→Etxebarri

Loren Oliva: “Alkatearen soldata % 20 igo arren, Eudelek proposatzen duena baino % 10 baxuagoa da”

Etxebarriko Udalak 2019-2023 legegintzaldirako udal azpiegitura, soldatak, dietak eta udal taldeei zuzendutako diru-laguntzak onartu ditu dagoeneko.

64.080 euro gordin irabaziko ditu urtean Loren Oliva Etxebarriko alkateak // Argazkia: LVP

Etxebarriko udal gobernu taldea martxan da eta 2019-2023 legegintzaldirako udal azpiegitura, soldatak, dietak eta udal taldeei zuzendutako diru-laguntzak onartu dituzte dagoeneko. Soldaten kasuan, Loren Oliva alkateak 64.080 euro gordin irabaziko ditu urtean, aurreko legegintzaldian baino 11.338,42 euro gehiago (% 20 gehiago). “Alkatearen soldata % 20an igo dugu, baina oraindik ere Eudelek proposatzen duena baino % 10 baxuagoa da”, dio Loren Oliva alkateak: “Aurreko bi legegintzaldietan alkatearen soldata jaitsi dugula ere nabarmendu behar dugu, eta herritarrek jakin dezaten, behar denean ere alkatearen soldata ere jaitsiko dugu, zalantzarik gabe”. Miguel Herrero lehenengo alkateordearen soldata 53.000 eurokoa izango da.

Eudelen arabera, 10.000 biztanle baino gehiagoko herri bateko alkateak 71.200 euro irabazi beharko lituzte, eta Etxebarriko alkateak 10.000 biztanle baino gutxiagoko herri bati dagokiona kobratuko du: 64.080 euro. Gobernu-taldeak nabarmendu du alkateentzat gomendatutako kopuruak “gehiegizkoak” direla, “eta horregatik kopuru horiekiko beherapena egitearen konpromisoarekin” jarraituko dutela adierazi dute.

Dietei dagokienez, dieta finkoak kenduko dituzte eta osoko bilkurekiko, informazio batzordearekiko eta tokiko gobernu batzordeekiko asistentziak kobratuko dituzte. Gauzak horrela, pleno bakoitzeko 450 euro kobratuko dituzte, informazio batzorde bakoitzeko 375 euro, eta gobernu batzorde bakoitzeko 250 euro. Eta, urteko diru-sarrerak mugatuko dituzte, zinegotzien erantzukizunaren arabera: 2-5 alkateordeek (Maite Katxorro, Iker Lopez, Laura Casado eta Victor Moreno) gehienez 7.600 euro irabaziko dituzte urtean (633,33 euro hilero), Jose Manuel Pereiro eta Joshua Miravalles zinegotzi delegatuek 6.600 euro (gehienez 550 euro hilero), Ana Isasi, Ina Bermudez, Zuriñe de la Horra eta Diego Sanchez zinegotzi delegatuek 4.200 euro (gehienez 350 euro hilero), eta zinegotzia kargua dutenek gehienez ere urtean 1.500 euro (125 euro hilero).

Era berean, oposizioko udal taldeei bideratu beharreko diru-laguntzak aurreko legegintzaldiko berak izango dira: talde bakoitzeko 352,04 euro hilero, eta 140,08 euro hilero zinegotzi bakoitzeko.

Udalaren antolaketa

Uztailaren 3an egindako osoko bilkuran, besteak beste, honakoa onartu zuten, LVPren gehiengoarekin: bi politikari liberatuta egotea (Loren Oliva alkatea eta Miguel Herrero lehen alkateordea) eta Informazio Batzorde bakarra mantentzea. “Informazio Batzorde Iraunkorrak herritarrentzat irekia izaten jarraituko du eta bi hilabeterik behin bilduko da osoko bilkura aurretik”, dio Loren Oliva alkateak.

Udalaren antolakuntza funtzionala hiru lantaldetan banatu dute: Hirigintza, Herritarrentzako Segurtasuna eta Ingurumena; Arlo Soziokulturala; eta Gizarte-ongizatea, Enplegua eta Formazioa. Miguel Herrero, Iker Lopez eta Loren Oliva izango dira, hurrenez hurren, lantalde horien koordinatzaileak.

Berrikuntza bezala, Arlo Soziokulturalaren barruan Familiari zuzendutako zinegotzigoa eratu dute: “Herritarren eskaria izan da, batez ere, kide ugariko familiena. Tasak, diru-laguntzak edota Etxebarrin antolatzen diren ekintzak modu zuzenean informatzeko balioko du zinegotzigo berri horrek”, dio Olivak. Iker Lopez izango da zinegotzia.

Zinegotziak eta euren erantzukizunak

1. Hirigintza, Herritarren Segurtasuna eta Ingurumena
Koordinatzailea: Miguel Herrero
Hirigintza, Lanak eta Zerbitzuak: Miguel Herrero (1. Alkateordea)
Herritarren Segurtasuna, bide publikoa eta Osasun Publikoa: Victor Moreno (5. Alkateordea)
Ingurumena: Ana Isasi (zinegotzi delegatua)
Udal Eraikinen eta Instalazioen Mantenimendua: Ina Bermudez (zinegotzi delegatua)

2. Arlo Soziokulturala
Koordinatzailea: Iker Lopez
Kultura, Haurtzaroa eta Gazteria: Maite Katxorro (2. Alkateordea)
Hezkuntza, Euskara eta Familia: Iker Lopez (3. Alkateordea)
Kirola eta Liburutegi Zerbitzuak: Jose Manuel Pereiro (zinegotzi delegatua)
Jaiak, Komunikazioak, IKT, Parte-hartzea eta Elkarbizitza: Joshua Miravalles (zinegotzi delegatua)

3. Gizarte-ongizatea, Enplegua eta Formazioa
Koordinatzailea: Loren Oliva
Gizarte-ongizatea eta Genero Berdintasuna: Laura Casado (4. Alkateordea)
Hirugarren Adina, Kontsumoa, Osasuna eta Garapenari Lankidetza: Zuriñe de la Horra (zinegotzi delegatua)
CIME, Enplegua, Enpresa, Formazioa eta Merkataritza: Diego Sanchez (zinegotzi delegatua)

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak