→Etxebarri

San Antonio auzoan TAO sistema ezartzea baztertu du udal gobernu taldeak

etxebarri san antonio auzoa 2018 metroa igogailua argazkia google maps

Metroko L3ko igogailutik hurbil geratzen diren kaleetara TAO sistema zabaltzea baztertu du Etxebarriko Udalak. EtxebarriBus bere horretan mantenduko du.

Elizako Sarbidea kalea goitik, L3ko igogailuaren ondoan // Google Maps

Metroko 3. Lineako igogailutik hurbil geratzen diren kaleetara TAO sistema zabaltzea baztertu du Etxebarriko Udalak. EtxebarriBus zerbitzua bere horretan mantenduko du

Urtebete inguru igaro da Metroko 3. Linea Etxebarrira heldu denetik eta horrek ondorioak ekarri ditu udalerrian, EtxebarriBus zerbitzuan, aparkalekuetan eta TAO sisteman. Azken honi dagokionez, herritarren artean kezka zegoen linea berriak San Antonio auzoan TAO sistema ezartzea ekarriko zuen. Udal gobernu taldeak jakinarazi duenez, L3ko igogailuetatik hurbil geratzen diren kaleetan -Euskal Herria eta Elizako Sarbidea kaleetan, alegia- TAO sistema zabaltzea baztertu dute. 2017ko maiatzetik 2018ko otsailera bitartean azterketa egin dute eremu horretan eta udal ordezkarien arabera, “ez da aldaketa nabarmenik jaso aparkaleku kopuruari dagokionez, beraz, momentuz, ez dugu egoki ikusten kale horietara TAOa zabaltzea”, diote. Dagoeneko TAO sistema ezarrita dagoen tokietan, ordea, bere horretan mantenduko da: “Hala ez balitz, Doneztebe zonaldean aparkalekuen saturazioa gertatuko litzateke, batez ere kanpotik datozen ibilgailuen eraginda”, diote.

Aparkalekuei dagokienez, 1. eta 2. Lineako Metro geltokitik hubil dauden zonaldeetan astelehenetik ostiralera bitartean aparkaleku libre gehiago dagoela antzeman dute Udaletik: “Leku libre hauek bertoko auzokideek utzitakoak dira, izan ere, herrian aparkatzen duten kanpoko bidaiarien kopurua mantendu egin baita”. Bestetik, 3. Lineatik gertu dagoen zonaldean -Forua kalean, esaterako- “igoera txiki bat” nabaritu dutela adierazi dute udal ordezkariek.

EtxebarriBus bidaien jaitsiera

EtxebarriBus zerbitzuari dagokionean, 2016ko maiatzetik 2017ko apirilera bitartean 576.006 bidaia erregistratu ziren eta handik urtebetera, 2017ko maiatzetik 2018ko apirilera artean, 511.248 bidaia erregistratu dira. Hau da, %11,2ko jaitsiera eman da EtxebarriBus zerbitzuan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak