Sareak

☉ Basauri

Enara Menoyo: “Ikasleak motibatzeko hamaika proiektu jarri genituen martxan Soloarte ikastetxean”

Enara Menoyo arrigorriagarrak bi urteko praktikaldia egin du Soloarte ikastetxean. Empieza x Educar fundazioak martxan jarritako bi urteko proba pilotuaren berri eman zuen Menoyok Bruselan.

|

30 urteko arrigorriagarra da Enara Menoyo // Geuria

Enara Menoyo arrigorriagarrak bi urteko praktikaldia egin du Soloarte ikastetxean. Empieza x Educar fundazioak martxan jarritako bi urteko proba pilotuaren berri eman zuen Menoyok Bruselan

Enara Menoyo (Arrigorriaga, 1988) irakaslea eta arkitektoa da eta azken bi ikasturteetan Soloarte ikastetxean izan da proiektu ezberdinak garatzen. Empieza x Educar (ExE) proiektuari esker heldu zen Basauriko ikastetxera eta bertan hainbat proiektu garatu ditu ikasleen motibazioa pizteko asmoz. Besteak beste, Beldur Barik lehiaketa, Dame 1 minuto de refugio film laburren lehiaketa, First Lego League nazioarteko lehiaketa edota Hezitektura proiektua. Azken hau Menoyoren proiektu propioa da eta eskola eraikinak ikas komunitatearen izaera eta antolakuntza errespetatzea du helburu, irakaskuntza eta elkarbizitza errazteko asmoz.

Hezkuntzarekin konexio handia duen arkitektoa zara.
Bai. Hiru urtez aritu nintzen arkitekto lanetan, baina betidanik izan dut konexio handia hezkuntzarekin -formala zein informala- eta arlo hori ikasteari ekin nion. Eta behin enteratu nintzen proiektu bat martxan zegoela Euskal Herri mailan: Empieza x Educar (ExE). Eusko Jaurlaritzak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak nahi zuten egin Medikuntzan egiten den BAME (MIR gazteleraz) hori bezalako bat, baina hezkuntza arloan. Froga pilotu bat abiarazi zuten 2016/2017 ikasturtean, bi urteko iraupenarekin.

Orduan, arkitektura utzi eta hezkuntza arloan ikusi zenuen zure bidea?
Aukera izugarria ikusi nuen proiektu horretan, nik sinesten dudalako hezkuntza masterra jasotzen dugunok praktikaldi luzeagoak egin beharko genituzkeela. Izan ere, magisteritzako ikasleek ikastetxean bertan lan eginez ikasten duten gehien. Eta hori eskaintzen zuen hain zuen ExE proiektuak.

Eta izena eman zenuen proiektu horren parte izateko.
Bai. Jakin nuen Euskal Herrian 20 partaide hautatuko zituztela eta izena eman nuen hautaketa proba egiteko. Guztira, bost froga egin zizkiguten eta banan-banan denak gainditu nituen. Azkenean bukaerako elkarrizketara heldu nintzen eta hautatuetako bat izan nintzen.

Enara Menoyo Empieza x Educar (ExE) formakuntza saioan // Argazkia: Enara Menoyo

Eta ondoren zer?
ExEk bultzatzen duena da hezkuntzan ekitatea sortzea. Hortaz masterra ikasten ari ginen bitartean egongo ginen bi urtetako praktikak egiten Hamaika Esku programako zentro batean.

Zer dira Hamaika Eskuko zentroak?
Badaude ikastetxe publiko batzuk oso normalizatuak daudenak eta beste batzuk horren normalizatuak ez daudenak, adibidez, ijito gehiago edo atzerritar gehiago daudelako. Eta azkenean beharrizan handiagoa dute gainerako ikastetxe publikoetan ematen ditugun helburuetara heltzeko. Horiek dira Hamaika Eskuko zentroak.

Horrela iritsi zinen Soloarte ikastetxera.
Bai. Soloarte ikastetxean praktikaldia egitea egokitu zitzaidan. BAME honen helburua da lehenengo urtean ikustea zelan ematen diren eskolak; bigarren urtean, horrez gain, bigarren baldintza bat sartzen dute: ikastetxeko ikasle bakoitzak jakitea edo hausnartzea zein izango litzatekeen bere etorkizuneko lanbidea. Ni arkitektoa ere banaizenez, beti eduki dut grina edo kezka bigarren hezkuntzako ikastetxeetako espazioak zelan diseinatu beharko liratekeen, bertako metodologia egoki bideratzeko.

Hala proiektu propio bat bururatu zitzaizun.
Bigarren urtean proposatu nuen Soloarte ikastetxearekin batera eta ExE fundazioaren barruan proiektu bat sortzea. Horren helburua zen gida bat burutzea zeinetan agertuko ziren zein pauso eman bigarren hezkuntzako ikastetxe bat diseinatzeko. Jakin badakigu haur hezkuntzan eta lehen hezkuntzan mugimendua badagoela ikastetxeetan eta ikasgelak arkitektonikoki moldatuak izan direla, baina bigarren hezkuntzako zentroetan ez da normalean moldaketarik egiten.

Orduan nire helburua zen, modu batean edo bestean, eztabaida hori sortzea bai arkitekto edo diseinatzaileen artean bai hezkuntzako agenteen artean: irakasle, ikasle, ikasleen senitarteko zein administrazioarekin.

Zelan eraiki zenuen gida hori?
Praktikaldiko bi urte horien arteko udan Innobasque elkartean egon nintzen hilabete batez, gida hau zelan planteatu nezakeen lantzen. Proiektuarekin uztailean hasi nintzen Innobasquen eta eurek sostengua eman zidaten proiektu hau zelan bideratu laguntzeko. Gida hori bertan eraiki nuen, baina Soloarte ikas-komunitatea denez, komunitate guztiaren partaidetza bilatzen da, eta bigarren urtean konturatu nintzen Soloarteko komunitate osoaren artean gida hori berriro egin behar nuela.

Zeinekin bildu zinen?
Ate asko jo nituen eta hainbat jenderekin bildu nintzen. Hala nola, Jesus Fernandez Hamaika Eskuko zentroen garaiko koordinatzailearekin, Hezkuntza departamentuko Eli Zaitegirekin edota Arkitektura Eskolarekin. Esate baterako, Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoa prest dago proiektua garatzeko, baita BIHE Institutu Publikoen Zuzendari Elkartea ere. Ildo horretan, Josu Etxaburu azken elkarte horren zuzendariak Elorrioko Institutua bisitatzera eraman ninduen (bertako zuzendaria ere bada), bertan moldaketa batzuk hasi direlako egiten (altzariak eta gelen antolaketa aldatu dituzte dagoeneko).

2016ko Beldur Barik lehiaketa lokalaren sari banaketan Soloarte ikastetxekoak // Argazkia: Geuria

Soloarte ikastetxean, proiektu horrez gain, beste hainbat ekimen jarri zenuten martxan.
Hala da. Hezitektura proiektua paraleloki garatu nuen Soloarten nengoela, baina ez nintzen eurekin koordinatu proiektua zehatz garatzeko, baizik eta beste agente batzuekin (ExE, Jesus Fernandez, Jose Etxaburu…). Esan daiteke Hezitektura proiektua ez nuela egin Soloarte ikastetxearentzako. Nire kabuz egindakoa da.

Baina egia da Soloarten hamaika proiektu garatu genituela ni bertan egon nintzen bitartean. Adibidez, praktiken lehen urtean DBHko 4. mailakoekin Beldur Barik lehiaketara aurkeztu ginen Basaurin. Bi bideo sortu zituzten eta bideo batek sari bat irabazi zuen Basauri mailan.

Bestetik, Eman minutu bat… lehiaketan ere parte hartu genuen. Unesco Etxeak urtero ateratzen duen lehiaketa da eta urtero gai bat ematen dute. Proiektu hori gauzatu genuenean Eman minutu bat errefuxiatuen alde zen gaia. Gainera, urte hartan DBHko 4. mailan Saharako errefuxiatuen kanpamendutik etorritako neska bat zegoen eta bere bizitzako istorioekin proiektu zirraragarria egin genuen.

Horrez gain, praktiken bigarren urtean, joan den ikasturtean, First Lego League-ra joatea proposatu nien DBHko 4. mailakoei. Gasteizera joan ginen gure robota aurkeztera eta entrenatzailearen saria jaso genuen.

Solaorteko irakasleak eta ikasleak First Lego Leaguen, Entrenatzaile sariarekin // Argazkia: Enara Menoyo

Era berean, beste proiektu txikiagoak ere garatu nituen Soloarten, baina aipatutakoak potenteenak izan ziren.

Ekimen eta sari horiek motibagarriak izango ziren ikasleentzako, ezta?
Bai. Nik uste ikasle guztiek orokorrean behar dutela motibazio bat ikastetxera joateko. Eta pentsatu genuen, ‘zergatik ezingo du Hamaika Eskuko zentro batek -kasu honetan Soloarte ikastetxeak- First Lego League lehiaketan parte hartu?’. Orduan hasi ginen mugitzen eta robotikaren inguruan formakuntza jaso genuen irakasleok zein ikasleek. Egia esan ikasleek asko lan egin zuten eta robota egiteko jolastorduak ere erabili zituzten. Eta begira, Gasteizen podiumera igotzeko aukera izan zuten. Esfortzuak bere ondorio positiboak izan ditzakeela ikasi zuten. Soloarten batik bat baldintza sozioekonomiko baxuko jendea dago eta motibazio horiek ikasleen gogoak pizten dituzte nolabait.

Abenduan Bruselasen izan zinen Soloarte ikastetxeko ordezkari moduan.
Hala da. Bi urteko programa pilotu honen ondorioak aurkeztu nahi ziren eta horretarako herrialde bakoitzetik (bost herrialdek pate hartu zuen) gonbidatuak deitu zituzten. Euskal Herrian hamar ikastetxek hartu zuen parte eta horietatik Soloarte aukeratu zuten ordezkari bezala Bruselan bertako ondorioak aurkezteko. Soloartetik ni joan nintzen Sonia del Barrio irakaslearekin batera eta nire esperientzia azaldu nuen.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila ados dago bi urteko programa hau aurrera eramatearekin, baina orain erabaki behar dute nola ezarri daitekeen metodologia hau (praktikaldi luzeagoak) ikastetxeetan.

Zer ikasi duzu Soloarte ikastetxean bizi izandakotik?
Pazientzia gehiago edukitzen. Nerabeek ere arazoak dituztela errealitate bat da eta askotan helduak ez gara horretaz jabetzen. Ez da bakarrik ikasleek nota onak ateratzea, baizik eta pertsona moduan heztea. Soloarte ikastetxean ezagutu ditudan ikasleak oso desberdinak ziren bata bestearengandik. Eta zentzu horretan, kultura aniztasuna, genero berdintasuna ijito baten ikuspuntutik edota errespetua bezalako balioak ikasi ditut. Ikasle bakoitzak egoera ezberdina bizi du eta egoera horiek ezagutzeak pertsona moduan hazteko aukera ematen dizu. Soloarten egon nintzen bi ikasturteetan ikasi nuen familia bat dela, eta bertako kide nintzela sentitu nuen.


[IRITZIA] Esperientzia aberasgarria – Enara Menoyo

 

☉ Basauri

Ariz auzoan esku-hartze txikiak egiteko herritarren iradokizunak jasoko ditu Basauriko Udalak

Auzoetan esku-hartze edo obra txikiak egiteko prozesu parte-hartzailea abirazi du Basauriko Udalak. Arizen hasiko dute lehen esperientzia

|

Ariz auzoan abiarazi du Auzoegin programako lehen prozesu parte-hartzailea Basauriko Udalak // Google

Basauriko Udalak herritarren parte-hartze prozesu berria jarriko du martxan: Auzoegin. Auzoetan esku-hartze edo obra txikiak egiteko proposamenak egingo dituzte herritarrek.

Hasteko, lehen prozesu parte-hartzailea Arizen egingo du Udalak, baina udal ordezkarien asmoa da gainerako auzoetara zabaltzea: “Auzo batetatik hasi behar genuen eta Arizen izango da lehen esperientzia hau. Prozesuak herritarren onarpen ona badu, beste auzo batzuetara zabalduko dugu”, dio Asier Iragorri alkateak.

“Proposamenek Ariz auzoko hobekuntza zehatzei buruzkoak izan behar dute, neurri txikikoak, udal-langileek, hau da, obretako brigadakoek egiteko modukoak”, dio Iragorrik.

Hala nola, espaloiak konpontzea eta beheratzea, bankuak jartzea eta margotzea, loreontziak jartzea edo kentzea, argiztapena… “Gauza txikiak izan behar dira, herritarren egunerokotasuna errazten dutenak”, dio alkateak.

Parte-hartze prozesua zabalik dago maiatzaren 5era arte // Geuria

Errepide bat asfaltatzea proposatzea, esaterako, ez lukete onartuko udal teknikariek: “Prozesua ez da obra edo ekipamendu handiak proposatzeko. Garrantzia txikiagoko hobekuntzez ari gara, Udalak egin ditzakeen obra handiagoekin batera, gure kaleak erosoagoak eta atseginagoak izan daitezen”, zehaztu du Iragorrik.

Zelan parte hartu?

Herritarrek proposamenak egiteko epea zabalik dago maiatzaren 5era arte, eta prozesuan 16 urtetik gorako basauriarrek parte har dezakete. Udalak galdetegia bidaliko du Arizko etxeetara.

Ariz auzoko herritarrek edo auzoarekin harreman zuzena daukatenek egin ahal izango dituzte proposamenak // Basauriko Udala

Iradokizunak helarazteko hainbat bide erraztu ditu Udalak:

  • Arizen jarriko dituzte postontzien bidez. Postontziak egongo dira: Arizko Dorretxean, Agirre Lehendakaria kaleko Arizko autobus geltokian, Valencia kaleko metro geltokiaren sarreran, Katalunia kaleko 52. zenbakian, Leon kalean (metroko igogailuaren ondoan) eta udaletxeko Herritaren Arretarako Gunean
  • Karpa informatiboan. Apirilaren 29an, astelehenez, jarriko dute Arizko eliza aurreko plazan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara
  • Ados Basauri online plataformaren bidez

“Proposamenak jaso ondoren, Udalak adostutako jarduerak baloratu, zehaztu eta gauzatuko ditu. Onartutako esku-hartzeak ahalik eta arinen gauzatuko ditugu. Balorazioa egin eta lanari ekin”, dio Berta Montes Partaidetza arloko zinegotziak. 

Azkenik, egin diren ekintzen laburpen bat bidaliko du Udalak auzokoen etxeetara: “Zer egin dugun jakinaraziko diegu bizilagunei, bi helbururekin: Udala gardena izateko eta herritarrek ikusteko euren proposamenak ez direla alferrik galtzen”, dio Montesek.

“Gobernu taldeak oso argi du basauriarren parte-hartzea sustatzen bada, herritarrek gaitasuna sentituko dute Udalaren ekintzetan eragiteko. Horrek udal gaietan inplikatzea bultzatzen du eta komunitate sentimendua indartzen du”, dio Montesek.

Auzoegin: 20 urte

2013an aktibatu zuen Basauriko Udalak Auzoegin Auzoetako Ekintza Plana. “Plan horren helburua udalerriko hainbat puntutan hirigintza hobetzeko, modernizatzeko eta berroneratzeko ekintzak gauzatzea da, auzotarrek, elkarteek eta kolektiboek hainbat partaidetza-kanalen bidez egindako eskaerei erantzuteko”, dio Iragorrik.

“Orain, plan honek ekimen berri bat jarri du abian auzoetan edo udalerriko ingurune jakin batzuetan herritarren parte-hartze prozesu espezifikoak bultzatzeko, auzotarren lankidetza aktiboaren bidez”, dio Iragorrik.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basaurik 2024ko Itzulia Women lasterketako bigarren etaparen irteera eta helmuga hartuko ditu

Maiatzaren 11n izango da Itzulia Women 2024ko Basauri-Basauri bigarren etapa. Hego Uribe eskualdetik igaroko dira txirrindulariak

|

Maiatzaren 11n izango da Itzulia Women 2024ko Basauri-Basauri bigarren etapa // Argazkia: @SprintCycling (Itzulia Women 2023)

Gaur, apirilak 23, Itzulia Women 2024 lasterketaren ibilbide ofiziala aurkeztu dute Gasteizen. Lasterketa maiatzaren 10ean hasi eta 12an bukatuko da.

Lasterketak hiru etapa izango ditu, eta bigarrena Hego Uribe eskualdetik igaroko da. Zehazki, Basauritik irten eta amaituko da bigarren etapa, maiatzaren 11n, larunbatez.

Guztira 104 kilometro egingo dituzte emakume txirrindulariek Basauri-Basauri etapan.

“Ziurrenik edizio honetako etaparik urduriena izango da. 104 kilometro izango dira, hiru mendate puntuagarri eta amaieran hainbat igoera eta jaitsiera etorriko dira, ziurrenik etapa nork irabaziko duen ebatziko dutenak”, diote Itzulia Women lasterketako arduradunek.

Lehenego etapa da Gasteiz-Elgoibar (140 kilometro, maiatzak 10) eta hirugarrena Donostia-Donostia (114,9 kilometro, maiatzak 12).

Basauri-Basauri: ibilbidea

Itzulia Women 2024 lasterketaren bigarren etapa maiatzaren 11n, larunbatez, izango da. Irteera 10:45ean izan da eta lehen txirrindulariak 13:21etik 13:39ra bitartean iritsiko dira helmugara. Oraindik zehaztu barik dago non hasi eta non bukatuko den etapa.

Basauri-Basauri bigarren etaparen ibilbidea // Itzulia Women 2024

Basauritik eta San Migeletik itzuli bat egin ostean, Arrigorriagatik, Ugaotik eta Zeberiotik igaroko dira txirrindulariak. Ondoren, Sarasola Gainara helduko dira (hirugarren mailako mendatea), eta handik Igorrera eta Lemoara egingo dute.

Lemoa atzean utzita, Usansolotik igaroko da tropela eta handik Larrabetzurantz egingo du. Bertan Aretxabalgane Gaina (hirugarren mailakoa) egingo dute, eta Gamiz-Fika barruan Urruztigaina (bigarren mailako) egingo dute.

Larrabetzutik igaroko dira berriro txirrindulariak, eta Erletxetik Galdakaorako bidea hartuko dute. Galdakaon esprint berezi bat egongomda, 81,7. kilometroan.

Eta azkenik, Galdakaotik Basaurira helduko dira. Basaurin, 90. kilometroan bigarren eta azken esprinta egingo dute txirrindulariek eta hamar kilometro ondoren bukatuko da bigarren etapa.

Basauri Kirolaren Europako Hiri da aurten, eta horren barruan hartuko du herriajk 2024ko Itzulia Women lasterketa, urte hasieran GEURIAn adierazi genuen bezala.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Alex Garcia Galas basauriarrak errekuperazio aldi “oso luzea” izango du Gurutzetako Ospitalean

Igandean bertan, Thailandiatik aberriratu zutenean, kendu zioten kaltetutako pankrea zatia Gurutzetako Ospitalean

|

Alex Garcia Galas basauriarra Gurutzetako Ospitalera iritsi zen momentuan // Argazkia: Eitb Media

Alex Garcia Galas basauriarra indarberritzen ari da Gurutzetako Ospitalean. Igandean aberriratu zuten Thailandiatik pankreatitisak jota eta egunean bertan kendu zioten kaltetutako pankrea zatia.

Zaintza Intentsiboetako Unitatean (ZIU) dago eta errekuperazio aldi “oso luzea” izango duela iragarri dute Gurutzetako medikuek.

Medikuek jakinarazi dute Alex kontziente eta egoera egonkorrean dagoela, duela bi hilabetetik jasaten ari den abdomen-prozesuaren larritasunaren barruan, eta Medikuntza Intentsiboko taldearen ardurapean jarraitzen du bere tratamenduarekin.

Asteburu solidarioa

Apirilaren 27an eta 28an antolatu du asteburu solidarioa Basozelaiko El Maño Auzo Elkarteak, Alexen familiari laguntzeko.

Besteak beste, haurrentzako parkea, urdaiazpiko moztailea, paella solidarioa, bingo solidarioa, barra solidarioa eta zozketak antolatu dituzte. Egitaraua osorik hemen.

Bilduko duten dirua Alexen familiari emango diote. Izan ere, basauriarra Thailandian ospitalean egon zen bitartean (bi hilabete) egunero 3.000 eta 4.000 euro artean gastatu zituen familiak Alexi mediku probak egiteko.

Bestetik, itsulapikoak ere jarri ditu Basozelaiko Auzo Elkarteak Basauriko saltokietan.

Osorik irakurri

☉ Basauri

‘Udaberriko Kontzertuak’ ekimenak musika klasikoko sei emanaldi hartuko ditu 25. urteurrenean

|

BOSeko hari-laukotea // BOS

‘Udaberriko Kontzertuak’ programak 25 urte beteko ditu. Musika klasikoa herritar gehiagorengana hurbiltzeko asmoz sortu zuen Udalak ekimena 1998an.

Aurten sei kontzertu antolatu dituzte, eta emanaldi guztiak maiatzean zehar izango dira. Besteak beste, Eresma Guitar Duo, Lorena Ferreiro, Basauri Koral Elkartea, Ugaoko Sarea Abesbatza, Edna boskotea (Musikene), Ellas eta Puccini entzun ahal izango dituzte herritarrek.

Kontzertuak San Migeleko Taberna Nagusian eta San Migeleko elizan izango dira, “eraikin horietan sortu baitziren duela 500 urte baino gehiago Basauriko lehen udaletxea eta lehen eliza”, diote udal ordezkariek. Social Antzokian ere kontzertu bat programatu dute.

“Kontzertu-zikloaz gain, Udaberriko Kontzertuak dibulgazio-programa bat ere bada, jarduera ugari antolatzen dituena haurrentzat eta familientzat. Gainera, ahalegin berezia egiten da emakumeek konposatutako lanak ezagutarazteko, oso gutxitan entzun baitaitezke ohiko programazioetan”, diote udal arduradunek.

Haurrentzako jarduerak euskaraz izango dira Basozelai Gizarte Etxean, Pozokoetxe Kultur Etxean eta Kareaga Gizarte Etxean.

Egitaraua / Udaberriko Kontzertuak 2024

Maiatzak 3, ostirala
‘Las dos caras de la guitarra’, Eresma Guitar Duo: Eva Calvo eta Alvaro Peón
20:00 Taberna Nagusia

Maiatzak 10, ostirala
‘Al son de la Belle Epoque’. Lorena Ferreiro (sopranoa) eta Iñaki Velasco (pianoa)
20:00 Taberna Nagusia

Maiatzak 18, larunbata
‘Acercándonos a los clásicos’. Jose Angel Robles (zuzendaria), Esther Garcia (sopranoa), Miriam Cepeda (pianoa), Basauri Koral Elkartea, Ugaoko Sarea Abesbatza eta Cuarteto Diverdi
20:00 San Migeleko eliza

Maiatzak 24, ostirala
Edna boskotea (Musikene)
20:00 Taberna Nagusia

Maiatzak 26, igandea
‘Ellas: mujeres compositoras del s. XIX francés’. Andrea Jimenez (soprano), Nestor Sutil (flauta) eta Marion Desjacques (arpa)
‘Puccini & Verdi’. Cuarteto de cuerda de BOS
19:00 Social Antzokia

Osorik irakurri

☉ Basauri

Ibai Magdaleno Basauriko Javi Conde klubeko atleta Munduko Virtus txapelduna da

|

Ibai Magdaleno podiumean // Javi Conde Kluba

Ibai Magdaleno Basauriko Bertako-Javi Conde Klub Paralinpikoko atleta Munduko Virtus txapelduna da 10 kilometroko lasterketan.

Txapelketa Kazakhstaneko Almaty hirian (Asia) jokatu da pasa den asteburuan. “Lehiaketa zirkuitu bihurgunetsu batean egin da, 700 metrotik gorako altueran, eta zaila izan da proba egitea”, adierazi dute Javi Conde klubeko ordezkariek.

Magdalenok 33 minutu eta 15 segunduan egin zuen 10 kilometroko proba, eta mendean hartu zituen Daniel Bosy poloniarra eta Victor Karadzhov bulgariarra.

“Denboraldi bikaina egin du Ibaik. Laredon 10 kilometroko ibilbideko lasterketan errekorra egin zuen (33’05”) eta Reimseko (Frantzia) munduko txapelketetan pista estaliko 3.000 metroetako proban laugarren postuan bukatu zuen”, diote.

Magdalenoz gain, Javi Conde klubeko Raul Martinez atletak Maratoi Erdian parte hartu zuen Almaty Munduko Txapelketan eta laugarren bukatu zuen.

“Datorren astean, Ibaik eta Raulek gainerako taldekideekin batera lehiatuko dira FEDDI Espainiako Txapelketan, Valentzian”, diote Javi Conde klubetik.

Osorik irakurri