→Basauri

Yeri Ospina: “2016ra arte 250.000 bat herritar hiltzen ziren urtero Kolonbian. Orain 50.000 inguru”

Basauri Yeri Ospina Kolonbia FARC
Basauri-Bidebietako bidegurutze nagusian atera nahi izan du argazkia Yerik / Geuria

Giza Eskubideen defentsan diharduen Yapawayra Fundazioko langilea da Yeri Lili Ospina Moreno kolonbiarra. Yapawayra Fundazioaren bazkide da Colombia-Euskadi elkartea. Yeri Ospina gurera etorri da Basauriko Udalaren Kooperazio Sailaren eta Foru Aldundiaren Lan, Gizarteratze eta Berdintasun Sailen laguntzarekin.

Zertan datza zure lana Kolonbian?
Zuzenean emakumeekin eta neska gazteekin lan egiten dut Kolonbian. Zehazki Planadas udalerrian, Tolimako departamentuan. Bertan hainbat proiektu gauzatzen ditu Yapawayra Fundazioak. Izan ere, lurralde horrek Farc-EP (Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak-Herriaren Armada) eta Kolonbiako Gobernuaren arteko gatazka armatua zuzenean pairatu du. Horregatik, lanean hasi ginen Planadasen eta diagnostiko bat egitean konturatu ginen emakumeak eta neska gazteak izan direla gehien sufritu dutenak. Gatazka armatuan biktima zuzenak izan dira: lekualdaketak egin behar izan dituztenak, euren senideak galdu dituztenak edota erailak izan direnak. Euren errealitatea oso gogorra izan da: oro har, borrokalarien amak, arrebak, alabak eta emazteak izan dira.

50 urteko gatazka batean bizi izan dira.
Farc-EP eta gobernuaren arteko gatazkak 52 urte iraun du, 60. hamarkadatik 2016an bake-hitzarmena sinatu zuten arte. Akordioa onuragarria izan da lurralderako eta batez ere landa-eremuetako herritarrentzako. Hein batean lasaitasuna ekarri die bake-hitzarmenak: heriotza, lekualdatze eta hilketa indizerik altuenetatik tasa horiek dezente murriztu baitira gaur egun.

Zenbatekoak izan dira indize horiek eta zenbateraino murriztu dira?
Fundazioak azterketa bat egin du orokorrean Kolonbiako egoeraren inguruan. 2016ra arte heriotza eta hilketa indizeari dagokionez, urtean 250.000-300.000 pertsona hiltzen ziren, eta lekualdatzeei dagokienez, Kolonbia lekualdatzerik handienak jasan dituen munduko bigarren herrialdea da. Kasu honetan, barneko lekualdatzeak izan dira nagusienak. Bake-akordioa sinatu zutenetik, hilketa eta heriotza tasa 50.000 pertsonara murriztu da, eta lekualdatzeak ere gutxitu egin dira.

Batez ere gatazka armatuak landa-eremuetan izan du eragin gehien.
Eremurik zapalduenak izan dira. Lur-eremu zabalagoa hartzeko helburuarekin gerrilariek landa-eremuak hartzen zituzten eta bertan legez kanpoko plantazioak hazten zituzten. Adibidez, koka edo opioa. Horrek lekualdatzeak egitera behartzen zituen bertako laborariak. Gatazkan izan diren hilketa gehienak zibil arruntak eta inongo alde edo taldeko kide ez zirenak izan ziren.

Planadas udalerrian zein izan da egoera?
Azken errolda datuei dagokienez -orain dela urte asko-, Planadas herriak 44.000-50.000 biztanle inguru zituen (gutxi gorabehera Basaurik bezala). Bertako lurren %60a lan-eremuak dira, eta hortaz egoera zaila bizi izan dute bertako biztanleek gatazka armatuaren garaian, 52 urtez. Hildakoak, desagertutakoak edota zapalduak izan dira bertako herritarrak, batez ere emakumeak.

2016an bake akordioaren erreferenduma izan zen Kolonbian. Zein hausnarketa egiten duzu horren inguruan?
2016ko urriaren 2an erreferenduma antolatu zuten herritarrek gobernuaren eta gerrillaren arteko bake akordioak berresteko, baina aurreikuspenen aurka ezezkoa garaile atera zen oso tarte txikiarekin (%50,2 ezezkoaren alde eta %49,7ak baiezkoa bozkatu zuen). Baina garrantzitsua da esatea ezezkoak hirietan irabazi zuela, gatazka armatua apenas jasan duten lekuetan, alegia. Planadasen, esaterako, gatazka hori bete-betean jasan duten tokian, baiezkoak irabazi zuen. Landa-eremu langileetan baiezkoak irabazi zuen.

Ezezkoak irabazi arren, Bake Ituna sinatu zuten Farcek eta gobernuak.
Bai. Akordio berria sinatu zuten bi delegazioek azaroaren 12an. Azken hitzarmen horrek sei puntu biltzen ditu: landa-erreforma integrala (lursailen legalizazioa eta plantazioak orekatzea); arma guztiak entregatzea; Farc-en parte-hartze politikoa (Fuerza Alternativa Revolucionaria del Común alderdi politikoa sortu dute); gatazka armatuko biktimei partaidetza ematea (oraindik ere puntu hau ez dute bete); legez kanpoko drogen arazoari irtenbidea bilatzea; eta, akordioa betetzen ari dela egiaztatzea (herritarrak berriro ere gizarteratzea eta euren bizi-kalitatea hobetzea).

Zer ekarri du orain arte bake-akordioak?
Gatazka egunero gertutik bizi izan duten komunitateei berpizteko aukera ematen die bake-akordioak: zerotik hasi, garatu eta herritarren bizi-kalitatea hobetu. Funtsezkoa da akordioa iraupen luzekoa izatea, ahal dela, betirako. Gure helburua da akordioa, gutxienez, %50ean betetzea, baina gaur egun ozta-ozta %30era heltzen da. Hala ere, bakearen alde egiten jarraituko dugu, hori baita etorkizun hobe bat ereiteko bide bakarra.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak