→Etxebarri

Aparkalekurik gabe, Egetiaga Uribarri oinezkoentzako kalea izatea nahi dute etxebarritarrek

etxebarri egetiaga uribarri kalea 2018

Egetiaga Uribarri kalea berdiseinatzen dabil Etxebarriko Udala eta horretarako herritarren partaidetza bilatu du euren proposamenak kontuan har ditzaten.

Egetiaga Uribarri kalea gaur egun // Argazkia: Etxebarriko Udala

Egetiaga Uribarri kalea berdiseinatzen dabil Etxebarriko Udala eta horretarako herritarren partaidetza bilatu du euren proposamenak kontuan har ditzaten. Joan den uztailaren 3an lehen saio parte-hartzailea izan zen eta bertara 20 herritar inguru hurbildu ziren -inguruko auzokideak eta kale horretako merkatariak eta ostalariak-. Besteak beste, Egetiaga Uribarri kalea oinezkoentzako izatea proposatzen dute herritarrek, aparkalekurik gabekoa, Ametzola kalearen ereduari jarraituz. Merkatari eta ostalariak bat datoz ideia horrekin, baina karga eta deskarga gunea ezarri nahiko lukete, ordutegi egokiak jarrita. Era berean, autobus geltokia Uribarribarri kalera lekuz aldatzea, garajeen irteeretan arriskua gutxitzeko neurriren bat jartzea eta galtzadak maila desberdinak izatea eskatu dute herritarrek.

Udalak idatzita duen zirriborroaren arabera, Egetiaga Uribarri erdi-oinezkoentzakoa izango da, eta aparkalekuak, garajeentzako sarbide egokiagoak, tabernentzako terrazak, karga eta deskarga guneak eta autobus geltokia arkupeetara eramatea aurreikusten da. Gianera, kalearen maldak berriz diseinatuko dituzte irisgarritasuna hobetze aldera, argiztapen berria instalatuko dute, hiri-altzari berriak jarriko dituzte, euri-uren bilketa berriztuko dute eta galtzada altxatuko dute asfalto inprimatua jarriz, ibilgailuen abiadura moteltzeko asmoarekin.

Udaletxe inguruak oinezkoentzako

Udaletxe inguru osoa oinezko bihurtzea da Udalak mahai gainean duen beste hausnarketa bat. Hain zuzen ere, Egetiaga Uribarri, Sabino Arana, Ametzola eta Bernar Etxepare kaleak oinezkoentzako bihurtzea. Zonaldean hartzen ari diren erabakiek helburu hori berresten dutela adierazi dute udal ordezkariek.

 

Udalak lehen saioko herritarren ekarpenak jasota, iraila edo urrian herritarrentzako bigarren parte-hartze saioa antolatuko dute.

 

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|