Gutunak

Euskaraz biziko gara

Azken hilabeteotan euska­raren normalizazioari eta hizkuntza-politikei eragi­ten dien esku-hartze desberdinak ezagutu ditugu. Ez da gai berria, baina azken aldian nahikoa modu agerikoan gertatzen ari dela esan dezakegu. Frantziako Gobernuko or­dezkari Patrick Dallennes eta Espai­niako Gobernuak EAEn duen ordez­kari Carlos Urkixo gelditu gabe ari dira euskaraz bizitzeko nahia egikaritzeko hainbat administra­zio hartzen ari diren urratsak zapuzteko. Nafarroako kasuan ere, Nafarroako Go­bernuaren bitartez Baztanen izan dugu adibidea.

Carlos Urkixo orain dela hilabe­te batzuk hasi zen zenbait udalen zein Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurka­ko neurriak hartzen. Aldi berean, Patrick Dallennes-ek Hen­daiako ikastola laguntzeko Herriko Etxeak hartutako erabakiaren kon­tra egin zuen lehenik, eta ondoren, Uztaritzeko Herriko Etxeak euskara ofizial izendatu izana salatu. Bada, azken egunotan eraso berriak egin dituzte bi estatuek. Orain dela egun batzuk Paueko Administrazio Auzi­tegiak atzera bota du Uztaritzeko Herriko Etxeak euskara ofizial izen­datzeko erabakia. Urkixok, bere al­detik, UEMAn dauden 15 udalen aurkako helegiteak jarri ditu estatu espainiarreko gobernu ordezkari­tzara aktak euskaraz bidaltzeagatik. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren euskara plana ere auzitara eraman du. Nafarroako gobernuak, berriz, Baztango euskara planari helegitea jarri dio.

Erantzule nagusiak horiek ba­dira ere, erantzukizuna partekatua da. Herri honetan ardura politikoa duten guztiek dute afera honetan erantzukizun maila bat.

Kasu hauek agerian uzten dute gaur gaurkoz euskaldunoi ukatu egi­ten zaigula guk nahi eta behar dugun hizkuntza -politika egiteko eskubidea.

Egoera ho­nen aurrean, he­legiteak jaso di­tuzten udaletako arduradunek eu­ren jarrera argi azaldu dute eta hartutako eraba­kia irmotasunez defendatu dute, aurrera jarraitze­ko determina­zioa erakutsiz. Ez dute euren erabakian atze­ra egingo. Oz­topoak oztopo, euskaraz bizitzeko erabakiari eutsi diote.

Arduradun politiko hauek hartu duten erabakia txalogarria da Ba­sauriko euskalgintzan aritzen gare­non iritzian. Hain zuzen ere, otsai­laren 28an Donostian Kontseiluak deitu zuen mobilizazioarekin, gure hizkuntza-politikak gauzatzen uz­ten ez diguten guztien jarrera sa­latzearekin batera, aurrera egiteko erabakia hartu duten horien jarrera txalotu eta eskertu genuen. Eta gai­nerako instituzioek ere, hauek abia­tutako bidea jarrai dezaten animatu nahi ditugu, gero eta gehiago izan daitezen.

 

BASAURIKO EUSKALGINTZA
Euskarabila, AEK Bolintxu eta Enrike Jaio Elkarteak

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak