→Etxebarri

Enpresa eta ideia berritzaileak aukeratzeko lehiaketa jarri dute martxan Etxebarrin

etxebarri innpulso sarea topaketa 2018 otsaila

Helburu nagusia da Etxebarriko proiektu berriak garatzea eta sustatzea. Proiektu irabazleak Espainiako III. Enpresa Topaketan parte hartuko du.

Innpulso Sarea osatzen dute herrien topaketa otsailean // Etxebarriko Udala

Enpresa Txiki eta Ertainen (ETE) eta ideia berritzaileen lehiaketa jarri du martxan Etxebarriko Udalak hirugarren urtez jarraian. Helburu nagusia da Etxebarriko proiektu berriak garatzea eta sustatzea. Proiektu irabazleak Espainiako III. Enpresa Topaketan parte hartuko du apirilaren 25ean. Aurten topaketa Malagan izango da, bertan ospatuko den Greencities azokaren baitan. Bertan produktua aurkezteaz gain, udalerria ordezkatuko du Etxebarrin irabazle suertatuko den proiektuak.

ETEk ideia berritzaileak aurkezteko epea zabalik dute martxoaren 15etik apirilaren 11ra bitartean. Hautagaitzak, beharrezkoa den dokumentazioarekin batera, epea bukatu aurretik aurkeztu beharko dira Etxebarriko Udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (Sabino Arana, 1.A) astelehenetik ostiralera 08:00etatik 15:00etara. Informazio gehiagorako 944 267 000 telefonoa dago interesdunen eskura.

Innpulso Sareak, aukeratutako ETEaren esku jarriko ditu tresna nazionalak, nazioartekoak eta lurraldekoak I+G+b laguntza emango du eta beste zenbait sarerekin elkarlana bultzatuko du ikuspegi berritzailea bilatuz.

Zientzia eta Berrikuntzaren Hiria

2011. urtean Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak Etxebarriri Zientzia eta Berrikuntzaren Hiria bereizpena eman zionetik, Innpulso Sarearen barruan dago, Espainiako beste 68 hiriekin batera. Berrikuntza arloan ahalegina eta konpromiso irmoa adierazi duten hiriei aitortza ematen dio sareak. Zentzu horretan, Etxebarri aspaldidanik aritu da lanean enpresa arloko eragileekin, bereziki Berrikuntza arloko ETEekin haien lehiakortasun maila hobetzeko asmoarekin.

ETE eta ideia berritzaileen lehiaketako aurreko edizioetan irabazle izan ziren Hirix aplikazioa eta Mugikon proiektua. Hirix tresna A3R Consulting enpresak garatu zuen 2014an: herritarren eta inguratzen dien guztiaren arteko komunikazio plataforma bat da. Besteak beste, udalerriko albisteak, ekitaldiak, oharrak, puntu eta zenbaki interesgarriak, dendak, elkarteak eta klubak, aurrekontua eta udal organigrama jasotzen ditu, eta herritarren partaidetza bilatzen du.

ETE berritzaileen II. lehiaketan Osasuna Mugimendua Kontrola S.L. enpresak aurkeztutako Mugikon proiektua suertatu zen irabazle. Proiektu honek herritarron bizi-kalitatea hobetu eta luzatzea du helburu, horretarako jarduera fisikoa pertsonen beharretara egokitzen du, batik bat helduengan, adinekoengan eta gaixo kronikoengan arreta jarriz. Lehenengo zein bigarren edizioetan 4 ideia berritzaile aurkeztu zituzten Etxebarriko enpresa txiki zein ertainek.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|