→Basauri

San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe planari buruzko herri-kontsulta egingo da Euskadiko hauteskundeekin batera

basauri san fausto bidebieta pozokoetxe 2016 plan berria maketa

Eusko Alderdi Jeltzaleak eta EH Bilduk San Fausto-Bidebieta-Pozokoetxe hiri-berronetze planaren gaineko herri-kontsulta egiteko akordioa erdietsi dute

Eusko Alderdi Jeltzaleak eta EH Bilduk San Fausto-Bidebieta-Pozokoetxe hiri-berronetze planaren gaineko herri-kontsulta egiteko akordioa erdietsi dute. Alderdi biek azpimarratu dute parte-hartze prozesu luze baten “azken urratsa” dela aipatutako kontsulta.

Prozesu horretan zehar hitza eman zaie basauriarrei eta proiektuari buruzko ekarpenak zenbait bidetatik egiteko aukera ere bai. Egindako ekarpen horietako asko, gainera, Planean txertatuz joan dira, berau eraldatuz. Basaurin egingo den lehen herri-kontsulta izango da aipatutakoa: “gertakari gogoangarria udalerrian, parte-hartzeari dagokionez“, diote.

EAJren eta EH Bilduren arteko akordioa, “Basauriren etorkizunerako” estrategikoa den proiektu horren aurrean alderdi biek agertutako jokamolde arduratsuaren emaitza da. “Interes orokorra jarri dugu alderdikerien aurretik eta alderdi biok eman behar izan dugu amore, hasierako gure planteamenduetan“, azpimarratu dute.

Kontsulta egiteko erdietsitako akordioak, ordea, ez du esan nahi koalizio ezkertiarra ados dagoenik San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeko hiri-berronetze proiektuarekin. Hori bai, alderdi biek adierazi dute Plana oso garrantzitsua dela, “bai jarduketa aurrera eramango den auzoetako etorkizuneko bizilagunentzat, baita udalerriaren hirigintzaren etorkizunerako ere“.

Legearen barruan

Akordio honek jasotzen du galdeketa “herri-kontsulta irekia” izango dela, alegia, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen 82. artikuluan jasotakoa. Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskunde egunean egingo da, ohiko hautes-eskoletan horretarako propio egokitutako tokietan.

Kontsulta politikoki loteslea izan dadin, biztanleen %30ak hartu beharko du parte, gutxienez, eta gehiengo kalifikatua lortu beharko du -proiektuaren aldeko edo kontrako botuen diferentzialak, gutxienez, %5ekoa izan beharko du-. Era berean, basauriarrek kontsultan parte hartzea sustatzeko, Udalak informazio-kanpaina abiaraztea adostu dute EAJk eta EH Bilduk.

Gora