→Basauri

Basrollerreko patinatzaileek Le Mans-eko 24 orduko txapelketan parte hartu dute

basauri basroller erreportajea 2015

Patinaje taldea da Basroller eta kirol eskaintzan pixkanaka bere lekua hartzen ari da bai Basaurin bai inguruetan. GEURIA Andres de Regil patinatzailearekin izan da patinajearen mundua hizpide hartuta.

2005. urtean hasi zen Andres De Regil (Galdakao, 1963) monitore lanetan Basauriko Artunduaga ki­roldegian, patinaje modalitatean: “Abiatze-ikastaroan hainbat talde osatu ziren, haurrena zein nagusie­na”. Teknikan eta praktikan hobe­kuntza ikusi ondoren, ikastaroetatik haratago joatea erabaki zuten hain­bat lagunek eta patinaje elkartea sortzea pentsatu zuten, Basaurin eta inguruetan gurpil-kirola heda­tzeko. Hori dela eta, 2007. urteko maiatzean eratu zen Basroller Kirol Elkartea.

Hastapen urteetan Basauriko herritarrek osatzen zuten taldea, baina inguruetako herrietan patina­jea ez zegoenez oraindik hedatuta, Galdakaoko, Arrigorriagako edo­ta Bilboko jendeak ere izena eman zuen Basroller-en.

Gaur egun, 70 bat kide daude federatuta -denak adinez nagusiak-: “Adin txikikoek ere lekua dute tal­dean, baina gure araudiaren arabera ezin dira elkarkidetu. Hori bai, etxe­ko norbait federatuta egonez gero, lotura estua du umeak Basroller-e­kin”, dio De Regil kideak. Guztira, fe­deratu zein ez, 85 lagunek osatzen dute Basroller. “70 urte ditu patina­tzailerik helduenak. Europako hain­bat txapelketetan parte hartu du bere kategorian, eta egia esan, oso patinatzaile ona da. Txikienak 10 urte izango ditu. Esan daiteke, adin-sorta oso zabala duela taldeak”.

IBILBIDEAK, ABIADURA, HOCKEYA ETA ESKOLA

Pertsona orori zuzendutako irtee­rak antolatzen dituzte, “normalean familia giroko eta gaueko irtee­rak”, baina gaur egun murriztu egin behar izan dituzte. Gehien antola­tzen dituzten jardueren artean abia­dura-irristaketa eta gurpil-lerroko hockeya daude. Andres De Regilen esanetan, “azken ekintza horretan talde bat sortu da eta astero parti­duak izaten dituzte”. Abiadura-irris­taketari dagokionez, txapelketetan hartzen dute parte taldekide gehie­nek: “Proba hauek gehiengoaren gustukoak dira. Lehiaketetan par­te hartzeak asko erakartzen gaitu, nahiz eta oraindik denak oso profe­sionalak ez izan”.

Profesionaltasun hori hobetze­ko asmoarekin, teknika lantzeko entrenamenduak egiten dituzte: “Urtero ‘clinic’ delakoa egiten dugu, hau da, Selekzio Nazionaleko entre­natzailea gurera etorri eta teknika hobetzeko ikastaroa ematen digu”. Hori gehienbat nagusiei zuzendu­ta egiten dute; izan ere, adin txiki­koentzat Basroller Patinaje Eskola dute. De Regilek dioenez, “txikiek askoz errazago ikasten dute tek­nika, ahalmen handiagoa dute”. 2011/2012 ikasturtean ireki zuten eskola. 10 eta 16 urte bitarteko ha­mabost ume daude inskribatuta eta Bizkaia mailako lehiaketetan parte hartzen dute. Entrenatzailea Kuba­ko selekzioko patinaje taldean aritu da.

PATINAJEAREN BILAKAERA

Kirol munduan patinajeak igoe­ra izan duela aitortu du Andres De Regilek: “Lehen zaila zen 60 pati­natzaile elkartzea; gaur egun, oste­ra, txapelketetan 200 eta 500 lagunen artean bil­tzen gara. Gero eta laster­keta gehiago daude eta horrek jende berria era­kartzen du. Running-ak izan duenaren antzeko efektua izaten ari da irris­taketa, baina neurri txi­kiagoan”.

“Running lasterketa gehie­netan patinatzaileen partaidetza ahalbidetzen dute antolatzaileek”, dio Andres De Regilek, “eta horre­tan aurrerapausoa eman da, lehen horrelakorik ikustea zaila baitzen”. Hala ere, aurrerakuntza hori ez da guztiz finkatu: “Oraindik ere lehia­ketak korrikalarientzako pentsatuta daude eta denbora gehiago behar da running lasterketak patinatzai­leen errealitatera moldatzeko”.

ENTRENATZEKO LEKU FINKORIK EZ

Hainbat patinodromo eta entrena­tzeko bestelako leku asko daudela dio Basroller taldeko kideak, “baina ez hemen, ez gure inguruan. Izan ere, Bizkaian eta Gipuzkoan apenas dago horrelakorik”.

Irristaketarekiko kultura areagotzen ari dela adierazi du De Regilek: “Hala ere, bidego­rrietan lotsaz gorritu izan gara noiz­bait, espazioa elkarbanatzen dugu­lako bizikletekin eta oinezkoekin”. Hori dela eta, inguruetan entrena­tzeko “leku aproposik” ez dagoela salatu du patinatzaileak: “Indus­trialdeetan entrenatzen dugu maiz trafikorik ez dagoenean. Batzuetan arrisku-kirola praktikatzen dugula esan daiteke”.

Dena dela, “denbora luzez” bila aritu ondoren, oraingoz Erandioko asfaltozko atletismo pista bat lortu dute entrenamenduak egiteko. “As­tean hiru alditan joaten gara Eran­diora, baina horrek entrenamendu jarraikorra egitea galarazten digu. Ez dugu entrenatzeko leku finko­rik”.

Irristaketa kirol oso teknikoa dela, eta teknika hori hobetzeko egunero entrenatzea oso garran­tzitsua dela dio De Regilek. Horiek horrela, “teknika on batekin eta es­fortzu gutxiagorekin errendimendu gehiago lortzen da eta hori oso la­gungarria da txapelketak irabazte­ko”.

 


24 ORDU LE MANS-EN

Basroller Kirol Elkartea sortu zen urte berean -2007an, alegia- Le Mans (Frantzia) zirkuituko patin lasterketa probatu zuten hainbat ki­dek. Erresistentzia-Patinaje lehiaketa da, 24 ordukoa. Andres de Regil patinatzailearen esanetan, “munduko irristaketa ekintzarik garrantzi­tsuena da: 8.000 patinatzaile inguruk hartzen dute parte. 24 ordu­ko lasterketa zoratzeko modukoa da, baina noski, ez duzu egun osoa gurpil gainean ematen. Taldekako txapelketa da eta txandaka irteten da zirkuitura”.
Espainiako Calafateko (Tarragona) eta Kanadako zirkuituek ere 24 orduko probak antolatzen dituzte, “baina ez dira hain ezagunak”, dio De Regilek. Ekainaren 27an eta 28an ospatuko da Le Mans-eko txa­pelketa eta Basroller taldeko batzuek parte hartuko dute: “Nolabai­teko Euskadiko Selekzio informala egin dugu Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko patinatzaile onenekin eta bertara joango gara. Helburua Master (beterano) kategoriako garaikurra eskuratzea da”.
Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak