→Basauri

Sanfausto jai herrikoien 50 urteak jasotzen dituen liburua eta dokumentala aurkeztuko dituzte Basaurin

Basauriko jaiek 50 urte beteko dituzte aurten eta horren harira, liburu bat eta dokumental bat argitaratuko dituzte. Hain zuzen ere, irailaren 7an aurkeztuko dituzte liburua eta dokumentala. Aurkezpena Arizko dorretxean izango da 18:30ean. Bertan Basauriko jaien 50 urte hauen argazki erakusketa egongo da ikusgai urriaren 27ra arte. Liburua 10 euroan jarriko dute salgai eta horren barruan dokumentala egongo da.

Dagoeneko dokumentalaren bi trailer publikatu dituzte. Aurrerapen horietan ikus daitekeenez, San Fausto jai herrikoien historia errepasatzen du dokumentalak. Horretarako zortzi basauriarren adierazpenak jaso dira, eta 1968an jaiak sortu zirenetik gaur egunera arteko errepasoa egiten dute. Dokumentalaz gain, DVDak beste 19 bideo dakartza, gaur egungo jaietako 16 kuadrila, desagertuta dauden bi kuadrila eta San Faustin ordezkaturik.

Dokumentala Jon Villapún (zuzendaritza eta gidoia) eta Alejandro Prieto (irudiak) Geuriako lankideek egin dute, eta basauriar hauen laguntza jaso dute: Itsaso Urionabarrenetxea (koordinazio lanak), Pedro Kareaga, Beatriz Zabala Alonso de Armiño, Jose Miguel Desmond Gaztelu, Jose Miguel Txemi Mera (artxiboa), eta Amaia Goikoetxea (musika moldaketak).

Liburua Beatriz Zabala Alonso de Armiño basauriarrak idatzi du eta kolaborazioak ere izan ditu. Gainera, hainbat argazki ere jasotzen ditu. Erakusketa zabalik egongo da Arizko dorretxean urriaren 27ra arte, astelehenetik larunbatera 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Era berean, urriaren 5ean Basauriko jaien 50. urteurrena ospatzeko gala bat antolatuko dute Social Antzokian. Emanaldia 20:00etan izango da, sarrera doan, eta ondoren erromeria bat izango da San Fausto plazan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak