→Etxebarri

Bederatzi gau Saharan

etxebarri munduaz blai 2018 sahara aste santua

Maiatzaren 11n Aste Santuan Saharara egin duten bidaia aurkeztuko dute Etxebarrin, Mugarri Gaztelekuan. Esperientzia eta bertan burutu dituzten proiektuak azalduko dituzte.

Saharan azken egonaldiko bidaiariak // Munduaz Blai

Maiatzaren 11n Aste Santuan Saharara egin duten bidaia aurkeztuko dute Etxebarrin, Mugarri Gaztelekuan

Munduaz Blai Elkarteak beste bidaia bat egin du Aste Santuan Saharara. Elkarteko lau kide eta garapen-lankidetza ikastaroa aurten egin duten zortzi lagun joan dira oraingoan Smarako kanpamendura. Munduaz Blaitik Alazne Molinuevo eta Iker Toledo basauriarrak eta Ane Elordi eta Miren Aldazabal zornotzarrak, eta lankidetza ikastaroa egin dutenen artean Gaizka Piris, Marta Plaza eta Ruth del Rio etxebarritarrak, Irune Bonilla eta Maitane Escudero basauriarrak, Enara Ponte bilbotarra, Leire Alonso santurtziar-sopelarra eta Olatz Olabarri lezamarra izan dira proiektu solidarioak Saharan burutzen. Munduaz Blai Elkarteko kideetatik lauk esperientzia errepikatu dute: Toledo eta Aldazabalen bigarren bidaia, Elordiren bosgarrena eta Molinuevoren laugarrena).

Iker Toledoren (Basauri, 1991) bigarren bidaia izan da honakoa eta aurrenekoa Maitane Escudero (Basauri, 1992) eta Olatz Olabarri (Lezama, 1997) herritarrena, Munduaz Blaik aurrera daraman proiektu honetan. Orain dela 10 urte hasi zen Etxebarriren eta Sahararen arteko harremana sendotzen, 2008an Echderia (Aljeria) eta Etxebarri senidetu baitziren. Eta, ordutik hona Etxebarriko zein inguruko gazteak eta helduak Mendebaldeko Saharan bizi duten egoeran inplikatzea bilatu dute Etxebarritik, Munduaz Blai Elkartearen sorrerarekin (2010ean).

Talde hetereogeneoa

2009. urtetik Saharara bidaiak antolatzen dituzte Etxebarritik eta urtetik urtera gero eta jende gehiagok interesa du Munduaz Blai Elkarteak aurrera daraman lankidetza programan parte hartzeko. “Oraingoan egin dugun bidaian talde oso hetereogeneoa bildu gara: Etxebarrikoak, Basaurikoak, Zornotzakoak, Bilbokoak, Santurtzi-Sopelakoak eta ni neu Lezamakoa izan gara”, dio Olatz Olabarrik. “Eta, ez bakarrik jatorri ezberdinetakoak, adinez ere talde hetereogeneoa joan gara: 18 urtetik 32 urtera bitarteko taldea batu gara”, dio Maitane Escuderok.

Etxebarriko elkartearen oihartzunaz galdetuta, Olabarrik dio Facebook sare sozialaren bitartez eta Saharan bizi duten egoeraz kontzientziatuta zegoelako ezagutu zuela Munduaz Blai Elkartea. “Iaz lankidetza ikastaroaren berri eman zutenean, ez nuen birritan pentsatu eta izena eman nuen”, dio Olabarrik. Escuderoren kasuan, Munduaz Blaiko kide batzuk lagunak ditu eta ikastaroa egitera animatu zen: “Kuadrilako lagunek dagoeneko eginda dute ikastaroa, orduan aukera ikusi nuen oraingoan nik ere hori egiteko”.

etxebarri munduaz blai 2018 sahara aste santua 1

300 kilo material

Aurten martxoaren 23tik apirilaren 1era bitartean egin dute bidaia Munduaz Blaikoek Saharara. “Munduaz Blai Elkartean urteak daramatzagu elkarlanean Smarako kanpamenduan. Familia batekin senidetze harremanak izateaz gain, beste familia batzuetan eta hainbat eskolatan ere egiten ditugu ekarpenak”, dio Iker Toledo Munduaz Blaiko kideak.

Zentzu horretan, bidaian joan aurretik material bilketa egin zuten: “Bidaian joan garen hamabiok bakoitzak bere herrian bilketak egin zituen, bai farmazietan bai kopistegietan. Eta eraman dugun gehiena izan dira papillak, higienerako materiala, medikamentuak, umeentzako zein nagusientzako pardelak eta eskolarako materiala. Guztira, 300 kilo baino gehiago eraman genituen, fakturatzen dugun guztia Saharan uztekoa baita”, dio Toledok: “Ekainean furgoneta bat Saharara bidaltzeko ari gara prestatzen, aurten bilketa oso ona izan delako eta biltegia bete-beteta dugulako”.

Materiala eta elikagaiak bertara eramateaz gain, Munduaz Blaik hamaika proiektu gauzatu ditu Saharan. Horietako bat da bertakoei gaztelania eskolak ematea: “Munduazen proiektu printzipalenetarikoa da bi ikastetxeetan gaztelania eskolak ematea bertako irakasleen laguntzarekin, eta horri jarraipena eman diogu. Gainera, martxan jarri dugu datorren urteari begira, beste eskola batzuetan gaztelania klase horiek zabaltzea Smara-Wilaya auzoan”, dio Olabarrik. Proiektu honen helburua da Oporrak Bakean ekimenaren baitan lehenengo aldiz Euskal Herrira eta Estatura datozen haurrei gaztelania irakastea, bertan komunikatzeko erraztasun gehiago izan dezaten: “Ez dute gramatika bere horretan ikasten, baizik eta esaldi eta hitz zehatz batzuk. Gaztelaniaren nozio bat izan dezaten”, dio Escuderok.

Era berean, SOis proiektua -egoera okerrenean dauden familiei bisitak egitean datza, eta bide batez, elikagai eta material pack-ak entregatzean- gauzatu dute, eta hainbat bisitaldi egin dituzte. Besteak beste, Rabuniko Ospitalea, Aaiun, lurralde okupatuetan dauden preso politikoen, iheslarien eta desagertutakoen aldeko elkartea, hezkuntza bereziko zentro bat eta etxeak isolatzeko orduan proiektu piloto bat: “Plastikozko botilak hartu, hareaz bete eta etxea eraikitzen dute. Metodo berri horri esker igartzen da nola kanpoko berotik isolatzen den barruko tenperatura, aire girotua balitz bezala”, dio Escuderok. Metodo hori erabilita bi etxe egokitu dituzte momentuz, “bertan ez dagoelako botila nahikorik. Lankidetzan goazenok eramaten ditugu”, dio Toledok.

Bidaiaren aurkezpena

Munduaz Blai Elkarteak Saharara bidaia egiten duen bakoitzean (urtean bi aldiz: Aste Santuan eta abenduan), Euskal Herrira itzultzean bidaiaren nondik norakoak azaltzen dituzte bertan. Besteak beste, esperientzia nolakoa izan den, bertan burutu dituzten proiektuak eta bisitatu dituzten herriak eta kanpamenduak.

Azken bidaiaren aurkezpena maiatzaren 11n egingo dute Etxebarriko Mugarri Gaztelekuan 19:30etik aurrera. Bertan, bidaia laburbiltzen duen bideoa eta bertan egin dituzten argazkiak erakutsiko dituzte. “Sahararrentzako gu gara euren bozgorailua Etxebarrin zein Euskal Herri osoan. Helburua da bertako errealitatea gurean ezagutaraztea eta gugan kontzientzia piztea. Azken finean kausa ezagutaraztea da asmo nagusia”, diote

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|