☉ Etxebarri
Sei pertsona kontratatuko ditu Etxebarriko Udalak, sei hilabetez lan egiteko
Artxibo eta dokumentazio lanak egiteko (1), espazio publikoaren mantentze-lanak egiteko (ofizial 1 eta peoi 1), eta dinamizatzaileak (3) kontratatuko ditu Udalak, Lanbideren eskutik.
Artxibo eta dokumentazio lanak egiteko pertsona bat, espazio publikoaren mantentze-lanak egiteko ofizial bat eta peoi bat, eta hiru dinamizatzaile (Digital-Lab dinamizatzailea, Ingurumen eta Iraunkortasun dinamizatzailea eta Kultura eta Gizarte Ondarerako dinamizatzailea) kontratatuko ditu Etxebarriko Udalak, Lanbiderekin lankidetzan. Sei pertsona horiek sei hilabetez lan egingo dute, % 75eko lanaldietan.
Hautaketa-prozesuari dagokionez, irizpide hauek hartuko dituzte kontuan: kontratazio kopuruaren % 30 diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) jasotzen duten pertsonak izatea; eta gainerako % 70 talde hauetakoak izatea: 35 urtekoak edo gutxiagokoak, enplegu eskatzaile gisa sei hilabetez izena emaniko 45 urte baino gehiagokoak, 55 urte baino gehiagokoak, iraupen luzeko langabetuak, desgaitasunak dituztenak, familia-erantzukizunak dituzten emakumeak eta genero-indarkeria jasan dituzten emakumeak. Gutxienez kontratatuko dituzten % 40a emakumeak izango dira, eta % 15a 55 urtetik gorako langabetuak. Lanbidek berak hautagai posibleen zerrenda bidaliko dio Udalari.
Lanbidek 2019ko Enpleguaren Sustapenerako Tokiko Neurrietarako laguntzen deialdia argitaratuta, Etxebarriko Udalari 1. eta 2. motatako laguntzetarako 71.448,76 euro dagozkio. Etxebarrik ez du 3. motako ezohiko laguntzarik jasoko, bertako langabezia-tasa % 11tik beherakoa baita. Hain zuzen ere, gaur egun % 8,7koa da langabezia-tasa Etxebarrin.
☉ Etxebarri
Areto futboleko emakumezkoen Kukuiagak liga txapelketa irabazi du lehen aldiz
17 taldek parte hartu dute Ligan, eta bi fasetan jokatu da. Etxebarritarren zenbakiak ikusgarriak dira, garaipen gehien eta porrot gutxien pilatu dituen taldea izan baita
Azken jardunaldiaren faltan garaikurra ziurtatu zuen Kukuiagaren emakumezkoen senior taldeak Bilboko Otxartabe taldeari 5-0 irabazi ondoren. Ez da halako emaitza ikusgarria lortzen duten lehen aldia, inondik inora, gol gehien sartu eta gutxien jaso dituen taldea izan baita etxebarritarra. 17 taldek parte hartu dute Ligan, eta bi fasetan jokatu da. Etxebarritarren zenbakiak ikusgarriak dira, garaipen gehien eta porrot gutxien pilatu dituen taldea ere izan baitira.
Fran Rodriguez entrenatzailearen arabera “poz izugarria” eta “aurrerapauso handia” da klubarentzat aurten lortu dutena. Eskarmentu handiko entrenatzailea den arren, klubean hamarkada luzea darama, bere lehen esperientzia izan da emakumezkoen taldearekin, eta “oso aberasgarria” izan dela nabarmendu du basauriarrak.
Lortutako uzta ez da hor bukatzen Kukuiagarentzat, ordea, oraindik beste bi sari potolo lortzeko aukera baitute: Gipuzkoa eta Arabako txapeldunen kontra jokatu beharko dute, estatuko mailako faserako txartela lortu nahian. Helburu hori erdietsiz gero, estatu mailako fasean bigarren mailarako igoera legoke jokoan. Rodriguezen ustez, baina, “egindakoaz gozatzeko eta pausoz pauso” joateko momentua da.
☉ Etxebarri
Etxebarri / Korrika 23 / 2024
Aperribai atzean utzi eta 23. Korrikako lekukoa Etxebarrira heldu da. San Antoniotik aldapan gora eta aldapan behera, Etxebarri herrigunetik ibili da Korrika. Ikusi furgonetatik atera dituzten argazkiak:
☉ Etxebarri
Argazkiak / Aldapan gora, aldapan behera egin du 23. Korrikak Etxebarrin
Galdakaotik eta Aperribaitik igaro ondoren, Etxebarrik hartu du 23. Korrikako lekukoa. San Antonio eta Etxebarri arteko bidegurutzean izan gara.
☉ Etxebarri
Lantegi Batuakek industria zentro berria martxan jarri du Etxebarrin
Muntaia elektriko eta elektromekanikoetan espezializatutako zentro berria zabaldu du Lantegi Batuak erakundeak Etxebarrin.
Zentroa ekipamendu elektrikoko ondasunak mihiztatzen espezializatuta dago, eta energiaren sektoreko balio-kate osorako produktuak eta soluzioak sortzen ditu, “baita sorkuntza, kontrola, banaketa elektrikoa, energia berriztagarrietarako ekipamendua eta sare adimendunak ere”, diote.
Lantegi Batuak erakundeak Bizkaian duen hogeigarren zentroa da. Hego Uribe eskualdean lau zentro daude: hiru Etxebarrin eta bakarra Basaurin. Era berean, zerbitzuak eskaintzen ditu erakundeak Arrigorriagan eta Galdakaon (garbiketa eta lorezaintza, hurrenez hurren) eta langileak ditu Ugaoko, Zaratamoko eta Zeberioko enpresetan.
Etxebarriko zentro berriak Bilbo Handiko eskualdeko desgaitasuna duten pertsonen enplegu-eskaerari erantzuten dio. Bertan, 162 pertsonak egiten dute lan gaur egun (% 29 emakumeak, % 31 gizonak), eta horietatik 140 desgaitasuna duten pertsonak dira.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako foru diputatuak Etxebarriko industria zentro berria bisitatu zuten martxoaren 19an.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Lantegi Batuak elkarteak 30 urte baino gehiago daramatzate lankidetzan desgaitasuna duten pertsonentzako okupazio-zerbitzua emateko. Lantegi Batuak erakundeak 800 okupazio-plaza kudeatzen ditu, Aldundiaren erantzukizuneko gizarte-zerbitzu honek eskaintzen dituen 1.300 plazetatik.
☉ Etxebarri
Def Con Dos, Parabellum eta Kaos Etiliko, Etxebarriko Ehuneko Bat jaialdian
Maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean izango da Ehunkeko Bat Punk-Rock jaialdia Etxebarriko Bekosolo parkean.
Aurten Def Con Dos, Frakture, Kruddo, Parabellum, Kaos Etiliko, Envidia Kotxina, Sanngre, Ignotus, Seiskafes eta Zero taldeen musika entzun ahalko da jaialdian.
Sarrerak salgai daude woutick.es webgunearen bitartez. Ostiraleko sarrerak 15 euroan daude salgai eta larunbatekoak 25 euroan.