→Etxebarri

Lorezaintza zerbitzuan 102.000 euro gehiago inbertitu ditu Etxebarriko Udalak

etxebarri lorezaintza zerbitzua 2018 argazkia udala

2012an lorezaintza zerbitzuaren kontratua “drastikoki” murriztu zuen Udalak. 2017tik aurrera 102.000 euro gehiago inbertituko ditu Udalak, zerbitzua hobetuz.

Ezohiko inausketak egin dituzte eta lorezaintza zerbitzua hobetu du Udalak // Argazkia: Etxebarriko Udala

2012an krisiaren ondorioz, lorezaintza zerbitzuaren kontratua “drastikoki” murriztu zuen Udalak. 2017tik aurrera 102.650,50 euro gehiago inbertitu ditu Udalak, zerbitzua hobetuz

Etxebarriko Udalak duela urtebete jarri zuen martxan lorezaintza kontratu berria, aurrekoa hobetu eta antzemandako gutxiegitasun batzuk konpontzen saiatzeko. Besteak beste, kontratu berriak honakoak barne hartzen ditu: oporraldietan langileak ordezkatzea, urtean mozketa bat gehiago egitea eta 3 hilabetez beste bi langile egotea, kontratuaren helburuak bete ahal izateko. Gainera, enpresa adjudikazio-hartzaileak hobekuntza batzuk aurreikusi ditu. Horiek dira: ezpondetako lanak segurtasunez egiteko segurtasun-sokak, hainbat lekutan lorategi-parterreak hobetzea eta udalerriko hainbat kaletan txorkoak egokitzea.

Lorezaintza kontratu berria 102.650,50 euroan handitu du Udalak 2017tik aurrera. Hain zuzen ere, 2013-2017 aldian 306.000 euroan zegoen adjudikatuta lorezaintza zerbitzua, eta 2017tik aurrera 408.650,50 euroko inbertsioa egingo du Udalak. “Kontuan izan behar dugu kontratu honen ibilbide ekonomikoa, 2012an, krisiaren ondorioz, drastikoki murriztutakoa. 2008-2012 aldian 442.873,09 euro bideratu genituen, 2013-2017an 306.000 euro eta 2017tik aurrera 408.650,50 euro”, diote udal gobernu taldetik: “Horren arabera, oraindik ez da berreskuratu urte haietako kostua eta egoera horri buelta eman nahi diogu hurrengo kontratuetan. Izan ere, horrenbeste berdegune dituen udalerria izanda, ahalik eta lorezaintza zerbitzurik onena izan nahi dugu”.

Inausketak eta landaketa berriak

Lorezaintza zerbitzua osatzeko asmoz, aurten aurrekontu aldaketa bat burutu dute udal ordezkariek, leku batzuetan ezohiko inausketak eta mozketa zerbiztuak kontratatzeko. Aste honetan gauzatu dituzten zerbitzuen artean daude: Lezama Legizamon kaleko lorontziak inausi eta moztea; Ganguremendi kaleko itxitura inaustea; Marivi Iturbe kaleko mendi-hegaleko akazia faltsuak inausi eta moztea, eta kaleko atzeko aldeko zuhaitzak inaustea; Arbolantxa kaleko ezpondak inausi, pinu bat moztu eta landare inbaditzaileak kentzea; eta, Presako aisialdi-eremuan erorita dauden zuhaitzak kentzea. Era berean, oraindik egiteke dute Lezama Legizamon errepideko mendi-hegaleko zuhaitzak inausi eta moztea.

Bestalde, azken hilabeteetan hainbat zuhaitz moztu behar izan dituzte Etxebarriko hainbat lekutan, “gaixo baitzeuden, eta bide publikora erortzeko arriskua zegoelako”, diote udal ordezkariek. Zuhaitzen galera konpentsatzeko, aldian-aldian bertako zuhaitz espezieak landatuko dituzte, gaixo daudenak ordeztu eta berdeguneak hobetzeko. Azken landaketak Bekosolo parkerako oinezkoentzako sarbide berriko parterrean eta Kukullaga ikastetxearen ondoko eremuan egin dira, Marivi Iturbe kalean.

“Arrazoizko denbora tarte bat pasa da eta balorazio positiboa egin da zerbitzuaren inguruan. Hobekuntza nabaria da parke eta lorategien mantentzeari dagokionez. Kexak asko murriztu dira, eta uda konplikatua izan bada ere (udaberri itxurako uda izan da, hau da, euritsu eta eguzkitsua, belarra arin haztea eraginez), markatutako helburuak betetzea lortu dugu”, diote udal ordezkariek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak