→Etxebarri

Gabonetako zuhaitza piztearekin batera iragarki baterako eszena grabatuko dute Etxebarrin

etxebarri gabonak 2018 zuhaitza piztea brindisa

Azaroaren 30ean piztuko dute udaletxeko plazako Gabonetako zuhaitza. Gainera, Gabonetako iragarkirako brindisa grabatuko dute eta horretarako 100 herritar behar dituzte.

Gabonetako zuhaitza piztu zuten aurreneko aldiz iaz // Argazkia: Etxebarriko Udala

Azaroaren 30ean piztuko dute udaletxeko plazako Gabonetako zuhaitza. Gainera, Gabonetako iragarkirako brindisa grabatuko dute eta horretarako 100 herritar behar dituzte

Gabon garaia Etxebarrira helduko da aste honetan. Hain zuzen ere, azaroaren 30ean udaletxeko plazan dagoen Gabonetako zuhaitza piztuko dute. “Plazako arbola guztion artean piztuko dugu eta filmeetan bezala topa egingo dugu Gabon jai zoriontsuak opatzeko”, dio Nieves Sebastian Etxebarriko Merkatari Elkarteko lehendakariak. Bigarren urtea da ekimen hau egiten dutena. Gabonetako zuhaitza piztea eta topa egitea azaroaren 30ean, ostiralez, 20:30ean izango da.

Era berean, Merkatari Elkartearen eskutik zozketak egingo dituzte bertaratzen diren herritarren artean.

Gabonetako iragarkia grabatzen

Aurten lehen aldiz Gabonetako iragarkia argitaratuko du Merkatari Elkarteak, Elkarrekin hazten gara izenpean. “Topa egingo dugula aprobetxatuz, iragarkirako zati bat grabatuko dugu azaroaren 30ean 20:30ean”, dio Sebastianek. Topa egiten duten momentukoa izango da iragarkirako erabiliko dutena. “Eszena honetan urte berriari ongi etorria emateaz gain, haur txiki batekin datorren bikote bati ere harrera egingo diogu. Gainera, kontzertu bat ere izango da”, dio. Iragarkiko sekuentzia horretarako, gutxienez, 100 estra beharko dituzte. “Merkatari Elkartetik dei egiten diegu herritar guztiei iragarkian parte hartzera anima daitezen”, dio Sebastianek. Seavisual ikusentzunezko produktora etxebarritarra ari da Gabonetako iragarkia zuzentzen eta grabatzen.

Proiektu honek Bakion izan zuen hasiera azaroaren 17an Ariane Ochoa surflariarekin eta Javier Conde atleta paralinpikoarekin. Abenduaren 3ko astean herriko zenbait lokaletatik ere grabaketak egingo dituzte Gorka Garcia margolari hiperrealista ezagunaren laguntzarekin. Gabonetako iragarkia abenduaren 12an estreinatuko dute sare sozialen bitartez.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak