→Arrigorriaga

Maria Villalvilla eta Maria Abrisqueta arrigorriagarren “ahalegina eta ardura” goraipatu ditu Etxebarriko Urbarri klubak

Maria Villavillak urrezko domina irabazi du Espainiako Iparraldeko Eskolarteko Txapelketan eta Maria Abrisquetak Udako Espainiako Txapelketan hartuko du parte.

Argazkiak: Sincro Urbarri-Etxebarri

Etxebarriko Urbarri Igeriketa Sinkronizatua Klubak denboraldia amaitu du ekainean, eta klubeko bi igerilariren “ahalegina eta ardura” goraipatu nahi izan ditu: Maria Villalvilla eta Maria Abrisqueta arrigorriagarrena, alegia. “Klubaren egoitza Etxebarrin egoteak askotan eragiten du beste udalerrietako igerilaren merituak publikoki ez ezagutaraztea. Horregatik, oraingoan Arrigorriagako bi igerilarien denboraldi bikaina aitortu nahi dugu”, diote Sincro Urbarri Klubetik.

Hain zuzen ere, eskola kiroleko Maria Villavilla eta bere taldeak urrezko domina irabazi dute Valladoliden ospatu den Espainiako Iparraldeko Eskolarteko Txapelketan, haurren kategorian. “Villalvillak izugarrizko denboraldia egin du eta garaipen hau amaiera bikaina izan da berarentzako zein talde osoarentzako”, diote klubetik.

Bestetik, junior kategoriako Maria Abrisqueta igerilari arrigorriagarraren lana ere aitortu du klubak: “Parte hartu duen modalitate guztietan dominak irabazi ditu Abrisquetak: binakakoetan (teknikoan zein saio librean), taldekakoetan (teknikoan eta librean) eta konbinatuan”, diote. Gainera, Udako Espainiako Txapelketa ari da prestatzen Abrisqueta (Sabadellen izango da).

“Urbarri klubetik oso harro gaude bi igerilari hauek denboraldi honetan egin duten lanagarik”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak