Sareak

☉ Basauri

[Sakonean] Emakumeon bihotza

Marienea Basauriko Emakumeen Etxeak bost urte bete ditu ekainaren 28an. Ibilbide honetan zehar hamaika proiektu jarri dituzte martxan. Era berean, elkarte ugariren bilgune ere bada.

|

basauri marienea 2017 urteurrena sakonean ARG marienea

Marienea Basauriko Emakumeen Etxeak bost urte bete ditu ekainaren 28an. Ibilbide honetan zehar hamaika proiektu jarri dituzte martxan

Basauriko emakumeek eta herriko mugimendu feministak historikoki aldarrikatutako gunea da Marienea. Aurten bere sorreraren bosgarren urteurrena bete da. Hain zuzen ere, 2012ko ekainaren 28a da Basauriko Emakumeen Etxearen eraketa-data.

Berdintasun Arloak sustatutako udal zerbitzuak emateaz gain -Jabekuntza Eskola, Emakumeei Informazioa emateko Zentroa (EIZ), Batera Bikain (1era 2kain), Hezkuntza proiektuak eta Equitruke Denbora Bankua, besteak beste-, emakumeen elkarte ugariren bilgune ere bada [Irakurri Oihane Lopezi elkarrizketa].

AURREKARIAK BIDEA ERRAZTUZ

Anabel Sanz Berdintasun teknikaria da Basauriko Udalean. 2.000 urtean hasi zen bertan lanean eta momentu hartatik emakumeen elkarteko kideek Emakumeen Etxe bat aldarrikatu zuten: “Elkarte ezberdinetako emakumeek oso argi zeukaten Emakumeen Etxe bat Basaurin errotu behar zela”, dio Sanzek.

Lehen urrats haietan oso garrantzitsua izan zen Berdintasun Arloaren eraketa. Alderdi politiko guztiek aho batez onartu zuten berau sortzea”, dio Anabelek: “Inportantea da adieraztea baliabideak jarri zirela: aurrekontuaren zati bat bertara bideratu zen, baita giza baliabideak ere”.

Gauzak horrela, Berdintasun Kontseilua osatu zuten 2.000 urteko abenduan zenbait elkartek. Gaur egun elkarte hauek osatzen dute Berdintasun Batzordea: Ate Zabalik, Manuela Egiguren, Alargunen Elkartea, Basauriko Emakumeen Elkartea, Helduen Hezkuntzako emakume-taldea, Emakumeak Aniztasunean, Hemengo eta hango emakumeak, Enproa, Zure Ondoan eta Marienea Elkartea bera. Antolatzen dituzten jardueren artean daude martxoaren 8ko kanpaina (Emakumeen Nazioarteko Eguna), azaroaren 25eko kanpaina (Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna), San Fausto jaietan ekintza ezberdinak edota emakume sahararrekin elkartasun proiektua.

Egoitza baten beharra ikusita, Basozelaiko Gizarte Etxean biltzen hasi ziren, eta bertan Jabekuntza Eskolaren proiektua jarri zuten abian. “Etxe bat nahi genuen, baina zer egin bertan? Hori izan zen bota genuen lehenengo galdera eta proiektu errotzen hasi ginen”, dio Sanzek.

HAMAIKA PROIEKTU MARTXAN

Gaur egun 21 ikastaro ezberdin antolatzen dituzte Marienean, Jabekuntza Eskolaren bitartez. Hauek dira batzuk: Bizikletaz eta ahaldunduta; Neure bizitza, neure baldintzak; Trebetasunak trukatzea; Irakurmen adierazkorra; Autodefentsa feminista; Antzerki tailerra (clown ez sexista mutilentzat); Orientazioa mendian; Argazkigintza; Txalaparta; Feminismoa marrazten; Pelbis-zorua sendotzea; edota Dantza afro-kubatarra.

Gizartea berdintasunerantz eta feminismorantz aldatzeko ezinbestekoa da maila indibidualean nahiz kolektiboan batera egitea. Eta prozesu horretan Jabekuntza Eskolak laguntzen du”, dio Anabelek: “Horretarako, metodologia parte-hartzailea lantzen dugu”.

Halaber, Emakumeei Informazioa emateko Zentroa (EIZ), Batera Bikain (1era 2kain), Elkargunea, Sexu Informaziorako Bulegoa, Ekitruke, Hazi eta hezi, Zure Ondoan eta Basauriko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma kudeatzen dituzte Marieneatik.

2.000 urtetik hona saiatu gara proiektu ezberdinak aurrera ateratzen. Laborategi funtzionamendua beti dugu buruan. Hau da, herritarren partaidetza eta oniritzia bilatzeko zer beharko genuke? Eta erantzunen arabera proiektu berriak aurkeztu. Noski, ditugun baliabideak kontuan hartuta”, dio Sanzek.

Marieneak gaur egun hamar langile ditu, denak profesionalak: teknikariak, dinamizatzaileak edota administrariak. “Etengabe gaude pentsatzen zein proiektu egin dezakegun. Edo bestela, zein ekimeni buelta eman eta beste era batera formulatu”.

Basauriko Emakumeen Etxean gazteak erakartzeko antolatzen dituzten ekintzen artean indar gehien dutenak autodefentsa feminista tailerra eta Beldur Barik lehiaketa dira.

EMAKUME BORROKALARIEN IZENAK

Dolores Ibarruri, Elbira Zipitria, Polixene Trabadua edota Pepita Nuñez emakumeen izenek euren lekua dute Marienean. Denak izan dira emakume borrokalariak euren esparruetan eta bakoitzak gela bat dauka bere izenean.

Dolores Ibarruri -Pasionaria ezizenez ezagunagoa- bizkaitar politikari komunista izan zen. Elbira Zipitria zumaiarra euskal eskolen eta hezkuntza unibertsalaren aldeko borrokalari sutsua izan zen frankismo garaian. Polixene Trabudua hizlari abertzalea izan zen eta Sondikako eskolan, bere jaioterrian, euskara sartu zuen. Eta Pepita Nuñez irakasle izan zen Sevillan eskola publikoan.

Era berean, Basauriko emakume nabarmenenak ez dituzte ahaztu Marienean. Beti gogoan dituzte, besteak beste, Manuela Egiguren emagina eta Eskarabilerak izan zirenen ordezkariak.

☉ Basauri

Basauri Bonua kanpaina berria martxan izango da apirilaren 22tik maiatzaren 19ra arte

|

Bi bonu mota igorriko dituzte: bata 4 eurokoa, bezeroek 6 euro gastatu ahal izateko; eta bestea 10 eurokoa, 15 euro gastatzeko // Geuria

Basauri Bonua kanpaina berria abiaraziko du Udalak apirilaren 22tik maiatzaren 19ra bitartean. Guztira herriko 140 saltoki atxiki dira kanpainara, iaz baino zazpi gehiago.

Aurreko urteetan bezala, bi bonu mota igorriko dituzte: bata 4 eurokoa, bezeroek 6 euro gastatu ahal izateko; eta bestea 10 eurokoa, 15 euro gastatzeko.

Aurrekoetan bezala, bonuak ez dituzte formatu fisikoan aterako. Bonuak kanpainari atxikitako establezimenduetan eskuratu behar dira, eta gehienez ere 60 eurora arteko bonuak erosi ahal izango dira NAN/IFZ/AIZ bakoitzeko. Ezin izango dira diru-truke aldatu eta, erabiltzen ez badira, ez da dirua itzuliko.

Kanpainara atxiki diren establezimenduen zerrenda apirilaren 22an bertan publikatuko dute bono.basauri.eus webgunean. Hala ere, saltoki bakoitzak Basauri Bonua identifikazio-eranskailua izango du.

100.000 euro gehiago

Basauriko Udalak 300.000 euro bideratu ditu aurtengo kanpainara, iaz baino 100.000 euro gehiago.

“Guztira 300.000 euro bideratuko ditugu ekimen honetara, baina udalerrian izango duen inpaktu ekonomikoa askoz ere handiagoa izango da, bezero bakoitzak bonua eskuratzean eta erosketa egitean ordaintzen duen kopurua gehitu behar baitzaio kopuru horri”, diote udal ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Meeting Probak maiatzaren 5ean izango dira Artunduagako kiroldegian

|

Proba Nazioarteko Batzorde Paralinpikoaren Nazioarteko Atletismo Egutegian sartuta dago // Geuria

Basauriko Meeting Probak maiatzaren 5ean, igandez, izango dira Artunduagako kiroldegian 09:00etatik aurrera. Aurten 26. edizioa da eta guztira 40 proba izango dira, tartean kategoria paralinpikokoak.

Izan ere, proba Nazioarteko Batzorde Paralinpikoaren Nazioarteko Atletismo Egutegian sartuta dago, eta, beraz, meetingaren emaitzek errekorretarako eta KPIren rankingerako balioko dute.

Basauriko Meeting Probetan parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago apirilaren 21era arte. “Beharrezkoa da atletek, gidariek eta entrenatzaileek izena emateko inprimakia betetzea”, diote batzorde antolatzailetik.

Meetinga Basauriko Merkatari Elkarteak antolatzen du, Udalaren laguntzarekin.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauri metro geltokia itxi dute “sute txiki” batengatik

|

basauri metro bilbao 2016 bost urte
Basauriko metro geltokia // Artxiboko irudia, Geuria

Arazo teknikoak direla eta, Etxebarri eta Basauri geltokien artean zerbitzua eten egin du Metro Bilbaok. Gainera, Basauri geltokia itxita egongo dela adierazi dute, “beste abisurik eman arte”.

Suhiltzaileek jakinarazi dutenez, “sute txiki bat” piztu da metro trenaren gainean, eta adierazi dutenez Metroko langileek eurek amatatu dute.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Thailandian gaixo dagoen basauriarra ekartzeko hegazkin medizalizatua prestatzen ari dira

|

Alex Garcia, Usoa Martinez bere emaztearekin batera //

Alex Garcia Galas basauriarra (Basauri, 36 urte) pankreatitisak jota gaixorik dago Bangkokeko (Thailandia) ospitale batean.

Otsailaren 25ean ospitaleratu zuten Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU) eta ordutik bere senideak Euskal Herriratzeko ahaleginetan dira.

Alexen ingurukoek zabaldu dutenez, familiak, “etsi-etsian”, hegazkin medikalizatu bat kontratatu zuen bertara ekartzeko, baina ez zioten hegan egiten utzi, “barne-odoljario larria izateko arriskua” baitzegoen.

Familiak 221.000 euro jarri zituen hegazkin medikalizatu hori kontratatzeko, baina ezin izan dutenez erabili, diru hori galdu dute.

Gauzak horrela, crowfunding kanpaina bat abiarazi dute Alexen lagunek eta senideek. Momentuz 91.371 euro bildu dituzte.

Defentsa Ministerioarekin harremana

Alexen senideak Margarita Robles Defentsa ministroarekin harremanetan jarri ziren aste hasieran eta horrek egoera aztertuko zuela adierazi zien.

Orain, Eitb-k jakinarazi duenez, Defentsa Ministerioak baieztatu du pankreatitisa duen gaztea Espainiaratzeko (Madrilera eramango lukete) hegazkin medikalizatua prestatzen hasi direla, baina oraingoz ez dutela datarik zehaztu.

Diru bilketa Basaurin

Estatuko zein Euskal Herriko hainbat herritarrek dohaintzak egin dituzte. Momentuz 91.371 euro bildu dituzte eta asmoa da 221.000 eurora iristea.

Basaurin El Maño Basozelaiko Auzo Elkarteak kanpaina bat jarri du martxan dirua biltzeko: “Basozelaiko Auzo Elkartetik gure babesa adierazi nahi diogu gure bizilagun Alexen familiari eta datozen egunetan zehaztuko ditugu egingo ditugun ekitaldi solidarioak”, diote.

“Basozelaiko saltokietan itsaulapikoak jarriko ditugu Alexen familiari dohaintzak egiteko, eta diru-sarrerak egiteko kontu-zenbaki bat zehaztuko dugu”, adierazi dute.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Ikastetxeetako jolastokiak ikuspegi feministarekin eraldatzeko prosezua hasi dute Basaurin

|

Apirilaren 23an egingo dute mahai-inguru irekia / Geuria

Ikastetxeetako jolastokiak ikuspegi feministarekin eraldatzeko prozesua hasi dute Basaurin. Horretarako Udaleko Berdintasun Arloak jardunaldi bat antolatu du eskoletako jolastokiak ikuspegi feministarekin eraldatzearen garrantziari buruzko gogoeta bultzatzeko.

‘Patioetan hamaika aukera. Jolastokiak konpon eta berdintasuna lor’ lemapean, apirilaren 23an mahai-inguru ireki bat antolatu dute Basauriko Udalak eta Marieneak 1era2kain egitasmoaren barruan.

Jardunaldia Ibaigane Kultur Etxean izango da 17:30etik 20:00etara bitartean, eta Basauriko jolastokiak eraldatzeko prozesuan parte hartu duten Lehen Hezkuntzako ikastetxeen esperientziak aurkeztuko dituzte, “haien zailtasun, erronka eta aukerekin”.

Ildo horretan, etorkizuneko erronkak jasoko dituzte “eskola-ingurune inklusibo, genero-estereotiporik gabekoa eta ingurunearen eta pertsona guztien zaintzaz arduratutako baterantz urratsak egiten jarraitzeko”.

Jardunaldian parte hartu nahi duten herritarrek izena eman behar dute esteka honen bitartez edo 605 173 119 telefono zenbakira deituz apirilaren 22a baino lehen.

Osorik irakurri