☉ Etxebarri
Euskal mitologiari buruzko erakusketa antolatu dute hainbat elkartek Etxebarrin
Euskal mitologiari buruzko erakusketa antolatu dute Gabonetan Etxebarrin, abenduaren 28tik 29ra bitartean. Herriko elkarteak eta norbanakoak aritu dira antolaketan.

Euskal mitologiari buruzko erakusketa antolatu dute Gabonetan Etxebarrin, abenduaren 28tik 29ra bitartean. Aurten bigarren urtea da udalerrian baso mitologikoa antolatzen dutena, bost urte ondoren. Besteak beste, Mariren kobazuloa eta euskal sinbologiaren inguruko erakusketa izango dira. Udal ordezkarien arabera, Gabon egitarauan Etxebarrin “azpimarratzekoa” den jarduera da.
“Pita-haria, papera, ohialak eta hosto naturalak erabiliz apaindu dute baso mitologikoa. Protagonista nagusiak euskal mitologiako pertsonaiak dira: Tartalo, gaztzagorriak, sorginak, Basajaun, Lamia…”, dio Iker Lopez zinegotziak. Baso mitologikoan izango diren jardueren artean daude: Mariren kobazuloan txikienei zuzendutako antzezlan bat eskainiko dute Comunidadeseko gazteek, truke azoka ere izango da, eta euskal sinbologiaren inguruko erakusketa egongo da.
Baso mitologikoa abenduaren 28tik 29ra bitartean egongo da ikusgai kiroldegian, Gabonetako Haur Parkearen ondoan. Sarrera doakoa da. Euskal mitologiari buruzko erakusketa hau bost urterik behin antolatuko dute Etxebarrin.
Herri ekimena
Baso mitologikoa duela bost urte antolatu zuten lehen aldiz Etxebarrin. “Orduan, Acofisan San Antonioko elkarteak bultzatu eta antolatu zuen ekimena. San Antonioko Jai Batzordekidez osatua dago eta zerbait egin nahi zuten auzoan hauetaz aparte, eta eurei bururatu zitzaien lehenengo aldian”, dio Lopezek. Gaur egun, Acofisan, Artealde eta Comunidades arduratzen dira jardueraz, baita Etxebarri Con Siria elkartea alde gastronomikoan.
“Jarduera honen berezitasuna prozesuan datza, hau da, herri ekimena izan da ardatz eta hainbat herritar eta elkartek parte-hartu du euskal mitologiari buruzko pertsonaiak egiten edota ikus-entzunezkoak prestatzen”, dio Lopezek. Zehazki, hiru elkartek hartu du parte baso mitologikoaren antolaketan: San Antonioko Jai Batzordea (Acofisan), Artealde eta Comunidades. “Gutxi gorabehera elkarte horietako 30 lagun inguru izan dira lanean euskal mitologiari buruzko erakusketa antolatzen, baita norbanako batzuk ere. Hala nola, Nieves Granados, Rosa Cubillo, Trini Fernandez, Pili Ortega, Inma Lopez eta Ander Katxorro”, dio Lopezek: “Azken hilabeteotan, irailetik aurrera, aritu izan dira jo eta ke lanean herriko hainbat lokaletan”. Era berean, Tarrasta Gazteguneko gazteek ere parte hartu dute ekimenean, Rakel eta Eneko arduradunen laguntzarekin.
Baso mitologikoa / Gabonak 2019 / Egitaraua
Abenduak 28, larunbata
11:00-14:00 / 17:00-21:00 Erakusketa
21:00-23:00 Hanburgesa solidarioa 2 euroan. Antolatzailea: Etxebarri Siriarekin
21:00 DJ Markelin
Abenduak 29, igandea
11:00-14:00 / 17:00-20:00 Erakusketa
12:00-14:00 Txorizoa sagardotan solidarioa 2 euroan. Antolatzailea: Etxebarri Siriarekin
☉ Etxebarri
Argazkiak | Aterki azpian ongi etorria eman diete Olentzerori eta Mari Domingiri Etxebarrin

Abenduak 24 dituen honetan Olentzero eta Mari Domingi sartuko dira gure etxeetan opariak banatzera. Baina lanean hasi aurretik, harrera egin diete goizean Etxebarrin. Euripean, Zintururi plazatik kalejira egin dute Etxebarriko frontoiraino. Bertan izan gara!
☉ Etxebarri
Nerea Ibarzabalekin eta Sustrai Colinarekin Bertso poteoa antolatu dute Etxebarrin

Gabonen atarian Bertso poteoa antolatu dute Etxebarrin.
Abenduaren 19an, ostiralez, izango da eta bertsotan ariko dira Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina.
Bertso poteoa 20:00etan hasiko da udaletxeko plazatik.
☉ Etxebarri
Aingeru Picaza Calero etxebarritarraren alde egingo dituzte aurtengo Gabonetako ekimen solidarioak
Balkoi Solidarioen ekimenean eta euskal dantzen eta zumba ekitaldi batean bilduko duten dirua emango diote dibertsitate funtzionala duen etxebarritarrari

Elkartasun keinuak nagusi izango dira beste urte batez Etxebarriko Gabonetan. Aurten bi ekimen antolatuko dituzte: balkoi solidarioak eta euskal dantza eta zumba erakustaldia.
Eta, biekin bilduko duten dirua Aingeru Picaza Calero herrikideari emango diote. Dibertsitate funtzionala du, eta motor berri bat behar du bere gurpil-aulkiarentzat, behar duen errehabilitazio-prozesuarekin jarraitzeko.
Balkoi solidarioen ekimenari dagokionez, erronka izango da 1.100 balkoi apaintzea. “Horri esker, Udalak 2.000 euro bideratuko ditu kausa solidariora”, diote udal ordezkariek.
Balkoi apainduen zenbaketa abenduaren 18an, ostegunez, egingo dute, 19:00etatik aurrera. “Udalak eta antolakuntzak herritar guztiak animatzen ditu balkoiak piztuz eta apainduz bat egitera”, diote.
Bigarren ekimena, euskal dantza eta zumba erakustaldia, urtarrilaren 3an izango da 17:00etatik aurrera Etxebarriko kiroldegian.
“Kasu honetan, erronka Euskal Dantzaren eta Zumbaren erritmoan dantza egiten duten 150 pertsona biltzea da”, diote. Ekimen honetan ere 2.000 euro emango ditu dohaintzan Udalak.
☉ Etxebarri
Padel pistak eta haurrentzako parkeak berrituko dituzte Etxebarrin, herritarrek hala proposatuta
2026ko aurrekontuan txertatuko ditu Udalak. Guztira 100.000 euro bideratuko ditu, 50.000 euro esku hartze bakoitzeko

2026ko aurrekontua zehazteko herritarren parte hartzea bilatu du Etxebarriko Udalak.
Guztira 25o proposamen bidali dituzte etxebarritarrek, eta horietatik bi jarduketa hauek burutuko ditu Udalak datorren urtean: padel pistak eta herriko haurrentzako parkeak berritzea.
Bi esku hartze horiek egiteko 100.000 euro bideratuko ditu Udalak: “50.000 euro padel-pistak berritzeko eta eguneratzeko, bere jarduera arautzen duen federazioaren araudi berrietara egokitzeko; eta 50.000 euro udalerriko haur-parke batzuetan lurzoru eta elementu batzuk hobetzeko eta berritzeko”, diote udal ordezkariek.
“Boto gehien jaso duen ekintza kiroldegiko gimnasioaren hobekuntzarekin, espazioarekin, makineriarekin eta mantentze lanekin lotuta dago; horri buruzko mezu argi bat helarazteko aprobetxatu nahi dugu: guztiz kontziente gara beharrizan horretaz, baina gaur egun arazo bat dago espazio horrekin, eta horrek eragozten du hari ekitea merezi duen irtenbidea emateko. Beraz, lanean jarraitzen dugu espazio horren instalazioaren eta mantentze-lanen azpian dagoen aldez aurreko arazo bat konpontzeko. Baina, ahal bezain laster, gimnasioa gure lehentasunetako bat izango dela onartzeaz gain, horretarako konpromisoa hartzen dugu”, diote.
Zentzu horretan, hautatuak izan ez diren proposamenak gauzatzeko aukera ez dute baztertu udal arduradunek: “Hautatuak izan ez badira ere, litekeena da datozen hilabeteetan ere gauzatu ahal izatea, udalak lantzen zituen ekintzekin bat baitatoz”.
Besteak beste, ikasketa-gelak zabalik egotea egunero (liburutegi berrian), ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak, futbol zelaiko aldagelak handitzea, atsedenlekuak estaltzea edota Barandiaran ikastetxeko leihoak aldatzea.
☉ Etxebarri
Gazteen alokairua bultzatzeko Mirador proiektuko 14 etxebizitza erosteko aukera onartu du Etxebarriko Udalak
Etxebarrik Bizkaiko alokairu-preziorik altuenetakoa du: hileko 800 eurotik gorako bataz bestekoa. Udalaren asmoa da etxebizitza-politika publikoekiko konpromisoa sendotzea

Gazteei etxebizitza eskuratzeko aukera errazteko estrategiaren barruan, Etxebarriko Udalak urrats erabakigarri bat eman du.
Hain zuzen ere, Mirador proiektuko 14 etxebizitza erosteko aukera onartu du Udalak gazteentzako alokairu proiekturako bideratzeko.
Esku hartze honekin Udalak 2 milioi euroko inbertsioa egingo du.
“Helburua da Etxebarriko gazteak emantzipatu ahal izatea udalerritik alde egin behar izan gabe. Etxebizitza eta bizitzarako benetako aukerak aurkitzea nahi dugu hemen, eta horregatik ari gara alokairuko udal-parke hau bultzatzen”, esan du Iker Lopez alkateak.
800 eurotik gora
Etxebarriko udal ordezkariek adierazi dutenez, bataz beste 800 eurotik gora ordaintzen da hilero etxebizitza bat alokatzeagatik Etxebarrin.
Datuek adierazten dutenez, Etxebarrik Bizkaiko alokairu-preziorik altuenetako bat du gaur egun, Bilbo, Leioa, Getxo, Sopela eta Urdulizen atzetik.
“Era berean, salerosketaren batez besteko prezioa 230.000 euro ingurukoa da, eta zifra horiek nabarmen zailtzen dute gazteek lehen etxebizitza eskuratzea”, dio Lopezek.
Aldi berean, Etxebarri da gazteen hazkunderik handiena duen Bizkaiko udalerria [irakurri hemen azaroan GEURIAn publikatu dugun erreportajea]: “Biztanleen % 24 inguruk 20 urte baino gutxiago ditu, eta horrek bizitegi-alternatiba eskuragarriak bermatuko dituzten udal-politikak bultzatzeko beharra indartzen du”, dio Etxebarriko alkateak.
“Horregatik, Mirador programari esker, udal-etxebizitzen parke berri hori eraikin berean kontzentratu ahal izango da, eta horrek parkearen kudeaketa erraztu eta erkidegoko kostuak murriztuko ditu. Gainera, Udalak beste sei etxebizitza izango ditu sustapen berean, eta erabilera sozialetarako erabiliko dira, udal-zerbitzuen esparruan”, dio Lopezek.
Neurri horrekin, Etxebarriko Udalak etxebizitza-politika publikoekiko konpromisoa sendotuko du. Ildo horretan, Udalak 22 etxebizitza erostea ere aurreikusi du, 3,5 milioi euro bideratuta.






















