→Etxebarri

608 isun izapidetu ditu Etxebarriko Udaltzaingoak iaz, 2017an baino 70 gutxiago

Doneztebe etorbidean eta Errekaondo kalean izan dira arau-hauste gehien. Isun gehienak aparkamendu-araudia ez betetzeagatik jarri dituzte

Polizia-jardunaren eta delitu-tasaren 2018ko urteko txostena argitaratu du Etxebarriko Udalak. Udaltzaingoa eta Ertzaintzaren esku-hartzeak batera kontuan hartuta, arau-hauste arinek % 2,7ko jaitsiera izan dute 2017arekin alderatuta: 2017an 333 izan ziren eta iaz 324.

Isunei dagokienez, 2018an guztira 608 izapidetu zituen Etxebarriko Udaltzaingoak, 2017an baino 70 gutxiago. Doneztebe etorbidea da arau-hauste gehien izan dituena (68), eta ondoren Errekaondo kalea (42). “Zehapen gehienak aparkamentu-araudia ez betetzearekin daude lotuta”, dio Loren Oliva Etxebarriko alkateak.

Bestetik, zirkulazioarekin lotutako 41 istripu gertatu ziren iaz Etxebarrin, 2017an baino 17 gutxiago. “Horietatik 12 zauritu artatu behar izan zituen Udaltzaingoak”, dio Olivak. Era berean, bide publikotik 45 ibilgailu kandu zituen Udaltzaingoak 2018an (2017an 92): “45 ibilgailuetatik 13 hiri-hondakin solido bezala tratatu ziren”.

Hobekuntza gisa, Etxebarriko Udalak etilometroa eta prebentzio-radarra eskuratu ditu. “Bide-segurtasun kameren laguntzarekin batera zerbitzua hobetzeko tresnak izango dira”, dio Olivak.

Udal Ordenantzaren gaineko arau-hausteei dagokienez, 2018an zehar 38 salaketa jarri zituzten herritarrek: hamaika animaliak izateko eta babesteko ordenantzari lotutakoak, hamalau bide publikoetako ordenantzari lotutakoak, bi hiri-altzariei eragindako kalteei lotutakoak, sei gazte-lokalen erabilera desegokiari buruzkoak eta bost ostalaritza ordenantzaren ingurukoak.

Lapurretek gora

2018ko urteko polizia-txostenaren arabera, 47 lapurreta jaso ziren iaz Etxebarrin, 2017an baino 30 gehiago. Hala ere, Etxebarri “udalerri segurua” dela dio Udalak, “delitu-tasa Bizkaikoa baino 3 aldiz txikiagoa baita”. Mila biztanleko Etxebarriko delitu-tasa % 17,96koa izan da 2018an, Bizkaian % 45,87koa eta Euskal Autonomia Erkidegoan % 40,22koa. 2018an zehar 229 identifikazio egin zituen Etxebarriko poliziak, 2017an baino 39 gehiago.

Datuak datu, iaz etxebizitzetan 10 lapurreta egon ziren (2017an 4 eta 2016an 8), bulego eta merkataritza establezimenduetan 16 lapurreta (2017an eta 2016an 7 urte bakoitzean), fabrika eta enpresa handietan 9 (2017an lapurreta bakarra eta 2016an 5), garajetan 2 lapurreta (2017an 2 eta 2016an 4), indarkeria erabilitako lapurretak 6 izan dira (2017an bakarra eta 2016an 11), eta ibilgailuen lapurretak 4 izan ziren 2018an (2017an 2 eta 2016an 7).

“Etxebarri herri seguruago bat izatearen alde lan egiten jarraitu behar dugu. Ez gara moteldu behar eta datu hauek hobetze aldera zuhurtziaz jarduten jarraitu behar dugu”, dio Loren Oliva alkateak. Ildo horretan, beste udaltzain lanpostu bat betetzeko aukera aztertzen ari da Udala, “honela Etxebarriko Udaltzaingoa 18 kidek osatuko lukete”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak