→Arrigorriaga

Euskararen zaporeak gozatzeko eguna

Helburu nagusi bera dute antolatutako ekimen guztiek: euskal hiztunak batzea eta motibatzea. Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, Hego Uribe eskualdean hainbat ekintza antolatu dituzte.

Abenduaren 3an, Euskararen Na­zioarteko Egunean, Hego Uribeko udalerriek ekintza mordoa antolatu dituzte euskal hiztunak motibatzeko helburuarekin.

Euskararen zaporeak” ekimena prestatu du Basaurin Udalaren Euska­ra Sailak. Jarduera horren bidez herri­tarrek euskararekin duten harremana jaso eta herritarren ahoan jarriko du: “Horretarako, txiklea erabiliko dugu. Txiklea ahoan sartu eta euskarari zein zapore hartzen dioten adierazi­ko dute herritarrek”. Karpa bat jarri­ko dute Begoñako Andra Mari kalean 11:00etatik 13:00etara eta 17:00eta­tik 20:00etara. Bertan txikle makina eta photocall bat egongo dira. Txikle makinatik bolatxo bat atera, photoca­llean jarri eta kamara aurrean euska­rak sentiarazten diena transmitituko dute parte-hartzaileek, banaka, biko­teka zein taldeka. Euria bada, Ibaiga­ne Kultur Etxeko aterpean izango da. Bertaratu ezin dutenek Udaleko web gunetik photocallaren irudia deskar­ga dezakete eta bideoa etxean graba­tu. Bideo guztiekin muntaia egin eta sarean eskegiko du Udalak.

Era berean, Basauriko eraikin publikoek –hala nola, Marienea, Kultur eta Gi­zarte Etxeak eta kiroldegiak- euren itxura aldatu dute eta pankartak jarri dituzte “Euskaraz bizi gura dot” leloarekin. Udalak eskolei eskai­niko die lema formatu ezberdinetan, ikasleek txapak edo kartelak egin eta Euskararen Eguneko ospakizunetan erabil ditzaten.

Arrigorriagako Lehen Hezkuntza­ko ikasleek, adibidez, azaroaren 27 eta 28an “Zuztarretatik ahora” eta “Hitzetan blai” tailerretan parte har­tuko dute. Institutuko ikasleek “Er­daldun berrien kluba” eta “Jauzi hi­rukoitza” antzezlanak ikusiko dituzte Lonbo aretoan abenduaren 1ean eta 2an, hurrenez hurren. Abenduaren 3an, “Joko Aut” lana antzeztuko dute Lonbo aretoan.

Etxebarriko Euskara Zerbitzuak, herriko elkarte batzuen laguntzarekin, gazteei zuzendutako kirolak, tailerrak eta jolasak antolatu ditu herriko fron­toian hilaren 3rako: 17:00etan herri kirolak eta txapak egiteko tailerra, 18:30ean “Berbaprobak” jolasa eta ordu erdi geroago Zumba dantza ae­robikoa. Eguna amaitzeko, 19:30ean txokolatada eta mintxodromoa.

Hilaren 3an egun handia biziko dute Galdakaon. 10:30ean Berbodro­moa egingo dute Urreta kiroldegian eta 11:00etan Flashmoba Kurtzeko plazan; arratsaldez, 17:00etan Fut­bol-erakustaldia Kurtzeko plazan, ordu berean Usansoloko Unkina pla­zan umeentzako jolasak, tailerrak eta muralak, 18:30ean kalejira Musika Eskolarekin, eta 18:30ean ekitaldi na­gusia Gandasegiko arkupean. Musika Eskolako Diskapazitatuak, Andra Mari Dantza taldea eta Zaletasuna abes­batza izango dira bertan eta Lanbide, Galdakao futbol-eskola eta Umore Ona omenduko dituzte euskararen erabilera indartzeagatik. Ondoren, txokolatada eta 19:30etik aurrera dis­ko festa Oihan Vega DJaren eskutik.

Gora