→Basauri

Udan etxebizitzak eta dendak zaintzeko zerbitzua abiarazi du Basauriko Udaltzaingoak

basauri udaltzaingoa 2015

Etxeetan edo saltokietan larrialdirik gertatuz gero, Udaltzaingoak abisua emango dio kanpoan egongo den herritarrari. Duela bi urtetik hona 341 basauriarrek edo merkatarik eman dute izena.

Basauriko Udaltzaingoak martxan jarri du aurtengo udan zehar etxebizitzak eta dendak zaintzeko zerbitzua. Horren xedea da datozen hilabeteotan udalerrian egongo ez diren herritarrei abisua ematea, kanpoan diren bitartean euren etxean edo establezimenduan larrialdirik gertatuz gero. Duela bi urte hasi zen Udaltzaingoa zerbitzu hau ematen eta dagoeneko 341 dira datu-basean izena eman duten herritarrak eta merkatariak.

Larrialdien berri jaso ahal izateko, herritarrek honako datu hauek eman beharko dizkiote Udaltzaingoari: izen-abizenak, helbidea, kanpoan egongo diren aldia eta harremanetarako telefono-zenbakiak. Saltokien kasuan, aipatutakoez gain, dendaren izena ere adierazi beharko dute. Datuak isilpekotasun osoz erabiltzen dira, bakar-bakarrik emanak izan diren xederako. Aipatutako zerbitzuarekin batera, izena ematen duten guztiek etxebizitzetan lapurretak ekiditeko aholku-sorta jasoko dute posta elektronikoan edota etxean bertan.

NOLA EMAN IZENA?

Zerbitzu honetan izena emateko hainbat bide izango ditu interesatuak. Alde batetik, Udaltzaingoaren Azbarreneko bulegoetara hurreratuz -astelehenetik igandera eguneko 24 orduetan zehar- eta bestetik, Bidearteko arreta-bulegora joaz (Bidearte 6) -astelehenetik ostiralera, 08:00-13:30 bitartean-. Era berean, 944 666 341 telefonoa eta policia_local@basauri.net posta elektronikoa ere erabili daitezke, egun osoan zehar.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak