→Etxebarri

Aparkalekua aurkitzeko Lekushare app-a aurkeztuko du Etxebarrik Espainiako Enpresa Topaketan

etxebarri ideia berritzailea lehiaketa 2018 irabazlea lekushare

Enpresa Txiki eta Ertainen (ETE) eta ideia berritzaileen lehiaketa jarri zuen martxan Etxebarriko Udalak martxoan eta Lekushare proiektuak irabazi du.

Borja Galarza eta Etxahun Sanchez proiektuaren sortzaileetako bi, ezkerraldean // Geuria

Enpresa Txiki eta Ertainen (ETE) eta ideia berritzaileen lehiaketa jarri zuen martxan Etxebarriko Udalak martxoan, hirugarren urtez jarraian. Helburu nagusia da Etxebarriko proiektu berriak garatzea eta sustatzea. Aurten lehiaketara hiru proposamen aukeztu dituzte eta epaimahaiak ideia bat saritu du: Lekushare app-a.

Garraioarekin higikortasun arduratsua, adimentsua, iraunkorra eta integratuarekin lotura du aplikazioak, eta aparkelekuetan plaza hutsak alokatzea ahalbidetzea du xede. “Insituzioenak edo pribatuak diren aparkalekuetan maiz plaza hutsak egoten dira, edo baliteke aparkaleku plazaren jabeak denbora batez libre uztea plaza hori. Hortaz, erabili gabe geratzen dira. Lekushare app-aren helburua da plaza horiek non dauden jakitea eta erabiltzaileek behar izatekotan horiek alokatzea, plazaren jabeak baimenduta. Ordu batzuetan, egun osoan eta hainbat egunetan alokatzea ahalbidetuko du app-ak”, dio Borja Galarza Lekushare proiektuko kideetako batek: “Hitz gutxitan, auzotarren komunitateetan edo udaletxeek bere gain dituzten parkingetan hutsik dauden aparkalekuei irtenbidea ematean datza Lekusharek”, dio. Galarzarekin batera proiektuaren sortzaileak dira Etxahun Sanchez eta Iker Zenon etxebarritarrak, eta 1.000 euroko saria jaso dute lehiaketa irabazteagatik.

Proiektuaren garapenerako ‘Gate’ izeneko gailua diseinatu dute (atea, ingelesez), baita webgune bat eta mugikorretarako aplikazio bat ere. ‘Gate’ gailua garajeko atea irekitzeko eta ixteko izango da eta erabiltzaileek mugikorreko app-aren bitartez atea irekiko luke, garajeko ohiko giltza balitz bezala. Webgunearen bitartez aparkalekuko plazaren jabeak eta plaza alokatu nahi duen erabiltzaileak erregistratu behar dira.

Lekushare aplikazioaren sortzaileek diotenez, onura asko dakar proiektuak: “Aparkalekuaren jabearentzako eta leku bila dabilen gidariarentzako, ‘Gate’ gailua instalatzen duten komunitateek garajeko atea ireki ahal izango dute mugikorrarekin, ez dago urrutiko-agintearen kopiarik egin beharrik, udal aparkalekuetako plazak errazago saldu edo alokatu daitezke, edota enpresa batera bisitan doan hornitzaileak bertako aparkalekuan ibilgailua uzteko aukera izan lezake”, dio Galarzak: “Era berean, karabanentzako aparkalekuetarako ere lagungarria izango da Lekushare: erabiltzaileek plaza hutsak non dauden jakin dezakete eta mugikorretik plaza hori alokatu helmugara iritsi aurretik”.

Segurtasun aldetik, “kontrol zuhurra” dagoela dio Etxahun Sanchezek: “Erabiltzailea aparkalekura noiz sartuko den edota noiz arte alokatu duen jakingo dugu uneoro. Erabiltzaileak plaza uzten duen momentuan baliogabetuta egongo da aparkalekurako sarrera, eta beraz, ezingo da sartu nahiz eta mugikorrean aplikazioa izan”, dio Sanchezek.

III. Alkate eta alkatesa + Berritzaileen Topaketa

Apirilaren 25ean III. Alkate eta alkatesa + Berritzaileen Topaketa antolatu dute Malagan. Bertan Innpulso Sarea osatzen duten udalerriek euren ideia berritzaileak aurkeztuko dituzte, alkate eta alkatesen eskutik. Bizkaitik, Etxebarriko Lekushare aplikazioaz gain, Ermuak eta Barakaldok euren proposamenak aurkeztuko dituzte.

Ekimen honek geografia osoko talentu berritzaileak bilduko ditu eta erakusleiho ezinhobea izango da talentu berritzailea gainontzeko udalerriei aurkezteko. Lekushare sari hauetakoren bat eskuratzeko lehian izango da: proiekturik berritzaileena, etorkizunarekiko proiekzio handiena duen proiektua edo proiektuaren aurkezpenik onena. Ekitaldia zehaztasunez jarrai daiteke Udalaren eta Cimeren webguneetan eta Twiterren.

Innpulso Sarea Espainiako 68 udalerrik osatzen dute eta Topaketan 34 proposamen izango dira. Hiru kategoria ezarriko dituzte: 20.000 biztanletik beherakoak, 20.000 eta 100.000 biztanle artekoak eta 100.000tik gorakoak. Etxebarri 2011. urtean hasi  Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiri-sarearen partaide izaten eta lehenengo kategorian lehiatuko da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak