→Etxebarri

Asfalto gaineko Euskadiko lehen Pumptrack zirkuitua Etxebarrin dago

Herritarren gozamenerako aisialdirako gune ezberdinak eraiki ditu Etxebarriko Udalak Bekosolo Parkean. Horiek dira Pumptrack eta Cross Country zirkuituak eta bolei- eta eskubaloi-hondartzako kantxa. Zirkuituak dagoeneko bukatuta daude eta irailaren 14an inauguratuko dituzte. Irekiera 17:00etan izango da, Basahuntzak Kirol Elkarteko kideen eskutik. Hain zuzen ere, klub honek bizikleta eskola bat du eta lehentasun osoa izango dute euren jarduera burutzen duten ordutegietan. Irekiera sinboliko horren ostean, pistak modu librean erabili ahal izango dira.

Pumptrack zirkuitua itxia da eta oztopoz, bihurgunez eta badenez osatuta dago. “Oso egokiak da bizikleta, skate eta patinentzako”, dio Loren Olvia alkateak. Guztira 900 metro karratu inguruko azalera betetzen du eta ibilbideak 170 metroko luzera du, guztira aldi berean 30 erabiltzaile arte hartzen dituena. Cross Country pista, bere aldetik, mountain bike bizikletentzako daude bereziki eginak eta oztopo naturala zein artifizialak saihesteko prestatuta daude. Ibilbideak 500 metro inguruko luzera du eta 60 eta 100 rider edo gidari har ditzake. “Ez dago erabiltzeko gutxieneko adinik ezarrita baina 12 urtetik beherakoek heldu batek lagunduta joan beharko dute. Derrigorrezkoa da kaskoa eta eskularruak erabiltzea eta belaunetako eta ukondoetako babesak erabiltzeko gomendioa ematen da”, dio Lorenek. Bolei- eta eskubaloi-hondartzako kantxa aurrerago inauguratuko dute, “jokatzeko elementuak kokatuta daudenean”.

Euskadiko lehena

“Pumptrack eta Cross Country zirkuituen sorrera Suitzan dago. Bertan erreferente dira pista hauek. Espainian orain dela 10 urte instalatu ziren lehen pistak”, dio Iñaki Bilbao PoolSport enpresako kideak. Euskadin bi pista daude gaur egun: “Donostian Pumptrack zirkuitu bat eraiki dugu, baina hura ez dago asfaltatuta. Etxebarrikoa lehena da Euskadi mailan asfaltatuta dagoena. Gainera, elementu berri bat jarri dugu Pumptrack pistan: hall ride delakoa”, dio Jose Diego Molina Zuin Bikeparks enpresako diseinatzaileetako batek. Molino, gainera, Andaluziako txapelduna da bizikleta modalitate horretan.

Aisialdirako gune hauen obrak PoolSport enpresari esleitu zitzaizkion eta enpresa horren bitartez Zuin Bikeparks enpresak diseinatu eta eraiki ditu pistak, Basahuntzak elkartearen laguntzarekin. Obrak uztailaren 9an hasi zituzten eta abuztuaren 5ean bukatu zituzten asfaltatze-lanak.

Bekoslo parkean dagoeneko Skate pista dago, baita aire libreko gimnasioa ere. “Lursail hori Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eskumenekoa da eta etorkizunean eskola publikoak izan ditzakeen beharretarako erabiliko da. Epe ertainean ez da lursail hori erabiliko, beraz, inbertsio hauek herritarren gozamenerako prestatu dira, ez, aldiz, behin betirako”, dio Loren Oliva Etxebarriko alkateak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak