→Basauri

Zurrakapotea, 40 urte Basaurin

Los Turcos alt text

Basauriko Turcos koadrilak Nafarroako Erriberatik ekarri zuen zurrakapotea eta lagun artean edateko prestatzen zuten. Nork imajinatuko zuen garai hartan ia 50 urtetako herentzia utziko zutenik!

Basauriko zurrakapotearen jatorria ezagutzeko 60. hamarkadako amaierara itzuli behar dugu. 1968an hamar koadrila egun ezagutzen ditugun San Faustoko jaiak ospatzen hasi ziren, horien artean Turcos izenekoa. Bertan, Antonio ‘Sesma’ -ezizen horrekin ezagutzen zuten lagunek- gaztea zegoen. Jaioterria Sesman (Nafarroako Erribera) zuen baina basauriarra zen eta bere herriko festetako edaria ekarri zien Basauriko lagunei. Behintzat, horrela gogoratzen dute Iñaki Intxaustik eta Jaime Izagirrek, Turcos-eko sortzailetako bik. Ziur asko Nafarroan bizi izandako istorioak Basauriko jaietan ere bizi nahi izango zituen eta horretarako zurrakapotea lagungarri izango zela pentsatu zuen “Sesma”k.

Turcos koadrilakoak edabea dastatzeko prest agertu ziren. Prestaketa oso erraza zen: ardo klaretea, limoien zukua, kanela, azukrea eta dena nahastu. Gero, jalkitzen utzi eta edan. Ardoarekin ere ez zen arazorik egon. Sabino Gojenola zen hornitzailea. Garai hartan, Galarreta upeltegietan lan egiten zuen. Upel txikiak erabiltzen zituzten zurrakapotea egiteko eta denek lan egiten zuten “Sesma”ren aginduak betez, bera baitzen zurrakapotea egiten trebeena. Jaime Izagirreren gogoeten arabera, “denok lagundu behar izaten genuen, koadrilan 18-20 lagun ginen hasieran eta irakaslearen aginduak betetzen genituen. Normala da, orain, hain jendetsuak diren koadriletan zurrakapotearen lana gutxi batzuen esku geratzea”.

Gaur egun, Basauriko jaietako 15 koadrilek batez beste 30.000 litro egiten dituzte urtero baina urte haietan “ezinezkoa zen hainbeste edari egitea”. Koadrilan ez ziren asko eta zurrakapotea nobedadea zen gehiengoarentzat. “Guretzat eta lonjara zetozen lagunentzat prestatzen genuen, beraz, gutxi egitearekin nahikoa zen. Amaitzen zenean berriro prestatzen genuen”, dio Intxaustik.

 

AZKAR HEDATU ZEN
Zurrakapotea Basaurira heldu eta urte gutxitara, beste bederatzi koadrilek edaria egiten ikasi zuten eta jaietan ezinbesteko bihurtu zen. Koadrilak honako hauek ziren: Turcos, Zoroak, Piratas (orain Itsaslapurrak), Zigorrak, Edurreko dantzariak, Txikerrako lagunak, Laguntasuna, Ogeta Bat-eko 21ak, Hauspoak eta Incas taldeko neskak. Ondoren etorri ziren Aldatxa, Basajaunak, Mozkorrak, Ontzak, Txano Gorritxu, Alaiak eta Urbiko Lagunak.

Berrogeita sei urte pasatu dira egun ezagutzen ditugun jaiak jaio zirenetik eta berrogei inguru, basauriarrak zurrakapotea dastatzen hasi zirenetik. Hori bai, edaria egiteko modua aldatu egin da, adibidez, gaur egun basauriarrek nahigo dute ardo beltza hasierako klaretea baino.

 

ZURRAKAPOTEA, CALAHORRAN SORTUA
Non du sorterria zurrakapoteak? Oso zaila da zehatz-mehatz jakitea baina askoren ustetan Calahorran (Errioxa) hasi ziren “edabe magikoa” egiten. Are gehiago, bertako Peña Philips ‘Mientraselcuerpoaguante’ taldeak -aurten bere 60. urteurrena ospatu duenak- zurrakapotearen benetako bultzatzailea dela uste du eta benetako errezeta eurek bakarrik ezagutzen dutela diote.

Egia izan ala ez, San Faustoetako edaria ohikoa da Errioxako hainbat herritako jaietan. Gainera, beste hainbat lekutara hedatu da, adibidez, Burgos, Soria, Nafarroako Erribera, Euskadi, Albacete, Granada, Jaen, Ciudad Real, Cuenca edo Guadalajarara. Gainera, prestatzeko eta edateko modua ezberdina da herri bakoitzean. Adibidez, Sorian ardoari ura botatzen diote eta ondoren bestelako osagaiak.

Gora