→Etxebarri

Euskal Herriko lehen motozikleta elektrikoa ‘made in’ Etxebarri da

etxebarri nuuk motozikleta elektrikoa 2018 muntaketa lanak argazkia nuuk twitter

Etxebarriko Nuuk enpresak Euskal Herriko lehen motozikleta elektrikoa aurkeztu du. 300 motor jarriko dituzte salgai, 6.000 euro inguruko salneurrian.

Nuuk motozikleta elektrikoen muntaketa-lanetan // Argazkia: Nuuk (Twitter: @Nuuk_EU)

Etxebarriko Nuuk enpresak Euskal Herriko lehen motozikleta elektrikoa aurkeztu du. 300 motor jarriko dituzte salgai, 6.000 euro inguruko salneurrian

Etxebarriko Nuuk enpresan Euskal Herriko lehen moto elektrikoak sortu dituzte eta hilabete honetan salgai jarriko dituzte, Nuuk izenarekin. Enpresako ingeniariak urtebete baino gehiago ibili dira motozikleta elektrikoan lan egiten, eta proba guztiak gaindituta, merkatuan ipiniko dituzte laster.

Figueres herrian (Girona) muntatuko dituzte motozikleta elektriko hauek. Hain zuzen, Rieju enpresan. Hasieran 300 ibilgailu jarriko dituzte salgai hilero Europa osoko 2.000 puntutan, baina salmentak ondo badoaz hileko 600 ibilgailu merkatuan jartzeko aukera egongo da. Motozikleta bakoitza 6.000 euroren inguran egongo da salgai.

Gaur egun Nuuk enpresan 10 ingeniarik egiten dute lan, eta motozikleta berriaren proiektua enpresaren berezko kapital pribatuarekin ordaindu dute, instituzioen laguntzarik gabe. Hori bai, Bosch eta Rieju enpresen babesa eta laguntza jaso dute.

Hiru modelo

Ibilgailu elektriko honek 300 kilometroko autonomia izango du eta 1oo kilometro orduko abiadura har dezake. Nuuk motozikleta elektrikoak hiru modelo izango ditu: Urban (hiritik mugitzeko), Tracker (lur orotako ibilgailua) eta Cargo (edukiera handiko maletategia du eta jarduera profesionaletarako balio dezake). Martin Calzada Nuuk enpresako zuzendari teknikoak dioenez, “motozikletek motor nagusi bat izango dute, baita bateriak ere. Gainera, barruan kargagailua eramango dute, behar izatekotan momentuan bertan motozikleta kargatzeko”. Era berean, atzeko jarlekua mugituta, maletategia jartzeko aukera du.

Etxebarriko enpresak aurreikusten du egitura handitzea datorren hiruhilekoan, beste proiektu batzuetan murgiltzeko helburuarekin. Betiere, mugikortasun elektrikoa oinarri izanda. Esate baterako, asmoa dute Euskadin muntaketa-tailer bat eraikitzeko, bertan hiru eta lau gurpiletako ibilgailuak egiteko. Aurreikuspenen arabera, 2019ko lehen seihilekoan has litezke horretan martxan eta horretarako instituzioen laguntza eskatuko dute.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak