→Etxebarri

Zergak izoztea eta tasetan aldaketa txikiak egitea proposatzen du Etxebarriko udal gobernu taldeak

2019ko zergak zehazteko prozesu parte-hartzailea hasi du Udalak. Urriaren 1a izango da ekarpenak jasotzeko azken eguna, hilaren 2ko udalbatzan eztabaidatzeko

2019an aplikatu beharreko tasak eta zergak zehazteko prozesu parte-hartzailea zabalduko du Udalak bihar. Herritarrek ekarpenak eta iradokizunak bidali ahal izango dituzte urriaren 1era arte, eta ondoren udalbatzak gaia eztabaidatuko du urriaren 2ko osoko bilkuran. Proposamenak bidaltzeko etxebarritarrek hiru bide dituzte: Herritarren Arretarako Zerbitzura (HAZ) gerturatuz edo 944 267 000 telefonora deituz (astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:00etara), edo haz@etxebarri.eus helbide elektronikora idatziz.

Udal gobernu taldeak jainarazi duenez, zergak bere horretan mantentzea eta tasetan aldaketa txikiak egitea aurreikusten du. “Azken albisteen arabera diru-bilketa eta ekonomia hobetu egin dira. Hori dela eta, udal zerbitzuak mantendu ahal izateko etxebarritarrei esfortzu gehiagorik egitea ez da beharrezkoa izango”, diote udal gobernu taldetik. Modu horretan, izoztuta geratuko lirateke OHZ, Ibilgailuen zergak, eraikitze eta lanen zerga eta irekiera lizentziak.

Tasetan aldaketak

Tasei dagokienez, zaborra, estolderia, EtxebarriBus zerbitzua, TAO, Etxeko Laguntza, Kultur Zerbitzuak eta Euskaltegiko tasak ia bere horretan geratuko lirateke, “aldaketa txikiak eginez”. “Aldaketa nagusiena Kiroldegiko tasetan egitea proposatzen dugu, aurreko igerilekuen eta balioaniztun gelen eraikinaren estalduraren ordezkatze-lanek baldintzatuta”, diote. Hain zuzen ere, teknikariek adierazi dutenez, igerilekuen eta balioaniztun gelen klimatizazioa aldatu egin behar da, berau hobetu asmoz, zaharkitua gelditu delako (1995ean ezarri zen).

Abuztuko KPI-aren (%2,2) bidezko tasen eguneraketa egin arren, urteko abonatuek iaz baino %8 gutxiago ordainduko dute konpentsazio hori dela-eta. Udalerrian errodatutako urteko abonatuentzat bigarren beherapen jarraia izango da: 2018an %10 eta 2019an %8.

Bestetik, Arlo Soziokulturalak proposatutako hobariak mantendu egingo dituzte, “2018an izan zuten harrera ona ikusita”, diote. “Proposamen honek orokortu egiten dizkie laguntzak familia ugariei, familia gurasobakarrei eta DSBE edo GLL (Gizarte-larrialdietarako laguntzak), errenta estandarizatuen balioak kontuan hartuz laguntza hauetarako. Azken hau Hirukidek babesten duen irizpidea da”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak