→Etxebarri

219 ikasle ditu gaur egun Etxebarriko Euskaltegiak, iaz baino 40 ikasle gehiago

Inoiz baino ikasle gehiago izango ditu Etxebarriko Udal Euskaltegiak aurten. Ikasleen % 95 etxebarritarrak dira eta ikasturte honetan 5 talde daude B2 maila prestatzen.

Bekosolo parkean dago Etxebarriko Euskaltegia // Argazkia: Geuria

Inoiz baino ikasle gehiago izango ditu Etxebarriko Euskaltegiak aurten. Ikasleen % 95 etxebarritarrak dira eta ikasturte honetan 5 talde daude B2 maila prestatzen

Etxebarriko Euskaltegiak inoiz baino ikasle gehiago izango ditu ikasturte honetan. Gaur egun 219 ikasle ari dira euskara ikasten -iazko urtarrilean baino 40 bat gehiago-, “baina badakigu aurtengo ikasturtean alta gehiago egongo direla eguneroko taldeetan eta Aste Santuko zein udako ikastaro trinkoetan”, dio Ibon Rodriguez Etxebarriko Euskaltegiko arduradunak. 2016/2017 ikasturtean 252 ikasle izan zituen Euskaltegiak eta 2017/2018 ikasturtean 234. “Egia da urtetik urterako garapena gorabeheratsua izaten dela, faktore asko tartean daudelako. Esaterako, oposizioak. Baina bai, aurten inoizko ikasle kopuru handiena izango dugula susmatzen dugu”. Ikasleen %95 Etxebarrikoa da.

Lehenengo urratsetik euskara maila gorenera bitarteko eskolak eskaintzen ditu Etxebarriko Euskaltegiak: “Lehenengo urratseko talde gehiago nahiko genituzke, arratsaldetan ez baita egoten herritarrei aukera hori eskaintzerik, baina aurten inoiz baino jende gehiago dago B2 maila atera nahian. Hain zuzen ere, gaur egun 5 talde ditugu maila hori prestatzen”, dio Rodriguezek.

Zebarri aldizkaria, ikasleek egina

1998tik Zebarri aldizkaria egiten dute Etxebarriko Euskaltegiko ikasleek. Ordutik hona 30 ale argitaratu dituzte, “gutxi-asko urtean bi aleko maiztasunarekin, eta bi urteko etenaldiarekin (2013tik 2015era)”, dio Rodriguezek: “Edukia ikasgela bakoitzean erabakitzen da eta Euskaltegiko talde bakoitzak bere mailaren araberako artikulua proposatzen du. Irakasleon lana da idazteko grina piztea, artikulu interesgarriak egin ditzaten. Ale guztietan saiatzen gara Etxebarriri buruzko erreportajeak egon daitezen, euskara eta euskal kulturari buruzkoak eta aisialdikoak. Pozik gaude, askotan lortzen delako artikulu segida polit eta koherenteak sortzea”, dio.

Zebarri aldizkaria urtean bitan kaleratzen dute: Gabonen aurretik lehenengo alea eta ekainean bigarrena.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak