→Etxebarri

Etxebarri inklusiboagoa egiteko Gu Gara Youtubers proiektua jarri dute martxan

etxebarri gu gara etxebarriko youtubers 2018 aurkezpena

Gu Gara Etxebarriko Youtubers proiektua martxan jarri dute Udalak eta EHUko ikertzaileek elkarlanean. Maiatzean zehar hiru erronka betetzean datza ekimenak.

Gu Gara Etxebarriko Youtubers proiektuaren bultzatzaileak // Geuria

Adin, jatorri, belaunaldi eta egoera sozial ezberdinetako jendearen esperientziak jasotzea, Etxebarri inklusiboagoa irudikatzeko proposamenak egitea denok lekuren bat izateko, gustura sentiarazteko eta jende ezberdinekin harremantzeko, eta Etxebarriko herriak elkarrekin lan egiteko dituen ahalmenak erakustea bilatu nahi du Gu Gara Etxebarriko Youtubers proiektuak.

Proiektuaren ardatz nagusia maiatzean zehar hiru erronka betetzean datza. Lehen erronka maiatzaren 6ra bitartean gauzatzekoa izango da eta parte-hartzaileen artean mezu bat sortu behar dute, bakoitzak mezuaren zati bat adierazten duen paper bat eskuetan duela. Esaterako mezuak honakoak izan daitezke: Gu gara Etxebarri, Etxebarri irribarre, Guztiok bat Etxebarri, edo Etxebarri bihotzean. Taldeak mezua sortzen duenean argazki bat atera beharko du.

Bigarren erronka maiatzaren 7tik 13ra bitartean burutuko da. Azken urteotan Etxebarrin asko aldatu diren eta esanguratsuak diren lekuetara joan beharko dute parte-hartzaileek. Erronka hau aurrera eramateko belaunaldi ezberdinetako pertsonak elkartu behar dira eta honako galdera honi erantzun beharko diote: ‘Zer esan nahi du leku honek zuretzat?’. Erronka hau bideoz grabatu beharko dute partaideek.

Hirugarren erronka maiatzaren 14tik 20ra artean egitekoa da. Etxebarriko leku ezberdinetan jarriko dituzten paneletako batean mezu bat idatziko dute partaideek gai honen inguruan: ‘Nola lortu etorkizun hobeagoa Etxebarrin, pertsona guztiak gustura sentitu daitezen’. Mezua behin idatzita, parte-hartzaileek selfie bat egin beharko dute mezuaren ondoan.

Erronka eta proiektu honetan parte hartu nahi duenak izena eman behar du apirilaren 18tik maiatzaren 20ra bitartean. Horretarako bi modu daude: leku publikoetan edo etxeetan herritarrek jasoko dituzten izen-emate orriak bete eta Kukullaga eskolan, Talkan, Tarrastan edo CIMEn entregatuz; edo esteka honetako fitxa betez. Behin erronkak eginda, argazkia edo bideoa 688 675 974 telefono zenbakira bidali behar dira, Whatsapp bidez. Mezuan izenburu bat eta parte hartzaileen izen-abizenak ere zehaztuko dituzte parte-hartzaileek. Ondoren, proiekturako sortuko dituzten sare sozialetan publikatuko dituzte erronkak.

EHUrekin elkarlanean

Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) elkarlanean Udalak martxan jarri du proiektua. EHUko 10 ikertzailek parte hartuko dute eta herritarren partaidetza zabala bilatu nahi du. Batzorde Giza hezitzailearen eta Etxebarriko Udalaren babesa du Gu Gara Etxebarriko Youtubers proiektuak eta anitza den lan talde batek diseinatu du. Talde honetan 12 eta 13 urte arteko gazteek parte hartu dute (Paula Anton, Lander Lopez eta Anne Martinez), EHUko ikerketa taldeko kide batzuekin batera (aurkezpenean izan ziren Nekane Beloki eta Begoña Martinez), baita elkarte eta erakunde ezberdinetako ordezkariek ere (besteak beste, Talka eta Mugarri Gazteguneak, Kukullaga eskola, Tarrasta edota Jubilatuen Etxea).

Gu Gara proiektua 2017an aurkeztu zuten Etxebarrin, eta udalerriko memoria historikoa galdu ez zedin sortu zuten. Orduan, pertsona helduek lehenagoko bizimodua nolako zen azaldu zuten, eta bide batez, elkarlanaren ondorioz Etxebarriko bizitza kalitatea nola hobetu zen ere adierazi zuten. Etxebarriko Youtubers proiektu honek, Gu Gara proiektuari jarraipena eman nahi dio, ideia berriak plazaratuz eta pertsona gazteen parte hartzea sustatuz.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|