→Etxebarri

Etxebarriko Udalak 2,8 milioi euroko gelkinarekin bukatu du 2017 urtea

etxebarri san antonio 2016 santa maria kalea

2016tik 2017ra diru-sarreren igoera lortu du Etxebarriko Udalak, 827.347,35 euroan. Gastu orokorretarako diruzaintzako geldikina 2,8 milioi eurokoa da.

Santa Maria kalea urbanizatzea bilatuko du Udalak geldikinaren zati batekin // Google Maps

2017. urteko kontabilitate-ekitaldia behin itxita, Etxebarriko Udalak balorazioa egin du iazko kontuen inguruan. Iazko hasierako aurrekontuan 10.549.914,89 eurokoa izan zen, baina urtean zehar egindako aurrekontu-aldaketek 12.647.194,68 euroraino igoarazi zuten 2017ko aurrekontua.

2017an zehar guztira 941.455,36 euroko inbertsioak egin dira, horietako ia guztiak Udalak bere baliabideekin ordaindutakoak (aurreko urteetako kudeaketa arduratsuari eta zuhurrari esker). Iazko inbertsiorik nagusienak izan dira: futbol zelaiaren berrikuntza, Asturiaseko eta Extremadurako kantoien berrurbanizazioa, Bide eta Ibilbide Osasuntsuen proiektua, Etxebarri Marka proiektua eta Harrizko Bidearen erreforma. Datuak datu, doikuntza egin ondoren gastu orokorretarako diruzaintzako geldikina 2.898.557,44 eurokoa da.

Geldikinaren zati handi bat (965.889,39 euro) 2017an Udalak hasi zituen obrak aurten bukatzeko erabiliko du. Besteak beste, Santa Marina kaleko urbanizazioa, Kukullagako aterpea handitzea, Bekosoloko lurzatia eraberritzea, zaintza-kamerak jartzea eta enplegu-planak sustatzea.

Zentzu horretan, oraindik ere 1.932.668,05 euroko geldikina izango du Udalak beste proiektu batzuetara bideratzeko. “Oraindik ez dugu zehaztuta zein proiektuetara bideratuko dugun daukagun geldikina, baina datozen osoko bilkuretan adostuko dugu“, dio Loren Oliva alkateak. Batik bat, mantentze lanak eta instalakuntzak ordaintzeko erabiliko dute geldikina, baita “posible den heinean, proiektu berriak edo aurreko urteetan aurrera eraman ezin ditugunak martxan jartzeko“, dio Olivak.

Diru-sarreren igoera

Diru-sarrerak guztira 11.568.038,69 eurokoak izan dira eta gastuak 10.509.704,09 eurokoak. Honek aurrekontuaren emaitza positiboa eragin du: 1.058.334,60 eurokoa, alegia. 2016arekin alderatuta, diru-sarrerak 827.347,35 euro igo dira 2017an (2016an 10.740.692,34 euro). Igoera honen arrazoietako bat izan da Metacal guneko etxebizitzen eraikuntza-lizentziaren sarrera, hasierako aurrekontuan aurreikusita ez zeuden 700.000 euro, alegia.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak