→Etxebarri

Nerbioi ibaiko ura edan ahal izango da, Etxebarriko Ponpatze-estazioari esker

etxebarri ponpatze estazioa 2018 inaugurazioa

Larrialdi egoeretan Nerbioi-Ibaizabal ibaiko ura giza kontsumorako erabili ahal izango da Bizkaian, Etxebarrin eraiki dute ponpatze-estazioari esker.

Larrialdi egoeretan bakarrik erabiliko da eta segunduko 2.000 litro ur hartu ahal izango dira Nerbioi ibaitik // Argazkia: Geuria

Larrialdi egoeretan Nerbioi-Ibaizabal ibaiko ura giza kontsumorako erabili ahal izango da Bizkaian. Segunduko 2.000 litro ur hartuko ditu

Ur ponpatze-estazioa inauguratu dute Etxebarrin, ekaitz-tangaren alboan. Larrialdi egoeretan bakarrik erabiliko da -lehortea edo Zadorrako urtegietatik lortutako hornidura aski ez izatea- eta segunduko 2.000 litro ur hartu ahal izango dira Nerbioi ibaitik. Ibaiko ur hori Beteluriko Edateko Uren Tratamendutegira ponpatuko litzateke, eta han tratau ondoren, berme guztiekin giza kontsumorako banatuko litzateke.

“Etxebarriko ponpatze-estazio honek ahalbidetzen du ur-hornidura sarean Nerbioi-Ibaizabal ibaiko ura sartzea”, dio Kepa Odriozola Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoaren presidenteak: “Aparteko hargunea da, premiazkoa”. Loren Oliva Etxebarriko alkateak dioenez, “Lehorte kasuetan Nerbioi ibaia bizi-alternatiba izango da. Benetan edateko ur-iturri bihurtzen da ibaiko ura”.

Loren Oliva Etxebarriko alkatea, Kepa Odriozoloa Ur Partzuergoaren presidentea, eta Elena Unzueta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatua // Argazkia: Maider Ibañez

Ponpatze-estazioaren eraikinak 850 metro karratu ditu. Estazioaren eta turbinaren obra 2015ean hasi zuten, eta 11,4 milioi euro inbertitu dituzte. Bizkaiko Lurralde Historikoan hainbat saneamendu- eta hornidura-azpiegitura eraikitzeko Bizkaiko Foru Aldundiak eta Ur Partzuergoak sinatutako hitzarmenaren kargura finantzatu da erabat.

500 litro ponpa bakoitzeko

Hiru gunetan banatzen da estazioa: ponpatze eta turbina gunea, instalazio elektrikoa eta ura iragazteko gunea. Turbina eta ponpen aretoak 1.000 m2 baino gehiago ditu. Bertan daude ponpaketa-ekipoak eta zentral hidroelektrikoari dagozkionak. Hain zuzen ere, ponpatze-estazioaz gain, proiektuak zentral hidroelektriko bat ere barne hartu du, Zadorrako Sistemak emandako baliabideen soberakinak aprobetxatzeko. Gaur egun Arratia ibaira isurtzen dira Undurragako (Zeanuri) urtegitik.

Ponpen aretoan guztira sei ponpa jarri dituzte: lau ponpa eta erreserbako bi. Bakoitza 500 litro segunduko emaria igotzeko gai izango da. Lana erabat automatizatuta egongo da, eta Beteluriko Kontrol Postu Zentraletik kontrolatuko da.

Ur Partzuergoak aurreikusten duenaren arabera, turbinak urtean 42 egunez funtzionatuko du, eta urteko ekoizpen elektrikoa 4,35 Gwh/urte ingurukoa izango da. Ekoizpen hori sare elektrikoari gehituko zaio. Izan ere, turbinaren funtzionamendu-aldia abendutik apirilera artekoa izango da, tarte horretan ez baitago zebra muskuiluaren larbarik eta, horrenbestez, espezie inbaditzaile hori ez da Nerbioi ibaiko behe emarira transferituko.

Ibaiertzeko bidea berreskuratuta

Proiektuaren hobekuntza gisa, obra zibila bukatu ondoren, eremu osoan ingurumena berreskuratzeko lanak egin dituzte. Bereziki, ibaiertzean, instalazioarekin bat datorren eremuan. Gauzak horrela, ibaiertzean bide bat eraiki dute (arrantzaleen bidezidorra), ibaiertza jarraituz oinezkoek erabil dezaten. Bide hori ekaitz-tangara iristeko sarbidetik ibai gaineko metroaren zubibideraino doa eta 600 metro baino gehiagoko luzera dauka.

Bidea eraikitzeko zenbait harri-lubeta egikaritu dituzte: horiek finkatu, landareak jarri (zuhaitz eta zuhaixken 3.000 ale baino gehiago landatu dituzte) eta igarobideak zedarritu eta babestu dituzte. Horrez gain, lursaila garbitu eta leheneratu egin dute; horretarako espezie inbaditzaileak ezabatzeko bi kanpaina intentsibo egin dituzte.

Bizkaian 1989an izan zen azken lehortea eta ondorioz bizkaitarrek ur-honiketan murrizketak jasan zituten. Estazio honek etorkizunean egoera hori errepikatzea ekidin egingo du.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak