Azala

Eskolen lana euskara pizteko

basauri arizko ikastola umeak 2014

Ikastetxeetan ikasleek euskaraz ikasi arren, errealitateak beste zerbait islatzen du: Basauriko, Galdakaoko, Arrigorriagako, Etxebarriko, Ugaoko eta Zaratamoko kaleetan gaztelania da nagusi.

Hego Uribeko herrietan euskara­ren egoera ez dago bere gailurrik gorenean. Gure eskualdean eus­kararen erabilera murritza dela esan daiteke. Izan ere, etxetik irten eta normalean entzuten den lehen­dabiziko hitza gaztelaniazkoa da. Hezkuntza arloan, hala ere, euskara­ren erabilera indartzeko ahaleginak egiten dira eta D eredua gainontze­ko beste ereduen artean gailentzen dela aipatu beharra dago: Basauriko 5.414 ikasleetatik %73,1ak euskara hutsean egiten ditu ikasketak, Gal­dakaoko 3.732 ikasleen %91k eredu murgilduan ikasten du, Arrigorriagan 1.697 ikasleetatik %89ak, eta Etxe­barriko (1.224 ikasle), Ugaoko (356 ikasle) eta Zaratamoko (148 ikasle) eskolek %100ean irakasten dute euskaraz.

Guztira 12.571 ikasle daude Hego Uribeko eskualdean eta ho­rietatik %92,16ak D ereduan egi­ten ditu ikasketak. Zenbaki horrek ordea ez du islarik errealitatean. Eta hori eskoletan badakite. Horregatik ikastetxe guztiek euskara sustatzeko hainbat kanpaina egiten dituzte, hala nola, Euskaraz Bizi, Euskal Astea, Eus­karaz mintza, Asteberdea edo bertso­laritza.

Basauriko Arizko Ikastolak, esate­rako, hainbat kanpaina diseinatu ditu ziklo ezberdinetan zabaltzeko. Gai­nera, ikasketa buruak dioenez, “he­mendik kanpo euskaraz egiten diren ekintza guztietan ere parte hartzen dugu, bai Udalak bai Euskarabila el­karteak antolatzen dituzten jardue­retan: hala nola, Basaurin Be Bagara eta Euskararen Nazioarteko Egunean. Ikasleak motibatzen saiatzen gara, gero euskara kalean ere erabil deza­ten. Basauriko jaietan, ihauterietan eta Gabonetan, besteak beste, euska­ra bultzatzen dugu”.

Galdakaoko Gandasegi Esko­lak, Arrigorriagako Herri Ikastetxeak, Ugaoko Leitoki Ikastolak eta Zarata­moko Eskolak ere euren kanpainak egiten dituzte euskararen erabilera gero eta agerikoagoa izan dadin. Gan­dasegi Eskolako ikasketa buruaren iritziz, “orain dela urte batzuk euska­ra eskolako txoko guztietan entzuten zen, baina gaur egun, ez dakigu zer­gatik, ez da horrenbeste entzuten”. Arrigorriagako Herri Ikastetxeko or­dezkariaren esanetan, “umeek ez dute euskara erabiltzen. D ereduan ikasi arren, kostatu egiten zaie eta ez dute euskararen errealitatea ondo ezagutzen”.

Ugaoko Leitoki Ikastolan “gehien­goak euskaraz egiten du”. Hori da, behintzat bertako irakasleek entzu­ten dutena: “Kalean, ordea, erreali­tateak beste gauza bat adierazten du eta gaztelania erabiltzen dute norma­lean. Ugao nagusiki herri erdalduna dela esan daiteke, baina gure aldetik saiatzen gara euskararen erabilera indartzen”. Zaratamoko Eskolari da­gokionez, “eskola barruan euskara erabiltzen dute ikasleek, baina naba­ritzen da zentrotik ateratzean gazte­laniara pasatzeko joera dutela”.

EUSKARA SUSTATZEKO ESTRATEGIAK

Hego Uribeko ikastetxe gehienek es­trategiak pentsatu behar dituzte eus­kararen erabilerak eskualdean gora egin dezan. Euskaraz Bizi proiektuak urte asko darama Arizko Ikastolaren organigraman, “nahiz eta azken ur­teotan aldaketa batzuk jasan dituen”. Sistema konduktista bat da eta sarien bitartez umeak inplikatu egiten dituz­te euskararen erabilera hedatzeko. Gaur egun, zikloetara gehiago molda­tu dute dinamika hau, “baita zikloetan umeek sentitzen dituzten beharreta­ra ere”. “Lehen kanpaina orokorra eta homogeneoa egiten bagenuen ere, urteekin ikusi dugu kanpaina desber­dinak egitea aproposagoa dela”, dio Arizko Ikastolako zuzendariak.

Zaratamoko Eskolan ere progra­ma bera erabiltzen dute: “Haur Hez­kuntzan Argitxuren pertsonaia erabil­tzen dugu eta sariak banatzen ditugu euskaraz aritzen direnen artean. Ikas­gelarako jolasak edo pelikulak bana­tzen ditugu eta noizean behin meren­dolaren bat antolatzen dugu”.

Gandasegi Ikastetxean “estrate­gia ugari” dituzte euskararen erabile­ra gero eta gehiago sustatzeko, “hala nola, euskararen aldeko kanpainak, Euskararen Nazioarteko Egunari begi­rako jolasak eta dantzak, Euskal astea eta abar luze bat”. Arrigorriagan ere, “mila ekintzen artean”, Asteberdea, Korrika, Ihauteriak eta Olentzero na­barmentzen dituzte. “Umeek euska­raz badakite, baina ez dugu lortzen erabilera indartzea. Baliabideak jar­tzen dizkiegu, baina gaur egun zaila da den-dena euskaraz entzutea”, dio Herri Ikastetxeko ikasketa buruak.

Leitoki Ikastolan hiru hilabetean behin proiektu ezberdinen bitartez ikasleak saritzen dituzte: “Sarien bi­tartez umeak motibatzea da gure helburua”. Era berean, Bertsolaritza ikastaroak, Euskal astea bigarren hi­ruhilekoaren amaieran eta Euskara­ren Eguna ospatzen dituzte, besteak beste.

HAUR HEZKUNTZA ETA LEHEN HEZKUNTZA

Umeak zenbat eta txikiagoak izan, orduan eta euskara gehiago entzuten da eurengandik”, eskualdeko zentro guztiek bat egiten dute horrekin: “Txi­kiagoak direnean errazagoa da eus­karara erakartzea eta ekintza gehiago egiten dira eurentzako”. Esate batera­ko, Arizko Ikastolan ‘Euskaraz Mintza’ kanpainaren barruan abestiak eta jo­lasak lantzen dituzte umeek monitore baten laguntzarekin. Lehen Hezkun­tzari dagokionez, “6. mailan Bertso­laritza eta 5. mailan Antzerkigintza egiten dira”, dio basauriar eskolako ikasketa buruak.

Ikastola horretan Haur eta Lehen Hezkuntzaren arteko banaketa hain nabarmena ez izateko Kidetza proiek­tua burutzen dute: “6. mailakoek 1. mailakoekin eta 5. mailakoek 5 ur­tekoekin bikoteak egiten dituzte eta Basauriko jaietan barraketara joaten dira elkarrekin, oporretan postalak bidaltzen dizkiote elkarri eta Ihaute­rietan dantzak irakasten dizkiete na­gusiek txikiei”.

Gandasegi eta Zaratamoko esko­lek desberdintasun nabaria ikusten dute haur eta lehen hezkuntzaren artean: “Txikiek eta 3. mailara arteko ikasleak euskaraz gehiago aritzen di­ren bitartean, nagusiek gutxiago egi­ten dute”. Arrigorriagako Herri Ikaste­txekoak ere uste berekoak dira, baina begi-bistako aldaketa bat sumatzen dute: “Umeak behin eskolatik irtenda, institutuan edo unibertsitatean eus­kara gehiago erabiltzen da. Kontzien­tzia kontua dela uste dugu”.

KALEAN GAZTELANIA NAGUSI

Kontzientziari buruz ari garela egoera dexente aldatu da urteek aurrera egin ahala. “Garai batean familiak erdaldu­nak izan arren, euskaldun aktiboak ziren eta kontzientzia gehiago zuten”, diote Arizko Ikastolatik. “Guraso ba­tzuek umeak ikastolara ekartzen di­tuzte zentroa bera auzoan dagoelako eta horrela egokitzen zaielako. Hale­re, nabari dugu gero eta familia eus­kaldunagoak datozkigula -amak edo aitak edo biek euskaraz ikasi dutela-. Beste gauza bat da gero umeek eta familiek kalean euskara praktikatzen duten edo ez”. Ezaugarri honekin bat egiten du Arrigorriagako eskolak: “Guraso batzuk euskara irakatsi egi­ten diete seme-alabei eta beste ba­tzuk, ordea, ez hainbeste erdaldunak direlako eta etxean gaztelania erabil­tzen dutelako”.

Galdakaotik, Ugaotik eta Zarata­motik adierazi dutenez, kalean ez da garai batean adina euskara entzuten. Gandasegik, Leitokik eta Zaratamoko Eskolak antolatzen dituzten eskolaz kanpoko ekintzetan euskara bultza­tzen jarraitzen dute eta monitore euskaldunak kontratatzen dituzte. “Gauza da umeek ez dutela euren ar­tean euskara asko erabiltzen, nahiz eta baliabideak jarri. Duela hamar bat urte orain baino kontzientzia gehiago zuten gurasoek euskararen egoera eta erabilerari buruz”.

Zaratamon eskolak antolatzen di­tuen ekintzen artean euskal dantzak eta pandero eta trikitixa ikastaroak ere aurki daitezke, “denak euskal kul­turarekin harreman zuzena dutenak. Gaur egun, ikasleek ez dute kontzien­tziarik euskararen egoera larriari bu­ruz. Eskolaren aldetik inplikazioa ba­dago euskara sustatzeko, baina, egia esateko, gurasoen aldetik inplikazio hori ez da hainbestekoa”, dio bertako ikasketa buruak.

Gora