→Etxebarri

Iñurri eta txitxar moreak

Iñurtxi Elkartearen helburuetako bat da emakumeen ahalduntzea sustatzea. Era berean, hilketa eta eraso matxistak salatzen dituzte elkarretaratzeak eginez.

Gaur egun 80 kide ditu Iñurtxi Emakumeen Elkarteak, horietatik 30 gazteak // Argazkia: Maider Ibañez Espinosa

Iñurtxi Elkartearen helburuetako bat da emakumeen ahalduntzea sustatzea. Era berean, hilketa eta eraso matxistak salatzen dituzte elkarretaratzeak eginez

Orain dela zazpi urte eratu zuten Iñurtxi Elkartea Etxebarrin. Elkarte kultural bat da, emakumeen ahalduntzearen alde lan egiten duena. Mugimendua berez orain dela 10 urte hasi zen martxan, 2009an: zenbait emakume museoak ikustera taldean joaten ziren eta konturatu ziren programa bat bazegoela elkarte bezala doan sartzeko aukera ematen zuena. “Orduan ideia izan genuen emakumeon elkarte bat eratzeko. Lan munduan zein familia barruan lan asko egindako emakumeak gara eta gogoa geneukan bizitzan behingoz gozatzeko eta horrek gehiago nahi izateko bultzada eman zigun”, diote. Ildo horretan elkarteari Iñurtxi izena jartzea erabaki zuten: “Iñurria bezala mugitzeko beharra dugu eta txitxarra bezain berritsuak gara. Horregatik erabaki genuen bi izenak batzea. Modu horretan sortu genuen Iñurtxi izena elkartearentzako”, diote.

Iñurtxi Elkartea 100 emakume izatera heldu da, gehiengoa Etxebarrikoak eta 20 inguru beste herrietakoak. Gaur egun 80 kide ditu Iñurtxik eta horietatik 30 inguru gazteak dira. “Nagusienak 81 urte ditu. Emakume oso gogotsua eta parte-hartze handikoa. Eta txikienak 10 urte ditu. Kide baten alaba da eta beste emakume batzuek baino denbora gehiago ematen du gurekin Iñurtxi Etxean”, diote. Zentzu horretan, belaunaldi aldaketa bat badagoela diote.

Elkarteak ez dute inolako diru-laguntzarik jasotzen. “Hori bai, Udalak lokal bat laga digu San Antonion. Etxebizitza bloke batean hainbat elkarte gaude. Hala nola, Ikaskuntza elkartea ere badago bertan. Ebaketa eta jantzigintzan, eta bordatuak egiten du oinarria, eta batik bat emakumeez osatuta dago”, diote. Diru-laguntzen harira diote ez dutela behar handirik laguntza ekonomikoa jasotzeko, “horrela guk nahi duguna egin dezakegulako”.

Emakumeentzako espazioa

Iñurtxiko kideak Iñurtxi Etxean elkartzen dira. Etxebarrik ez du Emakumeen Etxerik, eskualdean Basaurik duen bezala eta Galdakaon aurtengo aurrekontuan zehaztu duten bezala. Eta Iñurtxitik adierazi dute Etxebarrin espazio berri bat sortu beharko litzatekeela emakumeentzako: “Emakumeok espazio bateratu bat behar dugu, bertan elkartzeko, informazioa jasotzeko edota ekintza ezberdinak gauzatzeko. Espazio hori erreferentziazkoa izan behar da. Zergatik ez sortu Etxebarrin Emakumeen Etxea?”.

Iñurtxitik adierazi dutenez Udalak asmoa du emakumeak biltzeko etxe antzeko bat eraikitzeko. “Proiektu bat dago Metacal inguru berrian beste eraikin bat eraikitzeko eta ustez bertan egongo litzateke emakumeontzako espazio bateratua eta berria. Noski, Iñurtxi espazio horren barruan egon beharko litzatekeela uste dugu, udalerriko beste elkarte batzuekin batera”, diote.

Hamaika ekintza

Iñurtxi Elkarteak hainbat jarduera egiten ditu urtean zehar. Besteak beste, irakurketa eta idazketa tailerra, eskulanen tailerra Etxebarriko Baltistan Fundazioari emateko (Baltistango Hushe bailaran bizi diren pertsonen giza garapen integral eta endogenoaren alde egiten du, “batez ere, emakumeen ahalduntzean eta eskolaratzean lan egiten du”, diote), Wikiemakume tailerrak eta topaketak edota irteerak antolatzen dituzte. “Gustuko ditugun gauzak egiten ditugu eta gehienak zabalik daude herritarrentzako”, diote.

Era berean, emakumeen ahalduntzea indartzeko tailerrak egiten dituzte. Esate baterako, autodefentsa feminista. Eta adin txikikoentzako ere jarduerak antolatzen dituzte. Hala nola, sexualitateari eta sexologiari buruzkoa: “13 eta 14 urte bitarteko neska eta mutil gazteentzako tailerra da eta Etxaberriko emaginarekin egiten dituzte saioak. Aurten hirugarren urtea da martxan jarri dugula zerbitzu hori eta neska-mutilak oso gustura datoz. Emaginaren eta gazteen artean harreman oso estua egiten dute eta edozein zalantza argitzen die”, diote.

Biktimen kontatzailea

2017ko abenduan Inurtxik konpromisoa hartu zuen Estatu mailan izandako hilketak eta Bizkaian izandako erasoak gaitzetsi behar zirela kontzentrazioen bidez. “Erabaki genuen kalera irten behar genuela eraso matxistak salatzeko eta arazo honen inguruan hausnarketa pizteko herritarren artean”, diote. 2003tik 984 dira biktima ofizialak Estatuan. “Egon diren hilketak salatzeko kontatzaileak jarri ditugu udalerrian: Iñurtxi Etxean, Ikaskuntzan eta udaletxean. Biktima ofizialez gain, guk ere ofizialak ez direnak sartzen ditugu kontagailuan, hau da, izaera sentimentalik ez duten biktimak”, diote: “Espainiako Gobernuak ofizialak direnak bakarrik hartzen ditu kontuan genero indarkeria barruan. Adibidez, Feminicidio.net webgunean 2010etik egon diren biktima guztiak hartzen dituzte kontuan, izan ofizialak zein ez.

Hilketa edo eraso matxista bat gertatzen denean, ofizialak edota ez ofizialak, hurrengo ostegunean egiten dute elkarretaratzea udaletxeko plazan 19:00etan. “Iaz 30 ostegunetan irten ginen kalera egoera salatzera”, diote.

Martxoaren 8az

M8-ko egitaraua Etxebarriko Udalak antolatzen du, horretarako batzordea deituz. Deialdi irekia da herritar guztiontzat eta Iñurtxi Elkarteak ere parte hartzen du bertan. “Gure ustez M8 edo A25 bezalako egunak emakumeok antolatu beharko genituzke. Behintzat lidergoa emakumeok hartu beharko genuke eta ez hainbeste Udalak. Noski, instituzioek ere bere lekua izan behar dute, baina gure ustez emakumeak, emakume bezala, aurretik agertu behar dira”, diote. Aurten Iñurtxitik proposatu dute greba feministako kontzentrazio eta manifestazioetara betaurreko moreekin eta kapa batekin joatea, “heroiak bagina bezala”, diote.

Beste batzuek proposatu dute pankarta handi bat egitea eta CIME eraikinetik edo udaletxetik eskegitzea. “Asmoa da beste urte batzuetan pankarta bera erabiltzea”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak