→Etxebarri

Segurtasuna hobetzeko bideozaintzarako kamerak instalatuko dituzte Etxebarrin

Trafikoaren kontrolerako, Metroko 3. Linearen sarbidean eta ibilgailuen udal-gordailuan bideozaintzarako kamerak instalatuko dituzte Etxebarrin

Bideozaintzarako kamera berriak instalatuko ditu Etxebarriko Udalak udalerriko zenbait puntutan eta kontrol-zentroa jarriko dute Udaltzaingoaren bulegoetan. Hala nola, puntu hauetan jarriko dituzte kamerak: udalerriko sarrera eta irteeretan trafikoaren kontrolerako (N-634 errepidearen bidegurutzea, Lezama Legizamon, Boketeko errepidea, Santa Marina kalea eta hilerriko irteera); Metroko 3. Lineako igogailuaren sarbidean, Euskal Herria kalearen loturan; eta ibilgailuen udal-gordailuan. Era berean, lehendik dauden kameren zaintza zentralizatuko dute, “bai Andaluzia kaleko arrapala mekanikoetan, bai Lezama Legizamon kaleko igogailuetan ere”, diote Udaletik.

“Etxebarri udalerri segurua bada ere, udalerriak dituen babes eta segurtasun sistemak hobetu behar dira. Proiektu honek bide-segurtasuna eta oinezkoena hobetu nahi du eta horretaz gain inbertsio handia egin den instalazioetan gerta litezkeen bandalismo-ekintzak eta hiritarren kontrakoak kontrolatzeko balio izango du”, diote udal ordezkariek: “Honek guztiak Udaltzaingoaren lana hobetu eta erraztuko du”.

Bideozaintzarako kamera hauek instalatzeko eta hornikuntza kontratatzeko prozesua zabaldu du Udalak. Enpresek haien proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte abenduaren 10era arte, gehienez ere 70.000 euroko (BEZa barne) gastuarekin. Kontratu honen esleipena jasotzen duen enpresak 3 hilabete izango ditu kamerak instalatzeko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak