→Etxebarri

Obren gaineko zerga murriztuko dute Etxebarrin, denda berriak irekitzen laguntzeko

Zerga orokorrak izoztea eta tasetan aldaketa txikiak egitea onartu du Etxebarriko Udalak. Arlo Soziokulturalak proposatutako hobariak ere mantenduko dituzte

Etxebarriko udalbatzak 2019 ekitaldiko zergen eta tasen moldaketak onartu ditu urriko osoko bilkuran, LVP taldearen aldeko botoekin eta EH Bilduren, EAJren eta PSEren abstentzioarekin. Berrikuntza nagusiak dira: zerga orokorrak izoztuko dituztela, obren gaineko zerga murriztuko dutela merkatal-lokalak martxan jartzeko, eta kiroldegiko abonuan konpentsazioak egongo direla aurreko igerilekuen eraikinaren estalduraren ordezkapenengatik.

Alde batetik, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), Ibilgailuen zergak, irekiera lizentziak edota gainbalioak izoztu egingo ditu Udalak datorren urtean. Bestetik, hirigunean kokatzen diren merkatal-lokaleterako Eraikuntzen eta Obren gaineko Zergak beherapena izango du. Obren aurrekontuaren %5 suposatzen duen zerga hau %1ekoa izango da 100 metro karratu baino gutxiagoko lokalentzat,  %2koa 200 metro karratu baino gutxiagoko lokalentzat eta %3koa 300 metro karratu baino gutxiagoko lokalentzat. “Lokalak berritzea eta denda berriak martxan jartzeaz gain, obrak oztopo ez izatea da helburua”, diote udal ordezkariek.

Tasei dagokienez, zaborra, estolderia, EtxebarriBus zerbitzua, TAOa, Etxeko Laguntza eta Kultur Zerbitzuak bere horretan mantenduko dituzte. Aldaketa nagusiena udal kiroldegiko tasetan gertatzen da, aurreko igerilekuen eta balioaniztun gelen eraikinaren estalduraren ordezkatze-lanek baldintzatuta. Hain zuzen ere, teknikarien arabera, igerilekuen eta balioaniztun gelen klimatizazioa hobetu eta hortaz aldatu egin behar da (1995ean ezarri zen) eta horretarako itxi egin beharko dituzte bai igerilekuak bai gela balioaniztunak. Aurreikuspenen arabera, 2019ko abuztu aldera egingo dituzte obrak. “Itxiera honengatik urteko eta denboraldiko abonuak orekatu egin behar ditugu”, diote udal ordezkariek.

Abuztuko KPI-aren (%2,2) bidezko tasen eguneraketa egin arren, urteko abonatuek iaz baino %8 gutxiago ordainduko dute konpentsazio hori dela-eta. Udalerrian errodatutako urteko abonatuentzat bigarren beherapen jarraia izango da: 2018an %10 eta 2019an %8.

Bestetik, Arlo Soziokulturalak proposatutako hobariak mantendu egingo dituzte, “2018an izan zuten harrera ona ikusita”, diote. “Proposamen honek orokortu egiten dizkie laguntzak familia ugariei, familia gurasobakarrei eta DSBE edo GLL (Gizarte-larrialdietarako laguntzak), errenta estandarizatuen balioak kontuan hartuz laguntza hauetarako. Azken hau Hirukidek babesten duen irizpidea da”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak