→Basauri

Sexu abusuengatik salatutako entrenatzailea Baskonia Futbol Eskolako idazkari nagusia izan da 2007tik

Baskonia Futbol Eskolak zuzendaritza batzordea aldatzeko pausuak eman ditu dagoeneko eta osaketa berri horretatik kanpo geratuko litzateke ustezko erasotzailea.

2014ko Basozelai Bi zelaiko argazkia / Bidebieta

Sexu abusuengatik salatutako entrenatzaile ohia Baskonia Futbol Eskolako (BFE) idazkari nagusia izan da 2007tik, hau da, futbol eskolaren sorreratik. Entrenatzaile lanak egiteaz gain, eskolaren zuzendaritza batzordearen parte izan da betidanik. Dagoeneko, Baskonia Futbol Eskolak zuzendaritza batzordea aldatzeko pausuak eman ditu eta osaketa berri horretatik kanpo geratuko litzateke ustezko erasotzailea.

Pepe Godoy basauriarra izan da Basauriko entrenatzaile honen aurkako salaketa egiten lehena, eta sare sozialen bitartez Garaitza Elkarteak zabaldu zuen. Azaroaren 12an, joan den asteartean, izan zen hori eta lau egun geroago, Ertzaintzak ustezko erasotzailearen aurkako beste salaketa bat jaso zuen, Pepek salatutako egoera bera deskribatuz, garai berean. Salatutako delitu biek preskribatu dute gaurko egunez.

40 URTEZ UMEAK ENTRENATZEN
Bideoa ezagutu eta bi egunetara, hilaren 14an, Baskonia Futbol Eskolak ustezko erasotzailea entrenadore postutik kendu zuen. 40 urte baino gehiago zeramatzan gizonak umeak entrenatzen: Basauriko talde askotan entrenatu du, bai kirol federatuan, bai eskola kirolean, eta BFEn 2007. urtetik aritu da.

Baskonia Futbol Eskolak azaroaren 16an egindako adierazpenak lau puntu jaso zituen: lehena, BFEk dakienaren arabera, 2007an eskola hasi zenetik ez dutela inolako sexu abusurik salatu; bigarrena, BFEk erabateko gaitzezpena adierazten duela norberaren askatasunaren aurkako edonolako erasoen aurrean; hirugarrena, BFE eskola kirolean gertatutako sexu abusuak salatzeko Udalak deitu duen elkarretaratzean parte hartuko zuela; laugarrena, adin txikikoenganako sexu abusuen eta tratu txarren prebentziorako nazioarteko egunean, azaroaren 19an, BFEk bertan behera utziko zituela bere futbol taldeen entrenamendu guztiak.

SALAKETA OZENA
2.000 herritar elkartu ziren igandean Basauriko Arizgoiti plazan adin txikikoen kontrako sexu abusuak salatzeko. Pepe Godoyk salaketaren ibilbide guztian bidelagun izan duen bere bikoteak, Yoli Calognek, egin zuen berba elkarretaratzean batu zirenen aurrean. “Sexu abusuen aurrean tolerantziarik ez” izatea exijitu zuen. Halaber, Peperenak bezalako kasu gehiago egon daitezkeela ohartarazi zuen eta hala balitz, salaketa jartzera animatu zituen biktimak. Basauriko Udalak deituriko elkarretaratzean, talde politikoen ordezkariak, herriko hainbat elkarteetako kideak eta milaka herritarrek bete zuten Arizgoiti plaza. Bertan, Baskonia Futbol Eskolako arduradunak ere izan ziren.

Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, kirolean sexu abusua jasaten duten umeentzako arreta zerbitzua ezarri du. Profesionalen talde batek biktimen zalantzak eta abusu salaletak aztertuko ditu. Gazteei, federakundeei eta kirol talde eta erankudeei zuzendatuko zerbitzua izango da. 688 671 000 telefonora deituta eta whatsapp bidez erabili daiteke zerbitzua. “Umiliazio egoerak, pertsona helduak biluzik dauden kirolarien aldageletara baimenik gabe sartzea eta kirolariei, sexu mesedeen truke, abantailak edo tratu hobea eskaintzea”, dira, besteak beste, zerbitzu honek detektatu nahi dituen jazarpen egoeretako batzuk.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak