→Basauri

Basauriko futbol entrenatzailea atxilotu du Ertzaintzak, preskribatu gabeko sexu abusuen salaketa bat jaso ondoren

Adingabeko batek entrenatzaile horrengandik sexu abusuak jasan zituela salatu du eta, ondorioz, Ertzaintzak atxilotu egin du. Gaua komisaldegian pasa du atxilotuak.

Adin txikikoen aurkako sexu abusuak salatzeko elkarretaratzea Basaurin / Geuria

Preskribatu ez duen sexu abusuen inguruko denuntzia jaso zuen atzo Ertzaintzak eta atxilotu egin zuen Basauriko 60 urteko entrenatzaile ohia. Gaua komisaldegian pasa du atxilotuak eta gaur aske utzi dute, karguekin. Aurreko sei denuntzien bide beretik etorri da salaketa hau ere, baina kasu honetan, abusuek ez dute preskribatu.

Pepe Godoy basauriarrak lehen salaketa publiko egin zuenetik, guztira zazpi izan dira gizon beraren aurka herrian jarritako denuntziak. Lehenengo seiak preskribatuta zeuden, baina azken honek ez du preskribatu eta ondorioz, Ertzaintzak atxilotu egin du 60 urteko basauriarra. Segurtasun sailak jakinarazi duenez, preskribatu gabeko adin txikiko bati egindako ustezko sexu abusuengatik atxilotu zuten atzo gizona. Gaua komisaldegian pasa ondoren, aske utzi dute gaur, karguekin.

‘Ez naiz isilduko’ herri plataformak eta bestelako elkarteek hainbat ekintza egin dituzte azkenaldian balizko biktimei babesa adierazi eta hauek salaketa jartzera animatzeko. Ekintzen artean dago ‘Ez naiz isilduko’ herri plataformak Basaurin deitutako manifestazioa, bertan, 5.000 lagun inguru elkartu ziren sexu abusuak salatzeko. Plataforma honek bere helburuetako bat lortu du momentuz: preskribatu gabeko salaketa bat agertzea, prozesu judizialak bere bidea egin dezan.

Lehen salaketa. Umetan futbol entrenatzailearengandik sexu jazarpena jasan zuela publikoki salatu zuen 46 urteko Pepe Godoy basauriarrak azaroaren hasieran. Eskola kirolean izan ziren sexu abusuak, Godoyk 8 eta 11 urte artean zituenean. 36 urteren ondoren umetan gertatutakoa bere bikotekideari kontatu zion eta honek Ertzaintzan salatu eta Garaitza Elkartean laguntza eskatu zuen. Gertaerak Godoyk 28 urte zituela preskribatu zuenez, ezin izan zen epaiketarik egin. 

Bideoa ezagutu eta bi egunetara, azaroaren 14an, Baskonia Futbol Eskolak ustezko erasotzailea entrenadore postutik kendu zuen. 40 urte baino gehiago zeramatzan gizonak umeak entrenatzen: Basauriko talde askotan entrenatu du, bai kirol federatuan, bai eskola kirolean, eta BFEn 2007. urtetik aritu da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak