→Etxebarri

54 urteko langile bat hil da Etxebarriko Arcelor Mittal fabrikan

54 urteko langile bat hil da Arcelor Mittal lantegian, Etxebarrin, ELA sindikatuak jakinarazi duenez. “Hildakoak ondoeza sentitu zuen eta enpresako medikuek ospitalera bideratu zuten”, diote sindikatutik. Hildakoa Basaurikoa zen eta ELAko afiliatua zen.

2019ko “lehenengo lan istripu hilgarria” izan dela salatu du ELAk: “Lan istripu ez-traumatiko baten ondorioz zendu da”, diote. “Aurreko urteetan ikusi dugun bezala, lan istripu ez traumatikoek gorakada itzela izan dute azken urteotan prekarietate eta lan baldintzen okertzearen ondorioz. Administrazioek eta prebentzioan aritzen diren instituzioek ere datu larri hauen atzean zer dagoen ikertu beharko lukete neurri egokiak jartze aldera, neurri horiek patronalen interesen kontrakoak badira ere”, diote ELAtik. Egoera horien aurrean, “antolatzera eta mobilizatzera” deitu du ELAk Euskal Herriko langileria eta gizarte guztia.

ELAk babesa eta elkartasuna adierazi die hildakoaren senide eta hurbilekoei, baita enpresako langileei ere. Iaz 67 langile hil ziren bere lanpostuetan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak