Artean”, dio Hilario Mozo proiektuaren koordinatzaileak: “Ekimen izugarria eta polita da eta gogotsu ekin diogu bai koordinazio aldetik bai artisten aldetik”.
Andoni Busquet Basauriko alkateak dioenez, “Basauriar askorentzat ezezaguna da gure herriaren kultura- eta arte-ondare oparoa. Izan ere, ugariak dira Basaurin jaio edota hazitako artistak. Horiek horrela, Udaletik eta Kultur Etxetik dagokien balioa aitortu nahi diegu haien ibilbide eta lanei”.

31
urtarrileko azken egunera arte, 31ra arte, ikusgai izango da erakusketa Basauriko Arizko Dorretxean

Profetak atzerrian

Erakusketaren xedea “herriko artista plastikoen lanak erakustea da. Horretarako, urtero erakusketa bat egingo dugu”, dio Busquetek.

Lehendabiziko edizioan lau artistak parte hartu dute: Victor Sarriugarte, Luis Miguel Gómez, Koldo Etxebarria eta Jesus Lizaso. Ez dira Basaurin jaio, baina bai hazi eta hezi: “Aurreneko erakusketa izanda herriko artista ezagunenak aukeratu ditugu. Baina ezagunagoak dira gure mugetatik kanpo gure etxean baino. Horri buelta ematen saiatuko gara”, dio Mozok.

Oinarrietan sakontzen

Gure Artean erakusketak disziplina ezberdinak nahasten ditu. Aurten, hiru margolari eta eskultore bat dira protagonistak, baina bakoitzaren obrak berezko ñabardurak ditu. Adibidez, Sarriugarteren margoen oinarria eragile etnografikoak dira eta kultura-ondarearen biziraupena, batik bat, Euskal Herrikoak.

Gomezenak, ostera, irudi hipnotikoak dira. Momentu bat jasotzen dute, esaterako, neska baten begirada edo ume baten pentsamenduak ospitaleko ohean etzanda. Egunerokoaren ikuspuntu introspektiboa lortzen du: jolas metaforikoak, ideien eta kontzeptuen antitesiak, hiperbole bisualak; eta deskribapen sentsorialak.

Etxebarriaren kasua berezia da oso: pertzepzioaren errealitatetik haratago doa, 3D teknologia baliatuta, eta izaera metafisikoko arauetan murgiltzen da: etengabeko orekaren adierazpen osoa ageri da bere lanetan, izoztutako uneak dira.Ikusleari eskatzen dio inguruko egiturak, munduari lotutakoak, gainditzeko, eta goitik begiratzeko.

Lizaso da pintorea ez den bakarra. Egurra edo burdinarekin eskulturak egiten ditu eta horiekin herrien bilakaera ekonomikoa eta soziala erakusten dute Lizasoren obrek. Esaterako, egurrez egindako hagin zurruneko engranajeak ikus daitezke erakusketan.

Hemendik aurrerakoak

Gure Artean ez da urte bateko kontua. Urteroko erakusketa izango da. “Basaurik dituen artista guztiekin zerrenda bat egin behar dugu”, dio Hilario Mozok: “Artista asko ditugu, baina gutxi batzuk baino ez dute horien berri”.

Iñigo Sarriugarte Victor Sarriugarteren anaia da eta erakusketaren liburuxka idatzi eta abenduaren 21ean egindako aurkezpenean presente egon zen: “Baliteke ekimen honek luze irautea, ugariak eta interesgarriak baitira herriko sortzaileak. Gainera, etengabe sustatu beharko genituzke gure artisten obrak. Erakusketa honek balio dezake herriko kultura-ondarearen banku interesgarria sortzeko”.

Hain zuzen ere, hori da Gure Artean ekimenaren helburuetako bat: Basauriko artistak ezagutaraztea, baita euren lanak ere. Andoni Busqueten esanetan, “datozen urteotan horrelako erakusketa gehiago antolatzeko asmoa dugu, Basaurik, zorionez, artista asko ditu eta. Ondare hori guztia ezagutzera eman behar dugu, transmititu egin behar dugu, gure iragana, oraina eta etorkizuna islatzen baititu”.



Dibujo

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak