→Etxebarri

12 milioi euroko aurrekontua izango du Etxebarrik 2019an, iaz baino % 6 gehiago

Etxebarriko Udalak onartu berri du 2019ko aurrekontua. Guztira, 12.095.475,37 euroko aurrekontua izango du Udalak aurten, iaz baino % 6 gehiago (2018an 11.407.359,62 euro). “Azken urteetan izan den altuena da, batez ere Aldunditik (Udalkutxa) jasotzen diren ekarpenak gehitu direlako”, dio Loren Oliva Etxebarriko alkateak: “Susperraldi ekonomikoaren seinale dela dirudi, azken ekitaldietako beherapenaren ondoren, aurrekontuaren gehikuntzara itzultzen delako”.

Hirigintza Sailak aurrekontuaren % 45 kudeatuko du eta besteak beste inbertsio hauek egitea aurreikusi dute udal gobernu taldetik: San Antonio etorbideko aparkalekuaren egokitzapena, Galizia kaleko 1-3-5 zenbakietako lorategien eta Zintururiko bideen berrikuntza, San Antonio etorbideko haur-jolasen ordezkapena, 8 eta 10 urtetik gorakoei zuzendutako haur-jolasen instalazioa edota argiztapenean hobekuntzak.

Bestetik, Arlo Soziokulturalak bere gain hartzen du aurrekontuaren % 28a. Esparru honetan, Berdintasun Zerbitzua martxan jartzea, azterketa garaietan ikasketa gelen zerbitzua zabaltzea, Barandiaran ikastetxeko haur-jolasak estaltzea eta eguneko udalekuetan hobekuntzak egitea aurreikusten dute.

Ongizateak, Merkataritzak, Enpleguak eta Adinekoek % 15 inguru kudeatuko dute zerbitzu berriak martxan jarri ahal izateko. Hala nola, bitartekaritza zerbitzua, esku-hartze psikosoziala eta mendeko pertsonak zaintzen dituztenei laguntza. Gainera, Behargintzari egiten zaion ekarpena % 2an gehituko dute, jubilatuen egoitzei zuzendutako diru laguntzak handituko dituzte eta merkatal-kanpaina berri bat jasoko da merkataritza eta ostalaritza herria aparkaleku gisa erabiltzen dutenei hurbiltzeko zuzendua.

2019ko aurrekontu proposamena aurkeztu zuen Etxebarriko udal gobernu taldeak 2018ko abenduan. Udaleko udal-talde guztiak egoteaz gain, herritarrei irekia izan zen aurkezpena, bakoitzak bere ekarpenak eta proposamenak egiteko. “Hala ere, oposizioko taldeek ez zuten proposamenik aurkeztu”, dio Olivak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak