→Basauri

Biribilgune berria egin dute San Migeletik Arrigorriagarako bidean, Atxukarro industriagunearen parean

Biribilgunearekin konponbidea aurkitu nahi izan diete Ramón Kareaga kale berriko bidegurutzeei, oinezko zein ibilgailuenei, Gernika 62ko eraikinerako sarbideei eta hilerrirako sarrerari.

Biribilgunea eraiki duten puntua / Maps

Abuztu hasieran amaituko dituzte San Migel Mendebaldea urbanizatzeko bigarren fasearen lanak. Besteak beste, Ramón Kareaga luzatu dute Gernika kaleraino (Arrigorriaga eta Basauri arteko mugaraino); biribilgunea egin dute, norabide guztietara doan trafikoa banatzeko; Castilnovo plazan zegoen maisu-maistren etxea bota dute (8 etxebizitza), eta anfiteatro txiki bat eraiki dute.

Udal ordezkariak, San Migelgo obren jarraipena egiten / B.U

Biribilgunearekin konponbidea aurkitu nahi izan diete Ramón Kareaga kale berriko bidegurutzeei, oinezko zein ibilgailuenei, Gernika 62ko eraikinerako sarbideei eta hilerrirako sarrerari. Horrez gain, berdegunea egin dute Arrigorriagako mugatik hurbil eta 55 aparkaleku berriak sortu dituzte.

IGOLGAILUAREN ERAIKUNTZA ATZERATUTA

Gernika kalearen eta Ramón Kareagaren zati berriaren arteko irisgarritasuna hobetzeko igolgailua eraikiko du Basauriko Udalak. Lan hori, baina, atzeratu egin behar izan du, diseinua joan den hamarkadakoa delako eta igogailua eraiki aurretik behealdeko etxebizitza tasatuak eta libreak eraiki behar dira. Proiektu horrek, momentuz, ez dauka ez sustatzailerik, ez hasiera-datarik. Basauriko Udala urbanizazio-proiektuaren aldaketa idazten ari da, auzotarren ekarpenak aintzat hartuta eta haien oniritziarekin. Aldaketa horrek ahalbidetu egingo du igogailua ahalik eta lasterren eraikitzea.

Basauriko Udalak 1,8 milioi inbertitu ditu San Migel Mendebaldea eraberritzeko, eta aurreikusita dago urte bukaeran 34 bizitoki berri eraikitzen hastea, Eusko Jaurlaritzak lanak esleitu eta gero. Etxebizitza horiek alokairu babestura bideratuko dira, eta lehentasuna izango dute udalerrian erroldatutako gazteek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak