→Basauri

Sexu abusuen inguruko epaiketaren zain geratu dira Basauriko entrenatzailearen biktimak

2016an adin txikiko baten familiak entrenatzailearen aurka jarritako salaketaren harira atxilotu dute gizona. Epaileak aske utzi du akusatua, karguekin eta kautelazko neurririk gabe. Biktimak epaiketaren zain geratu dira orain.

Urtarrilean Basaurin sexu abusuen aurka egindako manifestazioa // geuria

2016an adin txikiko baten familiak entrenatzailearen aurka jarritako salaketaren harira atxilotu dute gizona. Epaileak aske utzi du akusatua, karguekin eta kautelazko neurririk gabe. Biktimak epaiketaren zain geratu dira orain.

Pepe Godoy basauriarrak lehen salaketa publiko egin zuenetik (2018ko azaroaren 13an), sei izan dira  guztira gizon beraren aurka herrian jarritako denuntziak, bide beretik denak. Guztiak preskribatuta zeuden ordurako, eta beraz, ezin izan izan da hauengatik akusatuaren aurkako ikerketa judiziala abiatu.  Pepek salaketa publiko egin aurretik, ordea, gizon berarengandik sexu abusuak jasan zituela salatu zuen Basauriko adin txikiko batek. 2016an izan zen hori, baina akusatuaren aurkako frogarik ez zegoenez, artxibatu egin zuten denuntzia. Ertzaintzak, ordea, ustezko abusatzailearen aurkako zantzuak aurkitu ditu orain, eta ondorioz, poliziak atxilotu egin du 60 urteko gizona. Asteartean izan zen hori, eta gaua komisaldegian igaro ondoren, asteazken arratsaldean aske utzi du epaileak, karguekin eta kautelazko neurririk gabe.

2016ko denuntzia honek erabat aldatu du Basauriko sexu abusuen inguruko auzia, izan ere, ustezko erasotzailearen aurkako prozesu judiziala martxan jarri da. Epailaren aurrean deklaratu ondoren, karguekin aske geratu da, eta orain, sexu abusuen inguruko epaiketaren zain geratu dira Basauriko entrenatzailearen biktimak. Zazpi dira, gutxienez, Basauriko entrenatzailearengandik sexu abusuak sufritu dituztela salatu dutenak, “baina gehiago izan daitezke”, diote ‘Ez naiz isiltzen’ herri plataformatik. “Ea denuntzia berri honek egon daitezkeen gainontzeko biktimak ere salatzera animatzen dituen”, diote. ‘Ez naiz isilduko’ herri plataformak eta beste hainbat elkartek ere hainbat ekintza egin dituzte azkenaldian balizko biktimei babesa adierazi eta hauek salaketa jartzera animatzeko. Ekintza horien artean dago ‘Ez naiz isilduko’ herri plataformak Basaurin deitutako manifestazioa. Bertan, 5.000 lagun inguru elkartu ziren sexu abusuak salatzeko. Plataforma honek bere helburuetako bat lortu du momentuz: preskribatu gabeko salaketa bat agertzea, prozesu judizialak bere bidea egin dezan.

AKUSATUA, 40 URTEZ UMEAK ENTRENATZEN
Gogoratu akusatuak 40 urte baino gehiago eman dituela umeak entrenatzen: Basauriko talde askotan entrenatu du, bai kirol federatuan, bai eskola kirolean, eta BFEn 2007. urtetik aritu da. Bideoa ezagutu eta bi egunetara, azaroaren 14an, Baskonia Futbol Eskolak ustezko erasotzailea entrenadore postutik kendu zuen. Azken salaketa honen berri izan eta ordu gutxira, BFEk “mina, atsekabea eta gaitzespen irmoa” adierazi ditu komunikatu bidez. CD Basconiak, bere aldetik, ez du momentuz adierazpenik egin. Azaroan egin zuen orain arteko adierazpen bakarra, CD Basconiak Baskonia Futbol Eskolarekin zerikusirik ez duela argitzeko.

Lehen salaketa. Umetan futbol entrenatzailearengandik sexu jazarpena jasan zuela publikoki salatu zuen 46 urteko Pepe Godoy basauriarrak azaroaren hasieran. Eskola kirolean izan ziren sexu abusuak, Godoyk 8 eta 11 urte artean zituenean. 36 urteren ondoren umetan gertatutakoa bere bikotekideari kontatu zion eta honek Ertzaintzan salatu eta Garaitza Elkartean laguntza eskatu zuen. Gertaerak Godoyk 28 urte zituela preskribatu zuenez, ezin izan zen epaiketarik egin. Bere atzetik beste sei salaketa etorri ziren, denak ere gizon beraren aurka, egoera berdina deskribatuz. Peperena bezala, preskribatuta zauden guztiak. 2016an adin txikiko batek salatutako abusuek ordea, itxaropena piztu du gainontzeko biktimengan. 

Basauriko Udalak jakinarazi berri duenez, udal zerbitzu juridikoak aztertzen ari dira, “ikuspuntu legal eta administratibotik”, sexu abusuen kontrako epaiketan akusazio partikular gisa aurkezteko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak