→Etxebarri

Santa Ana kalean eskailerak saihesteko arrapalak jartzea bilatuko du Etxebarriko Udalak

Santa Ana kalean irisgarritasuna hobetzeko kontratazio-prozesua zabaldu du Udalak. Bestalde, Egetiaga Uribarri kalea berurbanizatzeari ekingo dio Udalak.

Santa Ana kaleko eskailerak saihesteko irtenbideak nahi ditu Udalak // Argazkia: Etxebarriko Udala

Hauteskunde programaren barruan, Etxebarriko atari guztietara “era irisgarrian” iristeko proposamena zabaldu zuen Herriaren Ahotsak (LVP). Orain, alkatetza berriro lortu dutela, urratsak eman dituzte eta Santa Ana kaleko irisgarritasuna hobetuko dute. Helburua izango da Egetiaga Uribarri eta San Esteban Etorbidearen arteko tartean eskailerak saihestea eta bide irisgarriagoa egitea. “Herritarrek egindako eskakizun bati erantzuten dio honek, zonalde horretan irisgarritasuna hobetu beharra adierazi baita. Ibilbide irisgarria egiteko aukera badago Egetiaga Uribarri eta Etorbidean zehar, baina luzeegia da”, diote udal ordezkariek.

Dagoeneko erredakzio-proiektuaren kontratazio-prozesua abian jarri du Udalak. “Proiektu hau erredaktatuko duten enpresek Santa Ana kaleak zati batean dituen eskailerak saihesteko soluzioak aurkeztu beharko dituzte”, diote. Proiektuaren erredakziorako gehienezko aurrekontua 14.520 eurokoa da, BEZa barne.

Joan den ekainaren 4an udalbatzak egindako osoko bilkuran 150.000 euroko diru partida onartu zuten 2019-2023 legegintzaldian planteatutako proiektu desberdinen lanketa prozesuak martxan jartzeko.

Egetiaga Uribarri berriro urbanizatzea

Bestetik, Egetiaga Uribarri kalea berdiseinatzeari ekin zion iaz Etxebarriko Udalak, eta horretarako herritarren iritzia jaso zuen. Etxebarritarrek aparkalekurik gabe, Egetiaga Uribarri kalea oinezkoentzako kalea izatea proposatu zuten. Orain, Udal Bulego Teknikoak proiektua bukatuta, Egetiaga Uribarri kalea berriz urbanizatzeko lanak kontratatzeko lehiaketa atera du Udalak. Enpresek epea dute uztailaren 23ra arte euren eskaintzak aurkezteko. Kontratazio-prozesuan oztoporik egon ezean lanak urtearen azken hiruhilabetean hasiko dira.

Proiektuaren arabera, Amezola kaleko erdi-oinezko eredu bera errepikatu dute. “Kaleak ez du aparkalekurik izango, negozietako zereginak burutu ahal izateko karga eta deskarga gune bat izan ezik”, diote. Era berean, garajeetako sarbideak hobetzea, tabernentzako terrazak jartzea, kalearen aldapak hobetzea, LED teknologiako argiztapena eta hiri-altzari berriak jartzea, zuahiztia, euriaren ura biltzeko sistema berria eta errepidean asfalto inpresoa jartzea (ibilgailuen abiadura murrizteko) ere aurreikusten du proiektuak.

Obra hau egiteko aurrekontua 401.428 eurokoa izango da, hasierako aurreikuspena baino 76.428 euro gehiago. Aurrekontua aldatzea azken osoko bilkuran onetsi zen.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak