→Etxebarri

Hamaika eragile elkarlanean, Etxebarriko Euskaraldia bultzatzeko

etxebarri euskaraldia 2018 maiatza talde argazkia joshua miravalles

Euskaraldia maiatzaren 19an aurkeztu dute jendaurrean udaletxeko plazan. Era berean, maiatzaren 24an hau guztia gizarteratu eta hobeto azaltzeko hitzordua antolatu dute.

// Joshua Miravalles. Argipean Click Elkartea

Etxebarriko hainbat eragile ados jarri dira udalerrian Euskaraldia ekimena bultzatzeko. Hain zuzen ere, Kukullaga eskola eta Etxebarriko Institutua, Elkar eta Bidea Sortzen guraso elkarteak, Udalaren Euskara Zerbitzua, Mugarri, Talka eta Tarrasta gazteguneak eta Ludoteka, Harribide Fundazioa, Etxebarriko Jai Batzordea eta Arpela, Etxebarriko Euskaltzaleen Topagunea dira Etxebarriko Euskaraldia Batzordeko eragileak. Hala ere, batzordea oraindik ez dago guztiz itxita: “Azken asteotan, herriko beste hainbat elkarte eta norbanakorekin hitz egin dugu, eta haiek ere Euskaraldian parte hartzeko prest azaldu dira”, diote.

Euskaraldia maiatzaren 19an aurkeztu dute jendaurrean udaletxeko plazan. Talde eragileaz gain, aurkezpenera hurbildu dira Pintxopote Elkartea, Kukullaga Areto Futbol Taldea, Kukuaren Taldeak, Euskaltegia eta norbanako herritarren bi ordezkari. Denon artean familia argazkia egin dute.

Era berean, hau guztia gizarteratu eta hobeto azaltzeko beste hitzordu bat antolatu dute. Maiatzaren 24an, ostegunez, Euskaraldia ekimenaren azalpen lasaiago bat izango da CIMEn (3. solairuan) 19:00etatik aurrera. “Esperimentu hau zertan datzan azalduko dugu bertan”, diote. Informazio gehiagorako etxebarri@euskaraldia.eus helbide elektronikoa eratu dute.

Ariketa soziala, Etxebarrin

Etxebarriko biztanleen %58k ulertzen du euskaraz, baina eguneroko bizimoduan egin, %12ak baino ez du egiten. “Horregatik, Etxebarriko eragile talde bat batu gara, gure herrian euskara gehiago entzun eta egin nahi dugulako”, diote Etxebarriko Euskaraldia Batzordetik: “Horretarako, Euskaraldian, Euskal Herri osoan batera egingo den esperimentu edo ariketa batean parte hartzea proposatzen dugu: zer gertatuko da Etxebarriko euskaldunok 11 egunez euskaraz hitz egiteko ados jartzen bagara?”.

Euskaraldia azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean ospatuko da Euskal Herri mailan. Bitarte horretan belarriprest-ak (euskara ulertu baina zailtasunak hitz egiteko) eta ahobizi-ak (euskaraz hitz egiteko gai direnak) elkartuko dira ahal den guztietan euskaraz hitz egiteko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak