→Etxebarri

Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzua jarri dute martxan Etxebarrin

Ariketa fisikoa egiteko gomendioak eta arreta pertsonalizatua eskainiko ditu Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzuak.

jarduera fisikorako ohiturak hobetzeko gomendioak emango ditu zerbitzuak // Argazkia: Geuria

Jarduera fisikoa eta bizimodu osasuntsuak sustatzeko eratu zuten iaz Etxebarri Martxan sarea. Ildo horretan, berriki Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzua (JFOZ) martxan jarri dute. Zerbitzu horren helburua pertsona inaktiboei aholkularitza, orientazioa eta laguntza ematea da, jarduera fisikorako ohiturak hobetu ditzaten. Hau da, ariketa fisikoa egiteko gomendioak eta arreta pertsonalizatua eskainiko dituzte. Horrez gain, jarduera zehatzak dinamizatuko dituzte.

Zerbitzua erabili ahal izateko hitzordua eskatu behar izango dute interesdunek Etxebarriko Osasun Zentroan (asteartetan, 11:00etatik 13:00etara), Udal Kiroldegian (ostegunetan, 17:00etatik 19:00etara), orientatzailea@etxebarri.eus helbide elektronikoan edota 944 493 416 telefono zenbakian.

“Udaletik Etxebarrin bizi diren pertsonei bizimodu osasuntsu baterako ohiturak garatzen laguntzeko lan egiten jarraitzen dugu. Hori dela eta Mugiment proiektuarekin bat egin genuen, Etxebarri Martxan Sarea abian jarriz”, diote udal ordezkariek.

Etxebarri Martxan sarea udalerriko eragile hauek osatzen dute: Etxebarriko Osasun Zentroa, Udal Kiroldegia, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoa, Kukullaga Ikastetxea, Bizipoz Nerbioi Autonomia Sustatzeko Zentroa, Mugikon enpresa, Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol Saila, Eusko Jaurlaritza eta Etxebarriko Udala eta Mugiment proiektuko idazkaritza teknikoa.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak