→Etxebarri

Jon Fernandez boxeolari etxebarritarrak pisu arinen kategorian jokatuko du

Orain arte superluma kategorian aritu ondoren, datorren denboraldian pisu arinen kategorian jokatuko du JonFer boxeolari etxebarritarrak.

JonFer bere lantaldearekin // Argazkia: EuskoBox

Orain arte superluma kategorian aritu ondoren, datorren denboraldian pisu arinen kategorian jokatuko du Jon Fernandez boxeolari etxebarritarrak. Kategoria horretan muga 61,2 kiloan dago. “Datorren denboraldiari begira, ilusio handia dut eta gogo asko ditut Frank Urquiaga edo Samuel Molina bezalako boxeolarien aurka neurtzeko. Borroka ikusgarriak izan daitezke”, dio JonFerrek.

2015eko martxoan debuta egin zuen profesionaletan Fernandezek Bilboko La Casillan, eta ordutik 19 borrokaldi egin ditu. Hau da, bataz beste ia 5 borrokaldi egin ditu urtean. “Askotan 61 kiloren inguruko itundutako borrokaldiak egin izan dituen arren (pisu arina), garaipen guztiak superluma kategorian sartuta zeuden (58,9 kilo)”, diote EuskoBoxetik.

Superluma kategorian zenbait gerriko irabazi ditu Fernandezek: WBC Youth txapelduna (2016), Espainiako txapelduna (2017), WBC Silver txapelduna (2017) eta Europar Batasuneko txapelduna (2019). 2018an zilarrezko gerrikoa galdu zuen Oklahoman (Estatu Batuak), Fosterren aurkako borrokaldian. Estatu Batuetan lau borrokaldi egin ditu guztira Fernandezek, horietako hiru Showtime telebista katearen bidez emitituak.

Irailean itzuliko da JonFer ringetara. Hain zuzen ere, irailaren 14an borrokaldia izango du Ponferradan (Leon, Gaztela eta Leon). Gaur egun Ponferradan bizi da boxeolari etxebarritarra.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak