→Arrigorriaga

Sidenorreko hondakindegia berdegune bihurtu eta bidegorria eraikiko dute Arrigorriagaraino

basauri sidenor 2016 obrak

Uztailean hasiko dituzte Sidenorreko hondakindegia zena berritzeko obrak eta bederatzi hilabetez, apirilera arte, luzatuko dira

Basauriko Udalak jakinarazi berri duenez, uztailean hasiko dituzte Sidenorreko hondakindegia zena berritzeko obrak eta apirilera arte luzatuko dira. Berdegune bihurtuko dute eremua eta bertan Arrigorriagarako bidegorria eraikiko dute.

Gerdauren kontura izango da obrak aurrera eramatea eta horiek finantzatzea. 1998an onetsitako Barne-eraberritzeko Plan Bereziaren arabera, hondakindegia zenaren lurrak Basauriko Udalari lagako zizkion Gerdauk. Era berean, hondakindegiaren lursaila zigilatu eta leheneratzeko konpromisoa hartu zuen enpresak, bai eta lan horretan, Eusko Jaurlaritzak onetsitako proiektu baten arabera jardutekoa ere. Aurreikusi dute lanek 1.800.000 euroko kostua izango dutela.

Obraren nondik norakoak

Sidenorreko hondakindegia zena berritzeko obrak bederatzi hilabetez luzatuko dira eta hauxe da bertan egingo dutena: Lapatza eremuan 50.000 m2-ko lurzorua zigilatu eta gero, gune hori atsedengune gisa egokitu. Aipatutakoaz gain, goialdetik oinezkoentzako ibilbidea atonduko dute eta bide hori Basauri eta Arrigorriaga artekoarekin lotuko dute.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak, bere aldetik, baimena eman du enpresaren jardueratik sortutako zepa balorizatua erabiltzeko hondakindegia leheneratzeko betetze-lanetan -horrela, zepa hori bertan biltegiratzeaz gain, berau baliatuko dute azalera lautu, eta eremua iragazgaitz bihurtzeko geruzak jartzeko-.

basauri sidenor 2016 obrak 1

Sidenorreko hondakindegia zenaren lur-eremua :: Basauriko Udala

Gora