Sareak

☉ Basauri

San Migelen doako 35 aparkaleku eraikiko ditu Udalak, 120.000 euroko aurrekontuarekin

Udalbatzak 2020ko aurrekontua onartu du, EAJren eta PSEren aldeko botoekin. Aurten 55,2 milioi euro izango ditu Basaurik eta inbertsioetara bi milioi euro bideratuko dituzte

|

Parkinga eraikiko duten lur-eremua / Google Maps

Basauriko Udalak 55 milioi euroko aurrekontua onartu du, 2019koa baino % 3,2 gehiago. Herriko parkeak eta argiteria berritzea, auzo eta bide publikoak eraberritzea eta doako aparkaleku berri bat eraikitzea dira inbertsiorik nagusienak. “Herritarren egunerokotasuna eta bizi-kalitatea hobetzea dute helburu kontu hauek. Auzoak berritzeaz eta eskuragarriago egiteaz arduratuko dira, aisialdirako eremuak eta herritarren segurtasuna hobetzeaz, aparkatzeko aukerak zabaltzeaz eta, aldi berean, gizarte-politiketarako eta enplegurako partida ekonomikoak handitzeaz”, dio Asier Iragorri alkateak.

Aparkaleku falta da basauriarrek gehien sufritzen dutena. Hori dela eta, doako aparkaleku bat eraikiko dute San Migelen, futbol zelaiaren eta Renfe geltokiaren ondoan. “Aparkaleku falta arazo historikoa da Basaurin, eta, ahal dugun neurrian irtenbideak ematen saiatzen gara, eraikin dentsitate handia eta espazio libre gutxi dituen herri batean dugun marjinaren arabera”, dio Iragorrik. Proposamen horretara 120.000 euro bideratuko dituzte eta 35 aparkaleku izango ditu.

Bestetik, partida ekonomiko garrantzitsuenetako bat haurrentzako parkeak berritzera bideratu du Udalak. Izan ere, ia milioi erdi euro erabiliko dituzte Basauriko parkeak hobetzeko. Nabarmentzekoa da zenbatekorik handiena, 360.000 euro, Uribarriko hareazko parke berrira bideratuko dutela. Haurrentzako jolas berriak ipiniko dituzte eta estalki bat ere jarriko dute. Halaber, 108.000 euro erabiliko dituzte Bizkotxalde parkea osorik birmoldatzeko proiektua idazteko, “modu atseginago eta eskuragarriagoan egin ahal izateko”, dio Iragorrik.

OPOSIZIOAREN ZUZENKETAK ONARTUTA. Basauriko udal gobernu taldeak (EAJ-PSE) gehiengoa du udalbatzan. Hala ere, oposizioaren zenbait emendakin onartu eta 2020ko aurrekontuan txertatu dituzte, 147.000 euroko zenbatekoarekin. EH Bilduren zuzenketa hauek onetsi dituzte: Artunduagako kiroldegiaren eta bolatokiaren ingururako sarbidea berrantolatzea (20.000 euro), Uriarte kalean oinezkoentzako lehentasuna seinaleztatzea (3.000 euro), Arizko Tximeleta ludotekaren aurrean baranda bat edo segurtasuna prebenitzeko beste sistema bat jartzea (1.000 euro), Zuberoa parkea berritzea (40.000 euro) eta Arizko Dorretxearen ingurua hobetzea (3.000 euro). Era berean, Elkarrekin Podemosen zuzenketa hauek onartu dituzte: informazio-panel bat jartzea (15.000 euro), udal-eraikinetan estalki berdeak jartzea (15.000 euro) eta anbulatorioko txandakako aparkalekuan auto elektrikoak kargatzeko puntu bat jartzea. Larrazabalen oinezkoen pasabideak eta argiztapena hobetzeko zuzenketa ere sartu dute aurrekontuan, oposizioko bi alderdiek proposatuta (40.000 euro). EAJk eta PSEk aurrekontu orokorren alde bozkatu zuten eta PPk, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk kontran.

☉ Basauri

Alex Garcia Galasen familia laguntzeko 11.245 euro lortu dituzte Basaurin

Basauriko tabernetan Basozelaiko Auzo Elkarteak jarritako itsulapiko solidarioak ekainera arte mantenduko dituzte, eta San Juan jaietan diru hori emango diote Alexen familiari

|

Alex Garcia Galasen ama, Basauriko alkatearekin eta Basozelai Auzo Elkarteko ordezkariekin // Basauriko Udala

Alex Garcia Galas basauriarraren familia laguntzeko 11.245 euro bildu dituzte Basaurin. Basozelaiko El Maño Auzo Elkarteak asteburu solidarioa antolatu zuen apirila bukaeran eta jaialdi horretan bildutako dirua eman diote gaur Alexen familiari; zehazki, Tere Galas bere amari.

“Oso eskertuta nago gure herriari, eta oso hunkituta ikusita zelan irauli den Basauri Alex eta gu laguntzeko”, adierazi du Terek. Alex Thailandian ospitaleratuta egon zen bitartean senideek maileguak eskatu behar izan dituzte tratamentu medikuak ordaintzeko. “Jaso dugun dirua mailegu horiek ordaintzeko erabiliko dugu”, dio.

Alex pankreatitisak jota gaixotu zen otsailean Thailandian eta apirilaren 21era arte Bangkokeko ospitale batean izan zen. Orduan Gurutzetako ospitalera lekualdatu zuten, Espainiako Gobernuaren laguntzarekin.

Itsulapikoak saltokietan

Asteburu solidarioaz gain, Basozelaiko Auzo Elkarteak itsulapikoak jarri ditu Basauriko hainbat saltokitan eta tabernatan. Guztira, 80 itsulapiko.

“Ekitaldi solidario horiek antolatu aurretik, 80 itsulapiko inguru banatu genituen hainbat denda eta ostalaritza-establezimendutan, Alexentzat diru gehiago biltzeko. Diru hori Basozelaiko San Juan jaietan emango diogu familiari, itsulapikoak aste batzuk gehiago jarrita mantenduko ditugulako”, azaldu dute Jonatan Merinerok, Gorka del Riok, Esther Pérezek eta Angel Muñozek, Basozelaiko Auzo Elkarteko ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Rocio Jaia ekarriko du San Faustin kuadrillak Basauriko kaleetara

Maiatzaren 18an, larunbatez, egingo du Rocio Jaia San Faustin kuadrillak Basaurin. Guztira 70 lagunek hartuko dute parte “parodia paregabean”

|

Iaz Charles III.aren eta Camillaren koroatzea egin zuen San Faustinek Basaurin // Geuria

San Faustin lotsagabe kuadrilla berriro aterako da Basauriko kaleetara, edo eurek esaten duten bezala, “Dos Caminoseko kaleetara”. Iaz Charles III.aren eta Camillaren koroatzea antzeztu zuten, eta aurten Rocio Jaia egingo dute maiatzaren 18an, larunbatez.

“Parodioa paregabea” egingo dutela diote: “Umorez beteriko ekitaldi paregabe batean, Bizkaiko herri xarmagarri eta turistiko honetako biztanleak Andaluziako ospakizun ikoniko honen berrinterpretazio barregarri baten lekuko izango dira”, diote.

Rocio jaia 12:30ean hasiko dute Arizgoitiko plazan eta oinezkoen kaleetatik (herriko euren lekurik gogokoena) zenbait geldialdi egingo dituzte: “Lasterketak, zaldiak, ermandadeak, rocieroak eta prozesio honetako elementu guztiak izango dira, Rocio ermita bera barne”.

“Farandulak ere parte hartuko du ekitaldian: Bertín Osborne, Isabel Pantoja eta bere seme Paquirrín, Albako dukesa, Rocio Jurado, María del Monte, Joaquín, Tío Pepe…”, diote. Guztira 70 lagunek parte hartuko dute erromeria honetan.

Akais taldearen kontzertua

San Isidro plazan bazkaria antolatu du San Faustinek Rocio jaian parte hartuko dutenekin. Eta, 18:00etan Akais taldearen kontzertua antolatu dute Begoñako Andra Mari kalean.

“Kultur aniztasuna ospatu nahi dugu, eta, aldi berean, dibertimendua eta barrea eragin. Rocio Jaia ekitaldi bikaina da eta gure parodia maitasunez eta umore onez beteta egongo da, non gure Dos Caminos maiteko herritar guztiek gozatzea espero dugun”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

San Fausto plaza berria eraikitzeko lanak aste honetan hasiko dituzte, Basaurin

Lanak maiatzean hasi eta 12 hilabeteko epean bukatuko dituzte. “Hala ere, litekeena da plazaren zati bat lehenago erabiltzen hastea”, diote udal ordezkariek

|

Obrak hasteko prestaketa lanak hasi zituzten duela egun batzuk // Geuria

Hemendik urtebetera San Fausto plaza, Trintxera ezizenez ezagunagoa, guztiz berrituta ikusiko dute basauriarrek. Hain zuzen ere, plaza berria eraikitzeko lanak aste honetan hasiko diztuzte, eta 12 hilabeteko epean bukatuko dituzte. “Hala ere, plazaren zati bat epe hori baino lehen erabiltzen hastea aurreikusten dugu”, diote udal ordezkariek.

Obrek ez dute eraginik izango egungo plazaren parterreko zuhaiztian, eta argiteria publikoa, hiri-altzariak eta zoladura guztiak berrituko dituzte.

Ingurunean integratutako harmaila bat eta berdegune zabalak izango ditu plazak, herritarrek duela bi urte bozketa bidez hala erabita.

“Plataforma berri bat eraikiko da, lotuko dituena Arizgoiti plazako bizitegi-eraikin berria, gaur egungo zubia eta Autonomia kalea, kalearen pare geratuko den plaza bat sortzeko”, diote.

San Fausto plaza berriak itxura hau izango du, Social Antzokitik ikusita // Basauriko Udala

Era berean, Florian Tolosa, Autonomia, Arizgoiti plaza eta San Fausto plaza beraren arteko konexioa hobetuko dituzte. “Konfigurazio berriari esker, oinez eta ibilgailuz iritsi ahal izango da plazaren ondoko etxebizitzetara, alboko kaleen arteko kota-diferentziak gaindituta”, diote.

“San Fausto Plaza berriak bi xede nagusi izango ditu: basauritarrek aisiaz gozatzeko eta lasai egoteko leku atsegin bat edukitzea, eta erabilera sozialetarako espazio bat sortzea, ekitaldi herrikoiak, kulturalak edota kirol-arlokoak egiteko”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Emakumeen Champions Leagueko kopa Basauriko Artunduaga kiroldegian dago gaur eta bihar

|

Maiatzaren 14an eta 15ean ikus daiteke gertutik UEFA Women's Champions Leagueko kopa Artunduagako kiroldegian // Argazkiak: Basauriko Udala

UEFA Women’s Champions League txapelketako finala jokatuko dute maiatzaren 25ean Bilboko San Mamesen Bartzelonak eta Olymplique Lyonek.

Finaleko kopa Bizkaiko hainbat udalerritan izango da ikusgai, “herritarrek garaikurraren argazki bat egin ahal izan dezaten, baita emakumezkoen kirolari babesa adierazteko ere, kasu honetan, futbola protagonista dela”, diote.

Hego Uribe eskualdean, Basaurin soilik ikus daiteke UEFA Women’s Champions Leagueko kopa: gaur (maiatzak 14) eta bihar (maiatzak 15) Artunduaga kiroldegiko futbol zelaiaren gradetan jarri dute. Kopa ikusteko ordutegia da 09:00etatik 21:00etara.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Emakumeen hirugarren Korrikaldia antolatu dute maiatzaren 19an Basaurin

|

Emakumeon III. Korrikaldiak Marienean izango du irteera, eta helmuga San Isidro plazan // Marienea

Emakumeon Herri Korrikaldiaren hirugarren edizioa antolatu du Marieneako Korrikalariak taldeak maiatzaren 19an, igandez, Bentako jaien markoan.

Ibilbidea 5 kilometrokoa da eta Marienean bertan izan da irteera 10:30ean. San Migelen itzuli bat egin ostean, Marienea aurretik igaroko dira eta Nagusia kaletik behera egingo dute. Helmuga San Isidro plazan izango da, 12:30ean.

Parte hartzaileek korrika edo oinez egiteko aukera izango dute ibilbidea. Interesdunek izena eman behar dute aurretiaz  946 124 100 telefono zenbakira deituta edo marienea@basauri.eus helbide elektronikora idatzita.

Izena ematea doakoa da, kamiseta oroigarririk gabe, eta kamisetarekin 10 euro ordaindu behar dute parte hartzaileek.

Ordutegia / III. Emakumeon Herri Korrikaldia

Maiatzak 19, igandea
10:00 Dortsalen banaketa Marienean
10:15 Berotze-ariketak
10:30 Irteera

Osorik irakurri