Sareak

☉ Basauri

Sute-abisua egon da Basauriko Balendin Berriotxoa kaleko etxebizitza batean

|

Basauriko Balendin Berriotxoa kaleko etxebizitza batean sutea piztu dela eta, abisua jaso dute suhiltzaileek. Suhitzaileak bertaratu dira. Sutea itzali eta etxebizitza aireatzen jarri dute.

☉ Basauri

Bideoa | Indarkeria matxistaren biktimentzako “arreta duina” eskatu du Basauriko Asanblada Feministak

|

Indarkeria matxistaren biktimek eta bizirik atera direnek arreta egokia jasotzen ez dutela salatu du Basauriko Asanblada Feministak.

“Baliabide egokirik ez izateak dakarren berbiktimizazioa eta indarkeria instituzionala mahai gainean jarri nahi ditugu”, salatu dute.

Azaroaren 25ean, Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Egunean, Basauriko Asanblada Feministak gutuna publikatu zuen GEURIAn [hemen irakurgai] eta atzo, azaroak 27, elkarretaratzea egin zuten Bentako plazan.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Mercadona zigortu dute epaitegiek haurdun zegoen langile bat diskriminatzeagatik

Mercadonak 7.500 euroko kalte ordaina eta beste 6.326 euro eman behar dizkio langileari, “ordaindu gabeko primagatik”, diote ELA sindikatutik

|

Basauriko Mercadona // Google

Epaitegiek Mercadona zigortu dute aldi baterako ezintasun-egoeran haurdun zegoen langile bat diskriminatzeagatik.

ELA sindikatuak azaldu duenez, primaren ordainketa kendu zioten: “Langilea haurdunaldiagatiko bajan zegoen, besteak beste, zorabioengatik. Enpresak jakinarazi zion ez zegoela ados aldi baterako ezintasunarekin, eta horregatik ez ziotela zegokion 6.326 euroko prima ordainduko”, adierazi dute sindikatuko ordezkariek.

Zenbateko horrez gain, 7.500 euroko kalte ordaina eman beharko dio Mercadonak emakumeari, “diskriminazioagatiko oinarrizko eskubidea urratzeagatik”.

“Nabarmendu nahi dugu kasu hau ez dela salbuespena. Mercadonak modu planifikatuan eta diseinatuan jarduten du langileek uko egin dezaten aldi baterako ezintasunei, lanaldi murrizketei edo zaintzagatiko eszedentziei”, salatu dute ELAko ordezkariek.

“Horregatik, Mercadonako dendetan egiten diren irregulartasunen eta bidegabekerien aurrean borrokan jarraituko dugu, bai sindikaldi bai juridikoki”, adierazi dute ELAtik.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak | Iñaki Artola pilotariak eta Iker Iriarte botilleroak hitzaldi jendetsua eskeini dute Artunduagako frontoian

|

'Kirolarien psikologia' izeneko hitzaldia eskaini zuten Artolak eta Iriartek // Geuria

Iñaki Artola pilotari profesionalak eta Iker Iriarte bere botilleroak hitzaldi  jendetsua eskaini zuten atzo arratsaldean Basauriko Artunduaga pilotalekuan,  ‘Kirolarien Psikologia’ gaia hizpide hartuta.

Jardueraren ardatza Bidebieta Pilota Elkarteko pilotariekin sortutako lotura izan zen. Hitzaldia amaitzean, haurrek eta gazteek galdera ugari egin zizkieten Artolari eta Iriarteri, eta gustora erantzun zituzten.

Pilotariak eta botilleroak gaztetxoen jakin-mina eta ilusioa azpimarratu zuten, eta eskolako ikasleekin sortu zen giroa nabarmendu zuten. Pilotari profesional batek bizi dituen une gogorrez eta lorpenen atzean dagoen lanaz hitz egin arren, Artolak eta Iriartek pilotarekiko zaletasuna eta pasioa transmititzea lortu zuten.

Kirol munduaren alde ezezaguna ikusarazteko eta herriko pilota mugimendua indartzeko balio izan zuen jarduerak.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Isabel Cadenas Cañon basauriarraren ‘Se llamaba como yo’ podcastak jaso du Ondas Saria

“Eskerrik asko, benetan, epaimahaiari, familia baten isiluneak, isilune indibidualak eta herri oso baten isilune kolektiboak lotzen dituen istorio honen memoria konplexua aintzatesteagatik”, esan du Isabelek

|

Isabel Cadenas Cañon eta Begoña Urroz Ibarrola podcasteko protagonista, Ondas Saria jaso zuten atzo Bartzelonan // Youtube: Cadena Ser

Ondas Sariak banatzeko ekitaldia antolatu zuten atzo Bartzelonako Teatre del Liceun. Eta, azaroa hasieran iragarri bezala, Isabel Cadenas Cañon basauriarrak podcast onenaren Ondas saria jaso du.

‘Se llamaba como yo’ podcast sortak jaso du saria, epaimahaiaren arabera, “historia handiak, askotan, gizarteak edo gutako bakoitzak errealitate deserosoak ezkutatzeko altxatzen dituen isiluneen atzean ezkutatzen direla balioesteagatik”.

Isabelek saria jaso zuenean zera esan zuen: “‘De eso no se habla’ proiektuan oso material hauskorra lantzen dugu, etxe bakoitzeko ateen atzean ezkutatzen diren isiluneak, alegia. Eskerrik asko, benetan, epaimahaiari, familia baten isiluneak, isilune indibidualak eta herri oso baten isilune kolektiboak lotzen dituen istorio honen memoria konplexua aintzatesteagatik”.

“Isiltasun indibidualak eta kolektiboak batzea da podcast honetan gehien gustatzen zaigun bigarren gauza. Gehien gustatzen zaigun gauza istorioen protagonistak entzutea da”, amaitu zuen bere hizketaldia Isabelek.

‘Se llamaba como yo’ podcast sortako ordezkariak // Youtube: Cadena Ser

 

Orduan, Begoña Urroz Ibarrolari eman zion hitza, podcastaren protagonista nagusia: “Nik eskerrak eman nahi dizkiet Isabeli eta bere taldeari lan zorrotz eta bikain honengatik jaso duten sari honengatik. Entzun duzuenok nire ahotsa ezagutu duzue, eta gaur hemen ezagutu nazazue. Gurasoak eta anaia ez daude jada gurekin, baina ziur nago entzun izana gustatuko zitzaiela eta behar izango zutela. Eskerrik asko”.

Isilarazitako sekretuak

Podcastak Begoña Urroz Ibarrola du protagonista. 1960. urtean, 22 hilabete zituela, Donostiako Amarako tren geltokian leherrarazi zuten bonba batek hil zuen.

Urteetan zehar, ETA erakundeari egotzi zitzaion erasoaren egiletza eta talde horren lehen atentatu hilgarritzat jo izan zen. Eta, bertsio horri erakunde ofizialek, komunikabideek eta zenbait politikok eutsi zioten.

Geroago egindako ikerketen arabera, atentatua DRIL taldeak egin zuen (Directorio Revolucionario Iberico de Liberación). 1959. eta 1964. urteen artean frankisten aurka jardun zuen taldeak, eta galiziar eta portugaldar erbesteratuek osatu zuten.

Eta Begoña hil eta bi urtera bere ahizpa jaio zen: Begoña Urroz Ibarrola hau ere. Emakume horren istorioa berreraiki du Isabelek podcastean: neskato haren dolua ezkutuan bizi izan zuen familia batena; ikerketa ezinezkoa zirudien garaiko isiltasuna; eta 50 urte geroago, isiltasuna apurtzera etorri zen zarataren istorioa.

‘Se llamaba como yo’ podcasta zortzi kapituluk osatzen dute eta entzungai dago hainbat plataformetan. Hala nola, EITBren GUAU audio plataforman.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Iñaki Artola pilotariak eta Iker Iriarte botilleroak hitzaldia eskainiko dute bihar Basaurin

‘Kirolarien psikologia’ hitzaldia eskainiko dute bihar, azaroak 27, Artunduagako pilotalekuan. Sarrera doakoa izango da

|

Iñaki Artola pilotaria eta Iker Iriarte botilleroa // Baiko+Bertsozale

Esku Pilota profesionalaz berriro gozatzeko aukera izango da Basaurin. Aurten ere Basaurik pilota profesionalaren aldeko apustua egin du eta Binakako Txapelketaren jardunaldietako bat jokatuko da Artunduagako frontoian azaroaren 28an, ostiralez.

Peio Etxeberria lau t’erdiko txapeldunak jokatuko du Beñat Rezustarekin batera, eta aurkari izango dituzte Javi Zabala (lau t’erdiko txapeldunordea) eta Julen Marija.

Bigarren mailako partida ere jokatuko da Artunduagan Peña II-Salaverri eta Zubizarreta III-Aranguren bikoteen artean.

Partida profesionalen aitzakian, Bidebieta Pilota Elkarteak bihar, azaroak 27, 18:45ean jarduera bat antolatuko du Artunduagako pilotalekuan: Iñaki Artola pilotariaren eta Iker Iriarte botilleroaren hitzaldia, hain zuen.

“Iñaki Artola pilotari profesionala eta Iker Iriarte bere botileroa Artunduagara etorriko dira, nahi duten pilotari eta familia guztiekin arratsalde atsegin bat pasatzera”, diote. Hitzaldia euskaraz izango da eta ordu eta erdi inguru iraungo du.

Osorik irakurri