→Etxebarri

Ume saharrarak udan harreran hartzeko Oporrak Bakean egitasmoa bultzatu du Munduaz Blaik

Udan ume sahararrak harreran hartzeko familien bila ari da Munduaz Blai Elkartea. Etxebarriko familiez gain, Hego Uribe eskualdekoek ere izena eman dezakete.

2015ean Oporrak Bakean programaren bitartez etorritako ume sahararrei ongi etorria // Argazkia: Geuria

Udan ume sahararrak harreran hartzeko familien bila ari da Munduaz Blai Elkartea. Etxebarriko familiez gain, Hego Uribe eskualdekoek ere izena eman dezakete

Aurreko urteetan egin bezala, aurten ere Oporrak Bakean egitasmoa hedatuko du Munduaz Blai Elkarteak Etxebarrin eta Hego Uribe eskualdean. Euskal Fondoak, Euskadiko saharar delegazioak eta Sahararen alde lanean ari diren elkarteek antolatuta, aurten ere hainbat haur saharar ekarriko dituzte udan Euskal Herrira. Programaren helburu orokorra da bi hilabetez 10 eta 12 urte bitarteko haurrak saharar errefuxiatu kanpamentuetatik ateratzea eta euskal familiekin uda igarotzea, eta bide batez, desertuan udako bi hilabete horietan pairatzen dituzten tenperatura altuetatik babestea. “Egonaldi horietan umeek basamortuko egoera latzetatik ihes egiten dute eta hazten ari diren garai horretan elikadura egokia jasotzen dute, mediku-azterketak egiten dituzte eta euskal eta saharar kulturen arteko lotura egiten dute”, diote Munduaz Blai Elkartetik: “Azken batean, saharar haurrek esperientzia berri bat bizitzeko aukera dute Oporrak Bakean programari esker”.

Munduaz Blai Elkartetik diotenez, azken urteetan harrera familiek beherakada nabarmena izan dute, “eta egoera horri buelta ematea da helburua”, diote.

56.000 haur kanpamenduetan

Hego Uribe eskualdean Munduaz Blai Elkarteak bideratuko du harrera familien hautaketa eta informazioa jaso nahi izatekotan, hurrengo hauek dira bideak: munduazblai@gmail.com helbide elektronikora idatziz edo 662 963 024 telefono zenbakira deituz.

Gaur egun Saharako errefuxiatuen kanpamentuetan hamalau urtetik beherako 56.000 haur bizi dira, “eta % 30ak hazkunde gabezia du, klima gogorra eta elikadura baldintzen ondorioz”, diote Munduaz Blaitik: “Herri sahararrak 40 urte baino gehiago daramatza errefuxiatu kanpamentuetan bizirauten, munduko basamortu gogorrenetakoan, beraien lurraldera itzuli ezinik, eta baldintza oso kaxkarretan”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak