→Basauri

Lau emakumek Basauriko gazte bat salatu dute sareetan euren izenean sexu eskaintzak egiteagatik

Gutxienez, Basauriko lau emakumek herriko gazte bat salatu dute Interneteko zenbait ataritan euren izenean sexu proposamenak egiteagatik. Salaketa jarri duen basauriar batek GEURIAri jakinarazi dionez, denuntziak duela sei urtetik hona jarritakoak dira, Ertzaintzan, denek ere jokabide bera salatuta. GEURIAk baieztatu ahal izan duenez, salaketa batek ere ez du lortu bide judizialetik aurrera egitea, akusatuaren aurkako frogarik ez dagoelako. Biktimek Marieneara jo dute aholku eske eta babesa jaso dute. Salatutako gaztea Ozen Erromeriako taldekidea da, eta joan den asteburuan Bentako jaietan kontzertua hasi zuten, baina irainak jaso ostean, bertan behera uztea erabaki zuten. Ozen Erromeriak esan berri duenez, akusatuak ez du taldean jarraituko.

Ozen Erromeria taldeak argitaratu duen bigarren adierazpena

Larunbatean, Bentako jaien lehen egunean eta Abarka Eguneko ospakizunean, hainbat komunikatu agertu ziren herriko hormetan itsatsita, gertaerak azalduz: “Kontuz! Sareetan pertsonen identitateak ordezkatzen ari den gizon bat dabil Basauritik. Emakumeen datu eta argazki pertsonalekin profil faltsuak sortu ditu bikotea bilatzeko balio duten hainbat webgunetan. Emakume hauen izenean mota guztietako sexu eskaintzak egin ditu webgune hauetan. Basaurin ez da inolako eraso sexistarik onartuko”.

Larunbatean Bentako plazan itsatsi zituzten kartelak

Ozen taldearen erromeria, bertan behera

Salatutakoen harira, tentsio uneak bizi izan ziren larunbat gauean Bentako plazan. Ozen Erromeria herriko taldearen kontzertua zegoen aurreikusita 23:00etan. Kontzertua hasi eta berehala hasi ziren taldeko kide baten aurkako irainak. Taldeak abesti bi baino ez zituenean jo, kontzertua eten egin behar izan zuten, kide horren aurka ur baso bi jaurti zituztelako. Taldekide batzuk publiko artera jaitsi ziren protestan ari zirenekin berba egitera, eta denbora tarte labur bat igarota, kontzertua bertan behera uztea erabaki zuten. Udaltzaingoak plazara bertaratu ziren eta iskanbilarekin lotutako zenbait emakume identifikatu zituzten.

Gertaeraren biharamunean, Ozen Erromeriak komunikatua zabaldu zuen sare sozialen bitartez. Idatzi horretan Ozenek bere taldekide bati leporatu dizkioten jarrerak salatu ditu, baina “egia zer den eta zer ez den” ez dakitela diote. “Musika taldearekin zerikusirik ez duten arazoengatik” kontzertua bertan behera utzi behar izan zutela deitoratu dute, gertaera horiek salatzeko “une egokia ez zela” iritzita. Nabarmendu nahi izan dute “Ozen taldeak ez duela taldeko bakoitzak bere bizitza pertsonalean egiten duenaren erantzukizunik”. Komunikatuan diote larunbat gaueko kaltetuak hainbat izan zirela: antolakuntza alde batetik, musika taldea bestetik, eta baita kontzertua ikustera joandakoak.

Ozen Erromeria taldearen adierazpena Facebooken

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak